Manu Etxebarria: 'kanpoko ohituren menpean ezin gara bizi'
6. Badatoz Gabonak, Jesusen jaiotza, familia, gabon-gaua, gabon-sua, gabon-eskea..., erosketak, loteria, opor egunak...; gauzak asko aldatu dira?
Goitik behera. Kristo aurretik be eguberri ospatzen zan eta kristinautasunaren aroan sartu ostean, gabon giroko ohituretan ibili gara eta orain gauzak aldatzen, paganizetan doaz; bizitzearen zikloak dira horreek eta ez gara hor sartuko. Ohituretan be gauzak asko aldatu dira, baserri eta itsasoko giroa urira etorri diralako.
7. Zein da gabon-suaren edo gabon-enborraren zentzua?
Ohiturak etxe barruan be asko aldatu dira. Lehen gabon-enborra biztuten zan supazterrean; hori, San Juanetan egiten zan suagaz lotuta dago, solstizio bakotxa marketako. Gabon-egunean biztutako egurraren hautsak gorde egiten ziran, hurrengo urtean soloetan zabaldu eta emoitza onak lortzeko. Hori galdu egin da ze gaur egun beheko surik be ez daukagu eta holakorik ezin egin.
Lehengo ohituretatik geratu jakuz batzuk, esaterako ogi kuzkurrarena: gabon-gauean egiten zan lehenengo ogiari kurutze bat egin, kuskurra ebagi, aitaren egin, musua emon eta mantelpean gorde. Zientziatik kanpo, txakur amorratuaren usikadearen kontra izaten zan hori edo itsasaldean kontetan da, itsasoa baretzeko be egiten zala ogiarena. Beste alde batetik, entzunda daukat gabon-egunean ereiten dan berakatza San Juan egunean atara ezkero, horrek be erremedio bardinerako balio ei dauela.
8. Gabon-gaua berezia izaten zan, besteak beste familia osoa alkartzen zalako. 'Aite Joaniko seme Periko, zer daukak afariteko? orio-aza gozo-gozoa opil beroagaz jateko'. Gaur egun, ostera, sekulako oturuntzak egiten doguz gabon-jai honeetan...
Bai, lehen ohiturea zan seme-alabak ezkontzen joiazan neurrian, gabon egunean aitaren eta amaren etxera joatea eta gabon-otzarea eroatea. Lehengo denporetan, familietan 9-10 seme-alaba ezkonduta egon ezkero, horreek bikoiztu egiten ziran eta seme-alabakaz, atara kontuak, tribu handia etorten zan etxera. Danari jaten emotea ez zan ez bromea izango. Horregaitik, etxera otzarak eroaten ziran apur bat laguntzeko eta danan artean jateko. Gaur egun be egiten dira otzarak baina sentidua beste bat izaten da.
Jateko kontuakaz jarraituz, garizumea eta gabon-eguna bigilia egunak ziran lehen eta ez egoan okelea jaterik, barikuetan buldea pagau ezkero bai ostera. Orduan okelearen lekuan karakolak jaten ziran, tomateagaz bakarrik, ezelako sakramentu barik. Denporeagaz hasi ginan tranpatxu batzuk egiten, solomo eta txorizo zatitxuak sartzen eta abar. Orio-azea, koiperik barik bigilia gordetako, karakolak eta arraina, makailaoa edo besigua be gabon-eguneko jatekoak ziran.
'Aita Joaniko seme Periko, zer daukak afariteko: orio-aza gozo-gozoa opil beroagaz jateko'
8. Olentzero ala erregeak?
Oker ulertutako kontua dago hemen. Olentzeroren historia Barandiaranek aspaldi eukan batuta. Dana dala, Olentzero pertsonaia moduan eta horren promozinoa ikastolak hasi ziranean etorri zan, 70. hamarkadan edo hor inguruan. Olentzero gabon-egunera ekarri da ze ipuinak berak dakar egun horretan agertu zala laino berezi hori eta kixmi. Gero, ezjakintasunagaitik, erregeak erdal kutsurako itxi dira eta Olentzero euskal girorako. Nik neuk 54 urte ditut eta nire denporetan ez dot ezagutu Olentzero erregaluekaz. Hori geroago ezagutu dot. Erregeak eguzkialdekoak dira eta kantu zaharra gogoratzea baino ez dago: Apalazio zaldune...; apalazio hori erderazko aparicion-aparizio-aparazio-apalazio, holan bilakatu da berbea eta horrek esan gura dau abesti hau benetan zaharra dala eta ez dauela zerikusirik gaur egungo Olentzero eta erregeak aurrez aurre ipinteko dagoan jarrereagaz. Gure umeak pozik dagoz biekaz, erregalu piloa hartzen dabelako.
9. Intxaur-saltsea zer dan badakigu baina Intxaurmantxeruak zer dira?
Postrerako intxaur-saltsea eta konpota ziran jaun da jabe. Gu mutikotan intxaurrak hartzen joaten ginan intxaurra hasten zanean bere mintza arranketan; kontua da ze mintz horrek kolorante bat daukala eta lejiak be ez dauela kentzen. Etxean eskuak erakutsita igarri eta agirika egiten euskuen esanaz, intxaur-mantxea ekarten badozu intxaurmantxeruak etorriko dira eta eskuak ebagi egingo deutsuez. Zehatz bildurtuta egoten ginan holakoakaz.
10. 'Natibitate bete-bete, San Esteban txokolate'.
Bai, hori be bai. Gauez bete-bete. Kartetan be luzaroan ibilten ginan eta goizean ohera joan baino lehenago txokolatea hartzen genduan. Holakoetan, familia alkartzen zanez, jente asko egoten zan etxeetan eta txandak egin behar izaten genduzan txokolatea hartzeko.
11. Gabon Zahar egunean aginaldoa eskatzen joaten ziran umeak:
Agilando, agilando
Bizkaitarrak Durangon,
Aingeruak gara,
Zerutik gatoz,
Boltzia badogu,
Eskian gatoz.
Aginaldoa eskatzen urtebarri egunez joaten ginan gu etxerik-etxe; andrari bakarrik eskatzen geuntsen: 'Urtebarri txarri belarri, daukanak ez daukanari, nik ez daukat eta niri ekarri'. Aginaldoa izaten ziran intxaurrak, hurrak eta holakoak, dirurik ez zan emoten normalean.
Errege egunean, barriz, gizonai eskatzen jaken aginaldoa; derrigor kantau behar zan: 'Apalazio zaldune...', kantau ezik emon be ez ebelako egiten. Hori bai mezamutiloi abadeak portikuan egoten ixten euskun urtebarriz eta apalazio egunez eta hori upealako bentajea izaten zan ze besteei baino askozaz gehiago emoten euskuen, dirua ganera.
12. Gabon-jaien inguruko pasadizo bitxiren bat azpimarrauko zeunke?
Gabon Zahar gauean, antza legeak onartu egiten eban astakeri batzuk egitea edo behintzat ez eban hori txartzat ikusten, lizentzia txikiak egozan. Ohiturea zan antza gazteak gauerdian hor zehar joatea eta gurdia balkoitik eskegitea, bedar metak apurtzea, arranak ipini zamatik eskegita eta zaldiak diralakoan solorik solo ibiltea edo holako faenak egitea. Nik uste dot horrek loturea daukala Erromako jai saturnalakaz, han gehiegikeriak eta barrabaskeriak sekulakok baziran be.
13. Urte barriari zer eskatzen deutsazu?
Eskatu gauza asko jakina. Kulturearen bidean eta Barandiaranen esanen harian, nik uste dot gure herri hau zenbat eta kultoagoa izan herri handiagoa izango dana. Hemengoa kanpora zabaltzen eta kanpotik datorrena hartzen jakin behar dogu eta, jakina, gure nortasuna galdu barik. Zabal jokatzea da giltza. Hizkuntzatik hasita, gu zeozerk egin gaitu euskaldun eta gerora be indarrak alkartu behar doguz.
Koldo Isusi Zuazo
Euskal filologian doktorea, Euskaltzaindiakoa, irakaslea, idazlea, Bizkaie! Aldizkariko kolaboratzailea, Etniker taldeko kidea. Azken urteotan hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu eta beti dago gazteekaz hartu-emonetan, izan be eskolak emoten ditu Deustuko Unibersidadean eta Bilboko Instituto Zentralean (Katedratikua da berton, lehenengoa Azkue izan zan). Esaera zaharrak, ipuinak eta antxinako ohiturak etnografia ikuspegitik aztertu eta horreen guztien balioa azpimarratu dau sarri, antxinako kontuei, kultureari uko egiten deutson herria galduta dagoalakoan.
1. Irakasle zaitugu urteotan baina ikasleek eurek be gauza asko erakutsiko eutsuen seguru?
Bai. Egia esateko ni beti nago ikasten, etxean hasita, herrian, irakasleakandik baina duda barik ikasleakandik be bai ze nire ohiturea da eskoletan be ikaslea herrira bideratu eta martxan ipini nik neuk egiten dodana hareek be hasi daitezan egiten gaztetatik; bidebatez, ikasleen euren datuak edo informazinoak klasean aztertu be egiten doguz eta ikaskera prozesua oso aberatsa da. Sarritan, ikerketa lanetan ikasleak izan dira nire informanteak eta beste batzuetan niri egin deustiez grabazinoak. Hori bai, Barandiaranek beti esaten euskun iturria aitatzeko eta holan egiten dot beti, bakotxari berea emon behar jakolako eta, horren bitartez zientziak berak be irabazten dauelako.
2. Gure gizarteak abiada handia daroa eta atzera begiratzeko asti barik gabilz zehatz estresauta. Balore historiko eta kulturalik bako gizartea eregiten gagozala pentsetan dozu?
Hori da nik ikusten dodan peligrua. Nik pentsetan dot gaurra lehenak egin dauela eta geroa gaurrak egin behar dauela. Badakit, abiada honetan, aurrerapideak eta saltoak handiak dira baina bizitzako gauza elementalak ez doaz hain arin; gaur egun, hiru belaunaldi bizi gara batera etxean eta hor nahitaez transmisino kulturala dago. Gure seme-alabek musikarik modernoena entzuten dabe baina aitita-amomen antxinako kontuekaz be asko disfrutetan dabe; ez dago bata bestearen kontra ezer. Arriskua da lehengoak ez dauela balio pentsetea eta dana dala modernoa. Datorren guztia hartu baina lehengoa baztertu barik, horixe da bidea. Gure nortasuna ez dogu galdu behar.
3. Barandiaren handiak esaten eban kulturea ulertzeko bizi egin behar dala. Zeozer gehituko zeunke?
Hori egia da. Barandiaranek kontau euskun berari Leipzigeko Unibersidadean zer pasau jakon; antropologia, etnografia eta bestelako kontu batzuk ikasten egoan bertan eta Wundt irakasleak esan ei eutson Euskal Herria aztertu gura izan ezkero, onena bertara joatea zala; metodoak eta teoria ikastea ez datorrela txarto baina lekuan bertan egin behar dala lan. Jose Mielek guri esaten euskun berak holan egin ebala eta horixe dala bidea. Beraz, nire ikerketa behar guztiak holan bideratu dodaz, berbarako euskerearen arloan, nik gehien ezagutzen dodan euskerearen ganean egin neban tesia be, Zeberioko euskerearen ganean; duda barik, bakotxak bere hurrekoa landu eta bizi behar dau. Kanpoko ohituren menpean ezin gara bizi, geu be bagara eta ez gara beste batzuk baino gitxiago. Ez dogu lotsarik izan behar zer garan eta nor garan esateko. Edozelan be, kanpotik datorrena gogoan hartzea be ona da.
4. Gaur egun Euskal Filologia ikasten dabilen ikaslearen perfila zein da?
Lehen asko be ikasle gehiago ebilzan. Askok Euskal Filologia bigarren edo hirugarren karrera moduan egin dogu eta gaur batxillerretik zuzenean datoz ikasleak, normalean gazte-gazteak beraz. Gaur egun, euskaldun barriak datoz asko. Sekulako meritua dabe ze herriko trasmisino kulturalari jagokonez, argi ikusten da ez dituela bizi izan guk bizi doguzan gauza asko; dana dala, ikasteko gogo handiagaz datoz eta jarrera zabal-zabalagaz; horren ondorioz, hizkuntzearen azterketea egiten dogunean, etnografiaren munduan be sartzen gara eta hizkuntza eta bizitza batera doazela adierazoten dogu. Gaiak lantzeko orduan aldaketak egon dira.
5. 'Herri euskeratik euskera batura' idatzi zenduan orain urte batzuk. Gaur egun euskalkien balioa ez dau inork ukatzen...
Holan dinoe baina nik uste dot botere faktiko edo estamentu batzuetan hori ez dala guztiz beteten. Euskerea kontroletan dan kasuetan, berbarako EGAko tribunaletan edo hizkuntza eskakizunak zehazteko orduan gogoan hartu beharko litzatekez herri euskera horreek ze arauetan zorrotzegi jokatzen da. Berbarako, administrazinoan, jentaurrean egon behar dauen morroi batek gramatika asko jakin lei baina gero beharbada ez da kapaz izango esaldi batzuk lotzeko. Herri oso bat bizi da bizkaieraz eta horri errespetua zor jako. Nik pentsetan dot euskerearen ezagutza eta alfabetatzea ez dirala nahastau behar. Askotan esan deutsat neure buruari: zer da hobeto, hitanoko forma batzuk ikastea ala sekula erabiliko ez doguzan lehenaldiko aditzak ikastea? Euskerea irakatsi egiten da baina erabilerea oso eskasa da nire ustez ez dalako ekonomikoa, idazten dozuna ahoskatzen badozu, hori ez da ekonomikoa. Argot moduko bat topau beharko litzateke jentea euskerara erakarteko.