Kulturea  IV. urtea // 125. zenbakia

Aranzadi Elkarteak aramuen ganeko ikerketea egingo dau AEBetan


Bizkaie!

Aranzadi Zientzien Elkarteko Entomologia saileko zuzendaria dan Alberto de Castro zientzilariak datorren irailean Kentuckyra (AEB) bidaiatzeko asmoa azaldu dau 'aramuaren ekologia oihan epeletan' ikerketea garatzeko ideiagaz.

Aranzadik jakinarazo dauenez, De Castroren bidaia AEBetara bere 'Biodibersidadea eta araknidoak. Ornobakoak eta ingurugiroaren garapen jasangarriaren euskal estrategia' liburuaren argitalpenaren ondoren dator.

De Castrok lur zabaleko ikerketea Estadu Batuetan egiteko aukerea izango dau Hezkuntza eta Zientzia Ministeriotik lortutako doktoretza ondorengo beka bati esker. Aranzadiren esanetan, 'Biodibersidadea eta araknidoak. Ornobakoak eta ingurugiroaren garapen jasangarriaren euskal estrategia' liburua argitaratzeagaz, zientzia-alkarte hau Euskal Herrian aurrekaririk bako mailan jarri da, ornobakoetan mundu osoko adituek 2003ko zemendian izandako Biodibersidade eta araknidoen Biltzar batean eginiko adierazpenak jasokeran.

Aranzadiren lanak kudeatzaile eta ingurumenaren ikerlarien eskura jarten ditu ornobakoen ikerketa eta konserbazinorako tresna baliogarri batzuk. Araknidoen egoerea, alkartearen ustez, ornobakoen kudeaketeak sortzen dituan arazoen adibide lez azaltzen da, euren dibersidade eta banaketa era guztietako ekosistema eta lur-habitat ugaritan adierazgarri ekologikoa izateko gaitasuna emoten deutselarik.

Monografia honek, besteak beste, ingurumenaren kudeatzaile eta ikerlarientzat interesgarriak izan daitekezan ondoko gaiak dakartza: ornobakoen katalogoak, Euskal Herriko aramuen lehen katalogoa, armiarmak adierazgarri ekologiko lez erabilteko metodologia ikerketetan, diagnosi araknologiko bat bai Baleareetan zein Penintsula mailan eta aramuen konserbazino zein kudeaketen gakoen analisia eta eztabaidea.