Euskerea berbagai  IV. urtea // 124. zenbakia

Euskerea airean


Orain gitxi hizkuntza gitxituei buruzko eztabaida interesgarria egon ei zan Lonely Planet bidaia-giden amaraun guneko foroan. Batzuen ustez, Ryanair da hizkuntzen alde pausorik handienak emon dauzen enpresea, euren atarian hizkuntza asko ordezkatzen dabezan banderak daukiezalako, tartean katalana. Eta katalanek ‘aberrigintzan’ jarraitzeko Bartzelona (edo Girona) eta Sardiniako Alghero (l'Alguer katalanez) arteko hegaldiak be jartekoak ei dira. Ganera, konpainia Irlandakoa dan arren, hori banderaori sakatu ezkero... ingelesezko orrialdeetara eroaten zaitu!

Easyjet-ek be badauka katalanez orrialdea. Baina etorkizuna zertan dan argi erakusten dau: orain arte Estadu hizkuntzen artean, hizkuntza gitxituak ziran gureak, eskubideak eukezanak baina koofizialak. Antza danez, katalanek ikusi dabe hizkuntzak estaduen ganetik egon leitekezela –ados, egonkortasunerako estadua baliagarria izan lei, baina ez da bide bakarra–. Asago joateko ordua dala ikusi dabe eta katalanek ikusi dabe euren egoerearen parekorik ez dagoala Europan.

Beraz, emoten dau modu komertzialean be enpresentzat garrantzitsua dala zerbitzuak katalanez eskaintzea. Dirua tartean danean…

Xabier Paia

Oporretan joatea ez da merkea izaten. Asko eta asko etxean bertan lotzen dira, gastuak murrizteko asmoz. Ausart batzuek, oraindino neuk ezagutu ez dodazan oporraldi merke horreetako batzuk aprobetxetan dabez. Bidaia horreetan, hegaldia sano merkea izaten da, gaur egungo euskañol eta gaztelanian ‘txollo’ deitzen dana. Askotan emoten dau kobretan daben diruagaz ez leukeela hegazkinerako gasolinea erosteko beste diru eukiko. Jakina, hegaldi horreetan ez dabe ez kakahueterik, ez edatekorik emoten. Berbarako, ‘vueling’ enpreseak hegaldi sano merkeak egiten dauz Bartzelonara. ‘Enjoy your vueling’ esaten ei deutse konpainiak bere hegazkinetara igoten diran bidaiariei.

Ez dot uste hegazkineko laguntzaileek (euskera jatorrean, azafatek) euskeraz jakingo dabenik –oro har, Bilbotik urteten daben hegaldietan entzuten diran hizkuntzak ingelesa, espainola eta atzerriko hizkuntza zehatzen bat izaten dira, Iberian salbu: enpresa honek euskerazko grabazinoak daukaz preparauta hegaldiaren hasikera eta akaburako (akaso besteren batek bardin egingo dau)–, nahiz eta enpresa batzuek euren produktuen lokalizazinoaren aldeko ahalegin handiak egiten dabezala esan. Vuelingek, sikeran, euskerea kontuan hartu izan dau bere amaraun gunea egiterakoan (http://www.vueling.com/EU/index.php). Daten lokalizazinoan edo bidaiari kopuruetan akatsen bat agertzen da zoritxarrez, baina lehiarik ez daukanez, hau da onena.

Ni ez naz gai honi buruzko aitamenak egiten dauzen bakarra: Internet&Euskadi blogean be aitatu dabe. Blog horretan dinoenaren arabera, sano harrigarria da holako amaraun gune batek euskerazko bersinoa eukitea. Kontuan izan beharra dago enpresea katalana dana, baina asko dira baldintza hori bete eta euskerea ahaztu egiten daben enpresak (bezero asko eta asko euskaldunak izan arren). Halandaxe, harritzekoa da Open Bank (lehengo Patagon) enpresearen aukeraketea, katalanezko bersinoa egin eta euskerazkoa ez dauelako egin. Egia da katalanek guk baino askoz be gehiago erabilten dabela euren hizkuntzea, baina erraztasunak ez badeuskuez emoten, gero eta gatxagoa izango da holakoetan erabiltea. Ganera, softwareen lokalizazinoa etekin handiko pausu bat izan leiteke kasu honetan. Beste enpresa batzuek, berbarako, Jazztelek, amaraun gunean ez dabe euskerarik jarri, baina bezeroei aukerea emoten deutse fakturak gura daben hizkuntzan jasoteko.