Berri Txarrak Ameriketan
Bizkaie!
Urgabe eta Des-Control taldeek atzerrira joan dirala aitatu dogu oraintsu. Gaurkoan be, kanpora joatea erabagi dauen talde baten ganean egingo dogu berba: Berri Txarrak.
Garagarrilaren 10ean hasi ziran euren bosgarren diskoa grabetan Lekunberrikoak, Karlos Osinagagaz alkarlanean. Hamabi kanta grabau ostean, Ameriketako Estadu Batuetara joan dira nahasketa-lanak egitera. Lekunberriko taldea Black Lodge Studiosen (Kansas) dago abuztuaren 8az geroztik.
Taldeak hirukote legez grabau dauen lehenengo diskoa da bosgarren hau; izan be, Aitor Orejak taldea itxi dau hamar urtez gitarrea joten ibili ostean.
Laster kontzertu-birea hasiko dabe Mexikon. Tampico herrian, Mexico urian eta Tolucan herrian izango dira eta, ostean, Nicaraguarako bidea hartuko dabe, irailearen lehenengo astean. Holan, euskal musikea mundu zabalean zabalduko dabe nafarrek.
Taldearen historia
Berri Txarrak 1994an sortu zan Lekunberrin (Nafarroa). 1995ean maketea argitaratu ostean, 1997an lehenengo diskoa plazaratu eben, taldearen izenagaz. Handik urte bira, 1999an, bigarren diskoa atara eben, Ikasten izenekoa.
2001eko urrian hirugarren diskoa argitaratu eben, Eskuak/Ukabilak izenekoa. Handik urte bira, Libre diskoa atara eben.