Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 124. zenbakia

Biziena, danok ikaratzen gaituana


Itxaropenerako datuak

Zuntzak, kaltzioak eta C bitamineak gorputzea babesten dabe gaixotasun honen kontra; koipeek eta, batez be, okel gorriak bizienaren garapenari laguntzen deutsie. Gai honen haritik, osagileek behin eta barriz gomutatzen deuskue loditasunak eta jarduera fisikorik faltak gaixo mueta honeen arriskua handitzen dabela.

Itxaropenerako datu modura, aitatu beharra dago azken hogei urteotan gaixoen biziraupenak eukitako gorakadea. 1985etik 1989ra bitartean, garrantzi honetako osasun arazoei aurre egiten eutseen gaixoen kopurua ondokoa zan: gizonezkoen % 35 eta emakumezkoen % 44. Kopuru honeek gora egin eta 1990etik 1994ra bitartez, gizonezkoen % 44k eta emakumezkoen % 56k aurre egiten eutsien gaixotasun honi; azken kopuru horreei, gaur egunera arte, eutsi jake.

Edozelan be, Euskal Herrian be lau personetariko bat gaixotasun onkologikoen ondorioz hilten da. Koloneko bizienagaz batera, gehien igon dauena biriketakoa izan da, tabakismoak andrazkoen artean euki dauen gorakadearen eraginez. Horrek agirian iminten dau tabakoaren kontsumoaren kontrako burrukan ahaleginak indartu behar dirala. Dana dala, biziena aurrejagoteko neurririk egokiena ohitura osasuntsuen bitartezko prebentzinoa baino ez da.

Begiluzea

Espainiako gizonezkoen heren batek eta bost emakumetatik batek biziena eukiko dabe euren bizitzan, Elena Salgado Osasun eta Kontsumo ministroak ‘Bizienaren egoera’ izeneko txostenean aurreko astean jakitera emon ebanez. Salgadok, ganera, bere ministerioak gaixoaren kontrako estrategia martxan jarriko dauela adierazo eban.

1997tik aurrera gaixotasunaren 162.000 kasu barri ezagutu dira urtero eta gaixoen erdiak baino gehiagok gitxienez bost urte bizirik iraungo dabela adierazo dabe adituek.

Bizienik ohikoenak

Tumorerik ohikoena eta azken urteotan gehien ugaritu dana koloneko kartzinomea da; urtero 25.600 kasu barri agertzen dira. Horren ostean, biriketako biziena dago, hori 18.000 lagun inguruk sufriduten dabe urtero. Azkenik, bularretako biziena dago, urtean-urtean 15.979 kasu barrigaz.

Emakumeetan biriketako tumorea da azken hamarkadan igoerarik handiena euki dauana eta zuzeneko zerikusia euki leike erreten daben andrazkoen kopurua be handitu dala ikusita.

Gernu-puxikako eta laringeko biziena daukien lagunen kopurua Europakoaren batez bestekoaren ganetik dago, Salgadok adierazo dauenez. Dana dala, ministroaren berbetan gaixoen biziraupenak gora egin dau.

Gizonezkoen artean biziena da heriotzarik gehien eragiten dauzan gaixoa. Emakumezkoetan, ostera, gaixotasun kardiobaskularrak dira larrienak. Heriotza kopururik altuena eragiten dauen biziena biriketakoa da baina ondestekoa, prostatakoa, sabelekoa eta maskurikoa be persona askok sufriduten dabe.

Emakumeei heriotza eragiten deutsen kopuruari erreparatuta, honeek dira hurrenez hurren bizienik larrienak: bularretakoa, ondestekoa, sabelekoa, pankreakoa eta biriketakoa.