CD eta DVDei jarritako canona
Kanona egileen eskubideak babesteko ezarri zan (hori dinoskue beti), beti be erabilera pribadurako danean, bestela ‘pirateria’ dalako. Baina sarritan, batzuk ez datoz bat egoera honegaz. Eta horreen artean Reynaldo Cordero, Alcalá de Henares-eko Unibersidadean programatzaile moduan lan egiten dauena. Bera ‘Batch PC’ dendara joan zan 10 CD zuri erostera baina helburua ez zanez ezelako kopia pribadurik egitea, kanona fakturatik kentzeko eskatu eutson dendakoari. Batek ezetz eta besteak baietz, azkenean epailearen aurrera joan ziran.
Eta hemen sorpresea. Cordero jaunaren esanetan, berak soft librea erabilten dau eta holakoek ez daukie ‘copyright’ dalakorik. Orduan, zergaitik pagau behar ditu berak egileentzako diran diru-eskubideak? Alcalá de Henarese-ko epailearen sententzia: egileari diru-eskubideak pagau behar jakoz baina bakarrik kopia pribatuak egiten badira. Hau da, CD-ak datuak (berbarako, gure argazkiak edo programak) gordetako erabilten badira edo soft libreko programak gordetako ez da zertan pagau eskubiderik. Esan eta egin: ‘Batch PC’ dendak Cordero jaunari 1,72 euro emon behar deutsoz bueltan.
Epaia oso garrantzitsua da CD eta DVDen kanonaren kontra dagozanentzat, lehenengoa dalako. Batetik, legearen arabera, dendek kanon hori kobrau behar dabe eta, bestetik, epaile baten sententziaren arabera, kontsumitzaileari kanon hori bueltan emon behar jako.
Sententzia oinarritzat hartuta, dendeak maioristeari eskatu beharko leukio dirua eta honek egileen eskubideak gestionetan dabezan alkarteei. Internauten alkarteek beti esan deuskue asmakizun hau alkarte pribatu batzuen kontua dala.
Eta zenbat kopia pribadu egiten dira? Gai honetan ez datoz bat alde biak. SGAEren esanetan, saldutako CD eta DVD zurien artean % 76,88 kopia pribaduak egiteko dira. Baina Asimelec-en datuak desbardinak dira: euren esanetan, % 13,2 baino ez da horretarako erabilten. Pasa dan urtean, 125 miloe CD zuri eta 22 miloe DVD saldu ziran.
Dana dala, 2003an lortutako akordioa aurten amaitzen da eta beste akordio bat negoziau beharko da kanonak zeintzuk izango diran erabagiteko. Jaubego Intelektualaren arabera, kalkulua orduen arabera egin beharko litzateke eta ez gordeteko gaitasuna kontuan hartuta. Baina orduan, zenbat ordu sartzen dira DVD batean? Batek daki, fitxategia konprimiduta dagoan ala ez ikusi beharko da, edo bideoa edo audioa dan. Eta badakigu mundu honetan fitxategiak konprimiduteko gero eta tresna hobeak dagozala. Orduan, zelan kalkulau kanonaren portzentzaje barria?
Gotzon Plaza,
informatikoa
Dendara goaz eta CD edo DVD zuri pakete bat erosten dogu. Pagau eta kitto. Baina, badakigu prezio horren barruan produktuaren prezio errealaz gan, kanon ezagun hori be badagoala? Hau da, benetako prezioa gehi zergea.
Jabego Intelektualaren Legeak egileen eskubideak onartzen ditu eta, aldi berean, kontsumitzaileen erabilera pribadurako kopiak be aitatzen eta onartzen ditu. Egileen eskubideak babestu guran edo, kopia pribadu hori dala-eta egileari zelan edo holan zeozer emon guran, Legeak kopiak egiteko tresnen ganean ‘zergea’ edo kanona ezarri dau. 2003ko irailera arteko, zerga hau bideoek eta kasetek bakarrik euken. Diskoa erosi ostean, kotxean entzuteko kopia bat kasetean egin ezkero, kaset hori erosterakoan gehigarria pagetan genduan. Legea egin zanean, kaset eta bideoen garaia zan. Ordutik aurrera CD eta DVDek be kanon hori pagau behar izan eben. Asimelec, informatika produktuen egileen enpresen alkartearen eta egileen eskubideak kudeatzen dabezan sei alkarteren artean akordioa lortu zan eta hortik aurrera CD eta DVDak erosterakoan zergea pagetan dogu. Akordioa baino lehenago, epaiketara joan ziran eta epaileak baietz, ordaindu beharrekoak zirala esan eban.
Pasa dan urtean CD bakotxari 0,17 euro eta DVD bakotxari 0,70 euroko zergea ezarri jaken. Ez dala asko? 2004 urtean SGAEk arlo honetan 29 miloe eurotik gora irabazi ebazan. Eta aurten, kanonek % 30eko igoerea izan dabenez, irabaziak 35 miloe eurokoak izango dira.