Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 125. zenbakia

Londresek ‘jokabide onartuezinen zerrendea’ kaleratu barri dau


Kontraesanak legedian

Edozelan be, deportazinoak bideratzeko, Erresuma Batuko aginpideek arazo legal bati aurre egin behar deutsie. 1971ko inmigrazino legeak segurtasun nazionala arriskuan iminten daben herritarrak erbesteratzeko baimena emoten dau.

Guztiagaz be, Erresuma Batuak Giza Eskubideen ganeko Europar Hitzarmena eta Torturearen kontrako Nazinoarteko Hitzarmena sinatu dauz. Azken bien arabera, ezin erbesteratu leitekez pertsona horreek, euren jatorrizko lurraldean torturak izateko arriskurik egon ezkero.

Ahots kritikoak

Tortura gaietarako NBEk daukan errelatoreak, Manfred Nowak-ek, deportazinoaren neurri hau krikau eban aurreko astean; izan be, persona horreetariko asko giza eskubideak babesteko nazinoarteko arauak errespetetan ez dabezan herrialdeetara kanporatu behar izango dabez. Londresek hainbat itun negozietan dihardu hainbat estadugaz, baina momentuz Jordaniaren bermeak baino ez dabez jaso.

Gareth Crossman-ek, Liberty-ko bozeroaileak, adierazo eban 'terroristak lekualdatu beharrean epaitu behar dirala'. Giza eskubideen aldeko Batzorde Islamikoak, bestalde, oso kezkagarritzat jo dau. 'Pentsamentua, kontzientzia eta sinismenak kriminalizetako bide bat da' esan eban erakundeko buruak, Massoud Shadjareh-ek.

Londresko atentaduak izan diranetik, gauza asko hasi dira kolokan iminten, esate baterako jokabide hutsetan hartuko diran erbesteratze aginduak. Dana dala, muturreko jokabideak ebitetako beharrezkoak diren beste neurri batzuen inguruan ez da hainbeste berba egiten, esate baterako herrialde anglosaxoniarretan hain ohikoa izaten dan “kultur aniztasuna” onartzeko gizarte ereduaren ganean. Edo Frantzian jatorri arabiarreko personek jasaten daben bazterkeriaren ganean.

Bien bitartean, Londresen, Parisen, Berlinen edo Bilbon fundamentalismoa zabaltzen doa gazte musulmanen artean, nortasuna emoten deutsen ikur modura. Eta daborduko, Sobiet Batasuna desegin zanetik, Mendebaldea mehatxatzen dauen arerio globala sortu da: terrorismoa.

Begiluzea

Garagarrilaren 7 eta 21eko atentaduek munduari erakutsi eutsien fundamentalismo islamikoaren aldekoak ez dirala bakarrik Karatxin edo Yedan jaiotakoak. Momentu horretatik aurrera argi geratu zan Britainia Handian jaio, hazi eta hezitako herritarrak euren jaioterriko gizarte zibilaren kontrako atentadu oldoltsuak egiteko gauza zirala, erlijinoaren izenean.

Atentaduek izua eragin eben. Hori dala eta, arauak aldatu egingo zirala iragarri eban Blairren gobernuak eta Charles Clarke Barne ministroak legea berrikusi behar zala, eta, beraz, terrorismoa bultzatzen daben herritar ez britainiarrak erbesteratzeko ahalmena aztertuko ebela iragarri eban. Horren bitartez, Tony Blair-ek gorrotoa zabaltzen diharduen atzerritarrei heldu eragin gura deutsen mezua oso argia da: 'You are not welcome in the UK'.

Erresuma Batuko Barne Ministroak segurtasun nazionalerako zeharkako mehatxuak diran 'jokabide onartuezinen zerrendea' aurkeztu barri dau. BBCren arabera, terrorismoa eragitea edo goraipatzean oinarritzen da zerrendea. Halanda ze, herrialdetik erbesteratu ahal izango dabez 'sinesmenak denfendiduteko terrorismoa bultzatu edo goraipatzen daben edo beste persona batzuk ekintza terroristak egiteko konbentzidu gura daben atzerritarrak'.

Clarkek bere boterea martxan imini eban Omar Bakri Mohamed kleriko erradikala Libanora bialtzeko. Hurrengo helburua Mohamed al Massari deportatzea da. Azken horrek daukan web gunean Iraken dagozan soldadu britainiarren kontrako atentaduen irudiak ikusi daitekez.