Barriketan  IV. urtea // 125. zenbakia

Iker Uriguen: 'aldarrikapenik bako jaiak jai grisak izango litzatekez'

Bilboko Aste Nagusiaren erdialdean atrapau genduan Konpartsen Federazinoko bozeroailea Txomin Barulloren txosnan egunero konpartsen arduradunakaz egiten daben batzarraren ondoren.

Jai herrikoi eta parte-hartzailearen ereduaz, konpartsen zereginez eta, oro har, jaien ganean berba egin gura izan dogu Iker Uriguenegaz eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:

1. Konpartsen Federazinoko bozeroailea izanda, makinatxo bat konpromiso eukiko dozuz eta beharbada, jai giroan sartzeko asti larregi barik ibiliko zara... Zelan sartu zara saltsa honetan?

Bai, egia da. Jai Batzordekook ez dogu asti larregi izaten jai giroan sartzeko baina beti topetan dogu tarteren bat eta, ganera, beste modu baten disfrutetan dira jaiak. Lehen gaueko giroan ibilten ginan baina orain jaiotako beste ordu eta ekitaldi batzuekaz gozetan be ikasi dogu. Saltsea asko gustetan jat, deustuarra naz eta bertako jai batzordean be hainbat urtetan nabil.

Kontuak kontu, Konpartsen Federazinoko bozeroaile izentetea kasualidadea izan zala esango neuke, jai batzordean sartu eta ia berehala izentau ninduelako zeregin horretarako; sasoi haretan ez ei egoan beste euskaldunik eta, ganera, autonomoa nintzanez, nire ordutegia nahiko malgua zan. Daborduko urte bi daroadaz bozeroaile lanetan.

2. Bilboko Aste Nagusiaren jatorrian, 1978an udalak antolatutako ideia lehiaketea eta Txomin Barullok irabazitako proiektua dagoz. Zelakoak izan ziran Francoren osteko momentu hareek?

Frankismoaren urteak gogorrak izan ziran eta kostata hasi ziran gure aurrekoak burua altzetan. Orain dala 30 urte Bilbo hilda egoan abuztuan, uria hutsitu egiten zan eta zezenen feria baino ez zan egiten, herri giroko ekitaldirik ez egoan, ezta karnabalik be.

Zorionez, Udalak Bilboko jaiak herrikoi egiteko ideia lehiaketea abiarazo eban 1978an eta Txomin Barulloren proiektua izan zan irabazlea. Dana dala, jaien jatorrian Zorion Egillorek 77an antolatutako kalejirea be nabarmendu beharko geunke, izan be, modu apalean antolatutako ekitaldia sano arrakastatsua izan zan, gizartean jai-gosea egoala ikusi zan. Berpizkunde kulturala izan zan hori.

3. Aste Nagusia antolatzeko moduetan, azpiegitura, aurrekontu, egitarau eta enparauetan alde handia dago lehenengo edizinoetatik gaur egunekoetara. Kaleko giroaren kaltetan eta ikuskizun eta ekitaldi erraldoien alde, globalizazinoak jan gaituala eta jai herrikoien eredua galtzen gagozala uste dozu?

Orain pare bat urte analisi zehatza egin genduan jai herrikoien aldeko mobimentua indartu edo barriro sortarazoteko eta ikusle pasiboak parte-hartzaile aktibo bihurtzeko ze gure eretxiz globalizazinoak oraindino ez dau osorik jan jai herrikoien eredua. Jaten ari da, hori ez dago ukatzerik, gaur egun ikuskizun erraldoien alde egiteko jokerea dago eta salbuespen batzuk kenduta (Carlinhos Brown-Movistar aurten eta Fito, igazko Aste Nagusian) ganerakoak ez dira lar arrakastsuak izan (Pet Shop Boys, Iggy Pop...).

Akaso, gizartea bera aldatu da, ohitura batzuk aldatu egin dira baina hori ez da txarra, hori bai, norberarenari eusten jakin behar da, geure nortasuna eta kulturea galtzen badoguz azkena izango dalako.

Jai herrikoien eredua galtzen dago eta oso tristea da. Jenteak kontzientzia hartzea nahitaezkoa da. Uriburuen artean, Bilbo azkena da holako ereduari eusten deutsona. Gasteizen txosnak eta Blusak dagoz baina figura desbardinak dira, bakotxak bere alde egiten dau eta ez dago euren arteko hartu-emon larregirik.

4. Jai herrikoi eta parte-hartzaileen alde egin dozue beti baina azken urteotan makinatxu bat tirabira izan dozuez udal taldeagaz. Jaiak politizetako arriskua ete da konpartsei erabagiteko ahalmena murrizteko atxakia?

Atxakia baino ez da. Jakina, gure Herrian dana politizetako ohiturea dago. Jai Batzordean alderdi politikoak be badagoz eta askotan interes politikoen arabera jokatzen da. Federazinoa ez da alderdi politiko bat eta sekula ez dogu ideologia zehatz baten alde egin edo mezu politikorik zabaldu. Jaietarako beren beregi sortutako federazinoa da gurea eta jaia beste modu baten ikusten dogu nahiz eta batzuetan udalagaz bat etorri. Federazinoan 26 konpartsa gara eta bakotxak bere ideologia dauka, hori berez ez da negatiboa. Errespetu guztiagaz aztertzen eta eztabaidatzen doguz talde bakotxaren ekarpenak eta, sarritan udalaren kontra egitea toketan jaku, besteak beste, ez deuskuelako ixten azken erabagietan parte hartzen.

Tirabirak eta eztabaidak, berez, ez dira txarrak, adostasuna lortzen jakin behar da baina eretxi eta ideologia aniztasuna onartuz eta inposaketarik barik.

5. Bilboko Aste Nagusia nork antolatzen dau gaur egun? Zelako indarra dauka Konpartsen Federazinoak antolakuntzan?

Tirabirak tirabira, Bilboko Aste Nagusia Bilboko Udalak eta konpartsek antolatzen dabe, askok eta askok Udalak bakarrik antolatzen dituala pentsau arren. Batzuetan indar handiagoagaz eta beste batzuetan gitxiagogaz, danon ekarpenak kontuan hartuta osotzen da egitaraua. Horrezaz ganera, konpartsek eurek antolatuta, txosnatan be egitarau berezia egoten da (kontzertuak, antzerkia, bertso-bazkariak, bertsotrikikaleak, kalejirak, kirol ekitaldiak...) eta egunero sekulakoa izaten da jentearen erantzuna.


6. Jaietan jai ala jaietan aldarrikapen politiko eta sozialek be euren lekua behar dabela pentsetan dozu?

Jai giroan zentretan gara gu eta jaietan askatasunez jokatu behar da eta jenteak pentsetan dauena, aldarrikapenak, eskabideak jaietan egotea berezkoa eta nahitaezkoa da. Jaietan jai giroa eta aldarrikapenak buztartu daitekezala pentsetan dot, alkarrenganako errespetuan oinarrituta, jakina. Aldarrikapen, eretxi eta ideologia aniztasuna Herri honen isla dira eta hori mugatu edo isildu gura izatea zentzunik bakoa iruditzen jat. Ganera, aldarrikapenik bako jaiak jai grisak izango litzatekez; jaiaren osogaietako batzuk askatasuna eta disgresioa dira.

7. Botelloiaren kulturea zabaldu da gurean. Jai herrikoi eta parte-hartzailearen kalterako izan daiteke?

Ez dakit. Euskal Herrian ez da sekula holakorik egon, kanpotik etorritako ohiturea da eta niri absurdoa iruditzen jat botelloiarena, moda bat dala pentsetan dot eta noz edo noz pasau egingo dala. Edan danok edan dogu baina botelloiaren kultura hori, kalean edatea mozkortzeko helburu bakarragaz ez dot ulertzen. Gazteagoa nintzanean, botelloia ez jakon esaten baina askotan edan dot kalean baina gehienetan kontzertu bat egoalako edo jai giroan gengozalako.

Jai herrikoietan alkohola osogaietako bat izan daiteke baina ez bakarra eta duda barik, botelloia praktiketan dauenaren osasunari egiten deutso kalte gehien eta tabernari eta konpartsa batzuen etekinei baina ez dot uste jai herrikoiak arriskuan dagozanik.

8. Aurten Altza Porrue konpartsa barria sortu da eta Gogorregik federazinotik alde egitea erabagi dau; kontuak kontu, 26 konpartsa dagoz gaur egun. Azken urteotan konpartsa gitxi sortu dira, zergaitik?

Diktadurearen urte luzeen ondoren, Aste Nagusiaren lehen edizinoetan normala be bazan konpartsa asko sortzea eta jente asko hurreratzea. Gogotsu egoan jentea eta mobilizazinoetarako eta beharrerako prest. Gaur egun, barriz, Aste Nagusia ondo sustraituta dago baina erreleboa falta dala esango neuke.

Kontuan hartu behar dan beste gauza bat da konpartsak ez dirala negozioa egiteko sortzen, konpartsek kulturan eta herrian inbertidu behar dabe, jai giroa sortarazoteko helburua euki behar dabe eta, horren harian, konpartsa barria osotzeko baldintzen artean, gitxienez 100 kide izatea eskatzen da.


9. Alkartegintza eta konpromisoak hartzeko jarrerea lehenaldiko kontua dirala pentsetan dozu?

Egia da orain urte batzuetako alkartegintzarako jarrerarik ez dagoala gazteen artean. Arazorik eta ‘marroirik’ ez dau inork gura baina ilusinoagaz eta egiten dozun horretan sinistu ezkero, disfrutau egiten dozu.

Gauzak aldatzeko ilusino faltea eta dana eginda eta burukominik barik gura izatea zabal dabiz gaur egun eta hor dago arazoa. Dana dala, espero daigun ziklikoa izatea hau guztia eta noz edo noz barriro jenteak gehiago parte hartzea eta konpromisoak hartzea.

10. Bilboko Aste Nagusia ala edozein herri txikitako jaiak gurago?

Deustuarra naz, Deusturen independentziaren aldekoa eta Deustuko jaiak maite ditut, nire herriko jaiak onenak dira.

Koldo Isusi Zuazo