Maroa
Pelikulea indar eta erritmo biziagaz hasten da, kaleko errealidade gogor eta dramatiko bati oratuta. Zine errealistearen brotxakada arinak jasota, ikus-entzuleak berehala jaubetzen dira Venezuelako bazter auzoetako egoerearen larriaz. Ganera, filmak personaien jokamoldea eta istorioaren nondik norakoak ulertzeko sarrera ezin hobea egin dau.
Edozelan be, mundu zibilizaturako saltoa egiten danean, gidoia une batzuetan gelditu egiten dala emoten dau. Yorlis Domínguez gaztetxuak antzezteko daukan naturaltasun eta berezkotasuna ikaragarria da, kamarea maitemintzeko jaio dala pentsatu leiteke, baina hori guztiori ez da nahikoa Tristán Ulloaren jarduna orekatzeko; oraingoan hotzegi agiri da, indarge eta makal.
Film hau, bada, gizarte eta lekukotza zinearen barruan kokatu beharra dago; ez da beste film batzuen gordintasunera ailegetan eta ez da beste pelikula batzuk, berbarako ‘María llena eres de gracia’, baizen deskriptiboa, baina benetako istorio bat kontetan dabilela ikusten da. Mezu positiboa heldu eragin gura deusku, gizartearen bazter-bazterrean bizirik irauteko burrukan diharduenei be aukerak emoten dakian jentea behar da eta. Istorio ona eta interesgarria.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Solveig Hoogesteijn.
- Herrialdeak: Espainia eta Venezuela.
- Iraupena: 102 minutu.
- Antzezleak: Tristán Ulloa (Joaquín), Yorlis Domínguez (Maroa), Elba Escobar (Brígida), Luke Grande (Ezequiel), Enghel Alejo (Carlos), Víctor Cuica.
Gidoia: Solveig Hoogesteijn, Claudia Nazoa eta Fernando Castets.
- Argazkia: Alfredo Mayo.
- Muntaia: Carmen Frías.