Bernardo Atxaga: 'literatura erregionala egiten dodala esatea gustetan jat'
Bizkaie!
'Obabakoak' liburu ospetsuaren egilea dan Bernardo Atxagak idazle euskaldunak EHUren Udako Ikastaroko bigarren eta azken jardunaldian parte hartu dau 'Obaba izeneko unibertsoa' ikastaroan.
'Obabako mapak eta beste mapa batzuk' izenburupean, tradizino akademikoan geografia literarioaz ezagutzen dan begiradaz baliatu dala bere lanaren inguruan zenbait hausnarketa burutzeko jakinarazo dau egile gipuzkoarrak.
Bernardo Atxagaren eretxiz, liburu bat batasun dramatiko bat da: sistema bat. Liburuetan dana dago hartu-emonetan berbakaz. 'Mallarme-k esaten eban lez, poemak ideiakaz baino gehiago berbakaz egiten dira', azaldu dau Atxagak.
Halan da be, idazlea morala dala, bere gizarteaz hitz egiten dauela, mundu barriak sortzen dituala eta horretarako ezinbestekotzat joten dauela, Atxagak behinik behin, lekuaren bitartez batasun dramatiko baten sorpena. 'Lekuak dira batasun dramatikoari kodea emoten deutsen elementuetariko batzuk'.
Leku bakotxak lengoaia zehatz bat 'askatzen' dauela dino Atxagak, lekuak lengoaia baldintzatzen dauen neurrian. 'Badira utopikoagoak, badira errealistagoak, lengoaia eta geografiak bat egiten dabelako dramatikotasunaren izenean', Atxagaren esanetan.
Eta horrek irakurlearen papela finkatzen dauela uste dau 'Obabakoak' liburuaren egileak, zinemara Montxo Armendarizek eroango dauen elaberria. 'Irakurleak batasun dramatiko hau, geografia hau, onartzen ez badau ezin izango dau liburua jarraitu', ez dauela amaierara arte irakurriko dino Atxagak.
Jose Saramago idazlearen azken lanak edo 'Behi euskaldun baten memoriak' izeneko lana dira, Atxagaren eretxiz, geografi utopikoaren hurreko adibideak. Dana dala, leku gitxitan topau daitekez geografia honi buruzko aitamenak: Biblian, Tomas Moro-ren Utopian, Platon-en Atlantidan, haur literaturan edota fantasia liburuetan.
'Gizartea burdinazko arotik urten guran dabil, mundu barri baten sortzea betierekoa izan da', azaldu dau Bernardo Atxagak. Beraz, marrazten dan mapa abstraktua, eskematikoa, enblematikoa eta oso zehetasun gitxikoa dala dino Atxagak. Gaineratuz, Diderot-ek inoan moduan, mendebaldarroi literatura mota hau antipatikoa eta arrotza egiten jakula.
Kontuak kontu, geografia errealistagoak deitzen diran horreetara hurreratzea hobetsi dau Atxagak. Stevenson-en altxorraren ugartera bidaia eginaz, far west-en barruratuz eta Faulkner maitatuan amaituz.
Stevenson-i buruz ugartearen urruntasunak sinisgarritasuna zelan baldintzatzen dauen azaltzen saiatu da Atxaga. 'Errealismoa irakurlearen aurreretxitan oinarrituta dago'. Far west-en kasuan, barriz, ingurune sinbolikoek (basamortua, kartzelak, etabar) batasun dramatikoan daben garrantzia azpimarratu gura izan dau. 'Obaban antzeko zeozer egin neban herria basoz inguratuz'.
Eta Faulkner-etik, barriz, 'bizipenetan oinarritutako mapetatik edan izan dot' adierazo dau. 'Lurra eta bizitza erabat nahasten dira Faulkner-en leku sinbolikoetan', esan dau Atxagak.
Azken buruan, Atxagaren idazkerearen ezaugarriez galdetuta, 'literatura erregionala egiten dodala esatea gustetan jat' zehaztu dau egileak.