Bertsotan  IV. urtea // 124. zenbakia

Bertso barriak Aste Nagusiari jarriak


Altxau beite teloia,
isiotu argiak
zabaldu beitez txosnak,
bota suziriak.
Nahiz ez maite kolore
gorri-beilegiak
jantzita txupinerak
ta pregoilariak
ze poza hartzen dauen
Bilboko uriak!

Iruñan sanferminak
Rion karnabala,
Sevillan feria da
Munichen bezala.
Guk Mari Jaia dogu
izar printzipala,
bost axola faman dan
global zein lokala,
guk ederto dakigu
mundiala dala!

Txomin Barullon hasi
ta Kaskagorrira,
Aste Nagusiari
emonaz distira,
dozena bi konpartsa
tartean badira.
Horra hor ba, non hasi
gaurko kalejira,
zeure esku gero non
ta noz erretira!

Zelan imajinau ba
hau iraganean,
koadrila zoro hareek
batu ziranean?
Gero asko heldu da
diru usainean
ta kontuz ez bagabiz
horreen afanean,
Bilbo-Disney egingo
dabe azkenean!

Konpartsen eretxia
hartu barik aintzat,
goitik behera prestatu
dana turistentzat.
Horrek esangura bi
badaukoz niretzat:
gu kokolotzat hartzen
gaituela behintzat
eta turistak eurak
kokoloagotzat.

Jaietako kartelak
terrazako mahaitik
dino: “eskerrik asko
etortzeagatik”.
Erdu, ondo pasako
dogu segurutik,
konpleju barik, sarri
egin lez aurretik:
izan garanagaitik
ta garanagaitik.

Sortzetik joan dira
jada urte nahiko.
Handi jaio zan eta
erraldoi da gaurko.
Baina piper ta gatzik
ez bada faltako
betiko errezetari
eutsi behar jako:
herritik sortuak ta
herriarentzako.

Altxau beite teloia,
isiotu argiak
zabaldu beitez txosnak,
bota suziriak.
Nahiz ez maite kolore
gorri-beilegiak
jantzita txupinerak
ta pregoilariak
ze poza hartzen dauen
Bilboko uriak!

Eskatu legez, altxau da Aste Nagusiko teloia. Jaurerriko uriburuak Mari Jaiaren agindupean emongo dauz domekara arteko egunak. Geuri be, eskatu legez bialdu deuskuz bertsoak Urtzi Urrutikoetxeak, eta hemen dozuez, Aste Nagusiaren atariko, 27 urteko bilbotarrak eskaini deuskun ikuspegi errimatua.

Bertsolari moduan baino idazle moduan da ezagunagoa Urtzi. Poesian hiru lan argitara emon ostean, bere lehenengo narrazino lana plazaratu dau aurten: Auzoak (Susa). Igaz Joseba Jaka IV. Literatur Beka lortu eban eleberri proiektuak, eta daborduko liburu-dendatan dago eleberritik beste ipuin bildumatik daukan liburu interesgarria, Bilboko auzoetatik bertoko jenteak gidatutako hogeita lau orduko paseoa proposatzen deuskuna. Ikasketaz eta ofizioz kazetaria da Urtzi, eta bertsotan be badabil mahatsorria. Bilboaldeko Txapelketan bigarren sailkatu zan igaz, eta literatura mundutik sartu-urtenak egiten dauz plazatara. Aste Nagusiko plazara berbarako. Barikuan kantauko dau Urtzik, Jon Martin, Xabier Astigarraga eta Ibon Ajuriagaz batera. Gogoratu Bilboko saioak 13:00etan dirala Santiagon. Bitartean, ia zer dinoskun hamarreko txikiko sorta honetan.

Iñaki Aurrekoetxea