Getxo munduko musikez jantziko da irailean, Nazinoarteko XXI. Folk Jaialdian
Bizkaie!
Getxoko urteroko hitzorduan, jatorrizko musikaz gozau ahal izango da, besteak beste, Boban Markovic Orkestar, Sharon Shannon, Malkit Singh, Korrontzi eta Olodum artistakaz.
Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiak 21 urte beteko ditu aurten, irailaren 1etik 4ra bitartean, eta bertan, Boban Markovic, Sharon Shannon, Malkit Singh eta Olodum artistak nagusituko dira. Lau egun horreetan, Bizkaiko herriak hainbat herrialdetatik ekarriko dau musikearen inguruko ikuspegia: Irlanda, India, Brasil, Alemania, Eskozia, Asturias, Gaztela eta Leon eta Euskaditik. Gainera, beste jarduera batzuk be antolatu dabez, besteak beste, Bidezko Merkataritza, Munduko Terraza eta kale-banden desfileak.
Boban Markovic Orchestra taldeak emongo deutse hasierea Getxo Folkeko kontzertu nagusiei. Talde hori Balkanetako ijito-orkestrarik ezagunenetakoa eta ospetsuenetakoa da.
Sharon Shannon folk artista irlandar ezagunaren txandea irailaren 2an izango da. Irlandako jatorrizko musikearen munduan eredu bihurtu da Shannon.
Jaialdiak aurrera egingo dau irailaren 3an Malkit Singh artistearen Indiako musika tradizionalaren eskutik. Indiako nekazarien musikea, Bhangra izenekoa, eta elementu elektronikoagoak nahastetan ditu Getxo Folken lehen aldiz entzungo dan musika indiarrak.
Kontzertu nagusiakaz amaitzeko, bi talde izango dira jaialdian. Batetik, Korrontzi talde euskalduna, trikitilariak omentzeko sortutako proiektua. Bestetik, Olodum brasildar taldea. Olodunen musikan perkusino asko eta erritmo handia erabilten dabe eta kanten berbakaz arrazakeriaren kontrako mezuak zabaltzen dabez.
Arratsaldeko kontzertuei dagokienean, nazinoarte mailan entzute handirik ez baina kalidade handia daben taldeek joko dabe. Aurten, Luetiga (Kantabria), EA eta Ttakunpa (Kadiz-Euskadi) eta Blue Horses (Erresuma Batua) entzuteko aukerea egongo da.
Gau partean, Munduko Terrazak Aira Da Pedra (Gaztela eta Leon), Anabel Santiago (Asturias) eta Xera (Asturias) artisten kontzertuak hartuko ditu.
Umeek be izango dabe aukerea folk musikeagaz disfrutetako, izan be, Oskorri taldeak 'Doktor Do, Re, Mi' ikuskizuna eskainiko dau.
Beste alde batetik, beste herri batzuetako kale-bandek desfileak egingo dabez; aurten, eskoziar gaiten banda bat (British Airways Pipe Band) eta bavariar haize-talde bat (Traktenkapelle) etorriko dira gurera. Azkenik, jaialdian Bidezko Merkatua be egongo da (irailaren 1ean), zenbait GKEgaz lankidetzan. Munduko Merkatua, barriz, abuztuaren 30etik irailaren 4ra arte izango da.