Zinea  IV. urtea // 124. zenbakia

Tout pour plaire


Juliettek (Mathilde Seigner), Florencek (Anne Pa-rillaud) eta Mariek (Judith Godrèche) umetarik ezagutzen dabe alkar. Marie osagilea da eta ospitale publiko batean egiten dau behar. Zortzi urte igaro dira Pierregaz ezkondu zanetik; Pierre pintorea da eta persona goxoa, eztitsua eta barregarria, baina nahiko txarra etxeko zereginetan eta diru kontuetan. Marie ahalegintzen da emakumezko perfektua izaten, baina daborduko hasi da inguruko guztiagaz kantsetan. Florence exekutibo gogotsu eta zorrotz bategaz ezkonduta dago. Lotsatia eta nahiko uzkurra da; urteak egin dauz publizidade agentzia batean beharrean eta, azkenik, enpresa buruak, ‘Kaligula’ esaten deutsien nagusi berezi baizen gogorrak, garrantzi handiko lan bat emon deutso. Juliette abogadua da, baina sekula ez dauka dirurik. Ez dau lortzen bezeroek pagetea, ez eta gizonek maitatzea be. Gizon danek egiten deutsie iges. Hirurek gauza bat argi daukie: 35 urteak pasau ostean, idealak desagertu egin dira, errealidadeak bultzatuta. Baina barre egin beharra dago, behinik behin.

Ikusten danez, honako hau komedia gazi-gozoa dozue; ikuspuntu komiko batetik andrazkoen rolaren, sentimentu eta duden ganean berba egiten dauena. ‘Bridget Jones’ filmak jorraturiko gaiari errealismo eta melodrama ikutu handiagoak eta distiratsuagoak emonez, kalidadezko produktu bat opesten dau. Egoerak ez dira lar originalak baina istorioa, behintzat, ondo kontatuta dago eta filma erraz ikusten da.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Cécile Telerman.
- Herrialdea: Frantzia
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Mathilde Seigner (Juliette), Anne Parillaud (Florence), Judith Godrèche (Marie), Mathias Mlekuz (Pierre), Thierry Neuvic (Julien), Pascal Elbé (Simon), Pierre Cassignard (Benoît), Pascal Elso (Kaligula), Marc Citti (Guillaume), Bernard Yerles (Xavier).
- Argazkia: Matthieu Poirot-Delpech.
- Muntaia: Marie Castro.