Euskerea berbagai  I urtea // 16. zenbakia - 2002ko abenduaren 15a

Bilbo: euskerearen uriburu

Euskerearen eguna 2002


Esteban Urkiaga Basaraz Lauaxeta'

Esteban Urkiagaren obraren balioaz jaubetuta, hona hemen poeta bizkaitar handienetakoaren eta XX. gizaldiaren hasiera aldeko euskal kulturearen pizkundearen sustatzaile eta olerkari nagusienetakoaren ganeko zertzelada batzuk:

Aurten 65 urte dira Lauaxeta Gazteizko kanposantuan goizaldean fusilau ebena. 1905eko abuztuaren 5ean Laukizen jaio eta hogeita hamar urteko bizian politika zein kultura arloetan buru belarri ibilitakoa.

'Euzkadi' egunkarian idatzi eban euskera sailean eta denporagarrenean, sail horretako zuzendari izentau eben 1931n Nikolas Ormaetxea 'Orixe'-ren ordez. Urte horretan emon eban bere lehenengo mitina; apirileko udal hauteskundeetako kanpainan izan zan, orduko emoitzen ondorioz Espainiako II. Errepublika aldarrikatzea ekarriko eben hauteskundeetan hain zuzen. Horrezaz ganera, sarritan parte hartzen eban hizlari legez emakumeak euskal abertzaletasunean parte hartzearen eta beharginak eta baserritarrak sindikatuetan sartzearen aldeko kanpainetan. 1930ean, I. Olerti Eguna irabazi eban 'Maitale Kutuna' olerkiagaz. 1931ren azkenetan, lehenengo poema liburua argitaratu eban: 'Bide Barrijak'. Bigarrena, 'Arrats-beran' 1935ean kaleratu eban. Hiru antzezlan be idatzi zituan: 'Gotzone', 'Asarre aldija' eta 'Epaya'. Ipuinak be idatzi zituan: 'Iru adiskideak', 'Ipuina dirudin egia', 'Iluntzeko ixarra', 'El fusil del abuelo' eta 'La campa de Gustiz Ederra'. Azken bi horreek euskeratik gaztelaniara itzulita argitaratu ziran 'Gudari' aldizkarian.

Maitale kutuna

Iñoiz ikusi bako maitale kutuna
neure opa samurrok laztanduren dabe.
Begi gelgarriz dargist bijotzeko iluna,
eta bere larrosak usainduren nabe.

Zerutar egak ditu maitasun zaliak;
lurrera baxen sarri so-dagi ortxira.
Bere leuntasun ziar mosu sutsubenak
espan ganian, otoi bijurtuten dira.

Garbitasun usaña txakijan dixuri,
eta lo-dagonian ametsezko irrijak
aboko larrosetan dagerkoz urduri.
Aiztatzat alai dartu zelaiko lilijak.

Neskatil ori nor dan ez dazau bijotzak;
baña bera dan ona, bera dan liraña!
Begi oneik ez arren, bai-dakus ametsak.
Erean dazaukijot bekoki bikaña.

Sarri billauko neban bixitxa bidian
ta edertzat aitortu beraren gorputza,
nok baña dasayoke begijen aurrian:
-Maite audana, ete az, neure neskutza?

Maitasun onek Goiko Jaunagan ditxaro,
berak axian bidez lilitxu gustijak
udabarri aldijan dalkartuz emaro.
Berak lotuko ditu maitasun lokijak.

Indar ixilkor batek batzen dauz goguak;
itzak loitzen ditubez maitasun gurenak.
Barre alayak ezik, barruko malkuak,
zale oneintzat dira antzikur gardenak.

Maitaliak ixanik alkartuko gara.
Jolas aldijan ezik otoyen orduban,
eguzkira ezpada, gabeko illazkara:
noiz'ak itxi Jainkuan izpiko eskuban.

Aldi alaitsu ori jadetsi artian
neure ezkongai bailiran neskatil danari
begiratzen dautsiet dagidan bidian.
Neska polit bakotxan zakust ameslari.

Bestiak zeure ederra goratutzen dabe,
eurentzat gelgarrijak soin orren pitxijak.
Baña zeure zalian indartuten nabe
begi polit samurren leuntasun izpijak.

Zerutarrak baitira geure maitasunak,
eta leikide batek eztauz lausotuko.
Oraindik eztauz loitu gurari lixunak
eta gorputz irritsak eztauz banatuko.

Ikus egiña zara ezkongai neskutza!
baña, arren, entzun neure maitasunan naya:
Edurra baxen garbi irauki gorputza,
ixan zaite zitoriz gotzon baten gaya.

Ixan zaite, oi neure neskatil argija!
maitatzen dodan amatxu baxen leguna,
leituten dodan alaba baxen garbija.
Ori litzake neure gogoko zoruna.

Samurtasuna landu gogo orren altzuan,
urrumarako zara ba usoen antzera.
Ondo zaindu zaidazan oñaze orduban
alderik naiko dauko bijotzak ostera.

Espan orreintzat daukoz mosu samurrenak,
samin orreintzat barriz, maitasun eztija.
Eta txori politen abesti legunenak
zeugana eldu daiten luaro gurija.

Zeu maitatzeko nazan bijotz samurduna!
siaska ertzan datzan amatxu lakua.
Gorde zaidazan, barriz, jayo nintzan luna!
Euzko seme lerdena, bildur gabekua...

Zeugan pentzaten nabil Jaunaren bidian,
eta lokatz artian egaz dagit azkar.
Andra baten oroya naiko da lurrean
garbi iraun dagiguntzat etsai orok ziar.

Oi, neure bijotzeko ezkongai gardena!
beti, arren, aditu maitati ortzira.
Zeugan mosuba baxen kutun dot arrena:
Andrak ederren dira zerurantz begira!

Lauaxetak honako hau idatzi eban bere hilburukoan:

'...biotz-biotzez parkatzen deutset neure arerio guztiai, ta kristori eskatzen deutsat eurak nigaz baino onberatsuago izan daitela eurakaz epaikoan. Nik auxe eskatzen dautzuet: maite izan daizuela alkar, alkar-ilte anker honi amaia emonik'.

'...abertzale nazalako ilten naz, Eusko Abertzalea; erri doakabe au biotz guztiz maite dodalako. Jainko onagan ditxarot, egunen baten, onek, bere semetxo gaixo onek, bere egunetan ikustea nai izan ebana, jadetsiko dauala...'.

Koldo Isusi Zuazo


Holako egunen eragingarritasunaren edo komenigarritasunaren ganean luze eta zabal berba egin daiteke; kontrako ala aldeko eretxiek pisu gehiago daben aztertzea eta ondorio soziologikoetan nahastea denporea alperrik galtzea baino ez da eta onena konpleju eta lotsa guztiak baztertu eta geureari ekitea izango dalakoan gagoz, hau da, danona dan altxorra sustatzeari; horretarako, hizkuntzeak bizirik jarraitzea gura izan ezkero, euskerea erabiltea da botikarik onena. Holan pentsau eben orain 52 urte Euskerearen lehenengo egunaren antolatzaileek. Frankoren diktadurea tarteko, diasporan egin eban deialdia Eusko Ikaskuntzak Erakundeak euskerea jagon eta erabilerea sustatzeko asmoagaz. Helburu horrexegaz, Bizkaiko Foru Aldundiak egitarau ederra preparau dau aurten Bizkaiko uriburuan. Eguraldiak larregi lagundu ez baeban be, asko izan ziran ekitaldiotara hurreratu ziran euskerearen lagunak.

Egunean zehar egindako ekitaldien artean, Miren Agur Meaberi, 2002ko Euskadi Sariaren irabazleari eta Unai Elorriagari, aurtengo Espainiako Narratiba Sariaren irabazleari omenaldia eskaini jaken eta, horrezaz ganera, Lauaxeta hil zaneko 65. urteurrenaren harian, poeta handia gogoratu gura izan eben antolatzaileek. Antton Valverdek Lauaxetaren olerki batzuk kantau zituan zuzenean pianoaren laguntzinoagaz.

Miren Agur Meabek eta Unai Elorriagak euren berbaldiotan goraipatu egin eben Lauaxeta:

'Lauaxeta hil ebenean, olerkaria hil zan bai, baina inoiz ez zan literaturarako hil' (Miren Agur Meabe).

'Modu arraroan hurreratu nintzan Lauaxetaren poesiara. Hasieran haren biografia leidu neban eta gero bertsoak leiduteari ekin neutson. Kanpokoa ikusi eta barrukoa aprobetxetan ekian idazlea zala konturatu nintzan'. (Unai Elorriaga).

Euskeraren egunaren harian:

'Egun honeek beharrezkoak diran ala ez esatea ez dagokit baina euskerearen alde garautxua jarri eta aurrera egiteko balio badau konforme nago' (Unai Elorriaga).

Bestelako eretxi batzuk:

'Euskerearen iraupena bermatuteko, hizkuntzea erabiltea derrigorra da. Hizkuntzak aho, belarri eta begietan erabili behar dira: berba egin, entzun eta irakurri egin behar da, hizkuntza baita erabiliz zorrotzago eta ederrago bihurtzen dan tresna bakarra'. (Miren Azkarate, EJko Kultura Sailburua).

'Euskerea gizateriaren altxorra da. Herriek euren kulturearen eta hizkuntzearen alde egin behar dabe, horrexek diralako nortasunaren ezaugarri.' (Juan Jose Ibarretxe, EJko Lehendakaria).

'Euskerearen etorkizunean pentsau behar dogu, euskereak badaukalako etorkizuna'. (Jose Luis Bilbao, BFAko Lehendakaritzako Diputadua).

'Interesgarria da egun bat euskereari dediketea, egunero zaintzeko gauza bat izan arren.' (Xabier Kintana, Euskaltzaindiako Idazkaria).