Zinea  IV. urtea // 125. zenbakia

Ninette


José Luis Garci beste behin be egin dau zanga antzerkiaren mundura. Oraingoan komedia mueta honek behar dauen ikuspegi erromantiko eta barregarritik oratu deutso lanari. 'Ninette' Mihuraren obra biren moldaketa eta egokitzapen lana da, Mihurak bere gustoko personaia bati eskainia, Lafayette galerietan behar egiten dauen neska burutsu, barregarri, berezko eta erakargarriari, hatan be.

Komedia gozo honetan, Garcik ostera be frogatu deusku pelikulak apaintzeko beharrean ez daukala parekorik. Filma girotzeko egindako lana bikaina da. Bestalde, gidoia abilezia handiagaz egokitzeko gauza izan dira eta, horri esker, pelikuleak, nahiko erritmo egokiari eusteaz ganera, ondo egituraturiko alkarrizketa burutsuak opesten dauz.

Era berean, antzezleen jarduna maila onekoa izan da. Carlos Hipólitok eta bigarren mailako aktoreek (Enrique Villén, Beatriz Carvajal...) ezin hobeto jardun dabe eta Elsa Pataky-k harritu be egin gaitu, antzezteko daukan gaitasuna sarritan imini dalako kolokan, batez be telebistako serie ospetsu batean betetako azken beharren ostean. Oraingoan, behinik behin, maileari eusteko gauza izan da, eta ez bakarrik antzezpen mueta hau betetako beharrezkoak diran beste doe batzuk daukazalako.

Azken batean, komedia dibertigarri eta erromantikoa, unekada batzuetan lar luzatu eta indarge agertzen dana, baina berehala bizkortzen dana. Garcik, ganera, beste gauza bat jadetsi dau: daborduko Elsa Pataky-ren mito erotiko barria sortu dau.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: José Luis Garci.
- Herrialdea: Espainia
- Iraupena 120 minutu
- Antzezleak: Elsa Pataky (Ninette), Carlos Hipólito (Andrés), Enrique Villén (Armando), Beatriz Carvajal (Bernarda), Fernando Delgado, Mar Regueras, Miguel Rellán.
- Gidoia: José Luis Garci eta Horacio Valcárcel, Miguel Mihuraren “Ninette y un señor de Murcia” eta “Ninette, modas de París” obretan oinarrituz
- Argazkia: Raúl Pérez Cubero.
- Muntaia: Miguel González Sinde.