Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketa Guneak mundu osoko 700 liburutegitan zabaldu ditu lanak
Bizkaie!
Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasketa Guneak hainbat liburu kaleratu ditu aurten eta orain lanok mundu osoko 700 liburutegi eta erakundetara bialtzen ari da, "Eman ta zabal zazu" lelo zaharrari eutsiz. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoari esker abiatu ahal izan dabe, bi erakunde horreek baitira bilduma klasikoaren babesleak.
Euskal gaiei buruzko ikasketa eta ikerketea erraztea eta bultzatzea da Euskal Ikasketa Gunearen helburu nagusienetarikoa, eta, hori egiteko, diru-laguntzino ugari emoten ditu. Lortutako informazinoa ahalik eta jente gehienari helarazo gura deutso ganera; gauzak holan, Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkariagaz alkarlanean, munduko 700 unibersidade, erakunde eta liburutegi biltzen dituan datu-basea eratu dau.
2004ko garagarrilean bialdu ebazan lehenengoz liburuak Euskal Ikasketa Guneak datu-baseko ia 800 erakundeei. Oteizaren idatziak biali ebazan orduan (Oteiza's Selected Writings) eta arrakasta handia lortu ebenez, ekimenagaz jarraitzeko erabagia hartu eben. Inoiz euskal liburuak zabaltzeko egin dan banaketa handiena da egitasmo hori, eta horri esker, munduko edozein lekutan ikertu ahal izango dabez euskal gaiak.
Banatutako azken lanak The Old Law of Bizkaia (Bizkaiko Lege Zaharra) eta An Anthology of Basque short stories (Euskal istorio laburren antologia) izan dira, eta hurrengo banaketetan, Voicing the Moment (Mementuari soinua ipintzen), Empire and Terror (Inperioa eta ikara) eta Learning from the Guggenheim (Guggenheimetik ikasten) lanen txanda izango da. Euskal Ikasketa Guneak kaleratu dituan lanei buruzko informazino gehiago gura izan ezkero, hona hemen Interneteko helbidea: www.basque.unr.edu