Agus Barandiaran (Urgabe): 'harro gagoz bersinoak joteaz'
Erromeria-talde legez hasi ziran baina orain euren kantak gazte askoren ahotan dagoz. Urgaberen hirugarren lana kalean dago eta oraintsu Gernikan zuzeneko diskoa grabetako izan diran arren, aurreragorako itxi dabe. Bitartean, Agus Barandiaran taldeko abeslari eta trikitilariagaz alkartu gara.
1.- Orain hamar urte hasi zan Urgabe plazarik plaza jai-giroa alaitzen. Nondik-nora sortu zan taldea? Zelan gogoratzen dozuz garai hareek?
Trikitilari bikote moduan hasi nintzan 1988an. Gero, gitxika-gitxika, kalejiratan, txapelketak egiten... hasi ginan. Txapelketak, ezkontzak eta holako erromeria antzeko gauza txikitxuak egiten genduzan. Holako baten, Gatikako jai-batzordeak erromeria egiteko eskatu euskun. Trikitixea eta panderoari bateria gehitu eta kanta batzuk preparau genduzan bertarako. 1995eko abuztuaren 24an izan zan ha. Handik aurrera, gitxi-gitxika hasi ginan, ekipo gehiago erosi behar dala, eztakit zer behar dala...
Ordutik hona aldaketa piloa egon dira. Lehengoan kontau genduzan eta 700 bat kontzertu emon doguz! Tartean, jente askok itxi egin dau taldea, batzuk musikeaz bizitea erabagiten dabelako baina beste batzuk ez. Hainbeste aldaketa egon dira eta hamar urteotan kriston garapena izan dogu. Horrenbeste kontzertutan zeozer desbardina egin behar da, bestela kantsau egiten zara!
2.- Sortu zanetik, taldean segiduten dauen bakarra zeu zara. Estresak jota bizi garan garaiotan, gatxa izan da hamar urtetan taldeari eustea?
Bai, bai. Momentu oso onak egon dira, baina txarrak be egoten dira. Taldekideren batek itxi egin gura dauela, aldaketaren bat dagoala... Egoten dira momentu txarrak eta onak, eta txarrak oso txarrak be izaten dira. Baina kontu horreek eroaten jakin behar da eta urteakaz ikasi egiten da. Talde danek eukiten dabez gorabeherak, batez be honetan urte askotan ibili ostean.
Egun txar horreetariko baten bai pentsau dot taldea ixtea baina hurrengo egunean ‘aurrerantz segidu behar dot’ esaten deutsat neure buruari.
3.- Zu zeu musikeaz bizi zara. Kontua dagoan moduan egonda, posible da hori?
Taldeagaz urte baten bizi leiteke, kontzertu asko eskaini dozuzan urte horretan dirua mobiduten dalako eta horregaz bizi ahal dalako. Baina hori ez da luzerorako kontua izaten. Horregaitik, ni musikearen inguruko negozioan sartuta nago, bai Urgabegaz eta bai beste talde batzuk eroaten. Egin daiteke ahalegina, ez ondo ondo biziteko, baina zeozer egin daiteke.
4.- Erromeria-talde legez hasi ostean, gaur egun zeuen nortasun propioa daukazue. Azken lanean, ‘Edan hemendik’, aldaketea oso garbia da. Zelan hartu dau jenteak batetik besterako pausua?
Aldaketea egoteko lehenengo arrazoia gu geu izan gara. Ikusi genduan hainbeste urtetan bersinoak egin ostean, zeozer barria egin behar genduala. Lokalean joten genduzan gure kantak plazaratu behar zirala pentsau eta aldaketearen aldeko apustua egin genduan. Ordura arteko lau orduko erromeria albo batera itxi eta gure lanak joten hasi ginan, lau edo bost bersinogaz batera.
Jentearen harrerearen erakuslea kontzertu kopurua da. Pasa dan urritik orain arte, gure kantakaz, hainbat kontzertu eskaini doguz, 50 inguru. Nahikotxu dira kontzertu talde batentzat. Gu pozik gagoz.
5.- Halanda be, kontzertuetan, plazatako betiko kantak be joten dozuez. Zergaitik buztarketa hori?
Bersinoak ez doguz albo batera itxi, Exkixuk garai batean Loretxoa kanta herrikoiari ataratako bersinoa joten dogu, berbarako. Gu hamar urtetan izan gara erromeria taldea eta harro gagoz horretaz eta ez daukagu ezelako arazorik bersinoak joteko. Gure kantei garrantzia emon gura izan geuntson, baina Urgabe bederatzi urtetan bersinoak joten egon bada, zegaitik ez dau segiduko bat edo beste joten zuzenekoetan? Onerako zein txarrerako, hori Urgabe da eta harro gagoz bersinoak joteaz. Gure hogei kanta joten badoguz, zergaitik ez doguz joko hiru edo lau bersino? Bederatzi urtetan, plaza bakotxean lau orduz bersinoak joten egon gara eta, orain, zergaitik ez?
6.- Trikitixea ez dozu ahaztu eta tradizinoko musika-tresnearen ekarpentxuak nortasunez jazten dau taldea. ‘Triki-rock’ musikearen bultzatzaile nagusitzat joten dozu taldea?
Horretan hasi ginan... Ni trikiagaz 96-97an hasi nintzanean, kriston booma egon zan. Sortu ziran taldeak triki-dantza girokoak ziran, Gozategi, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar... Guk beti gura izan doguz kantak apur bat rockeroago egin, Lin Ton Taun inguruko musika-estilorantz jo dogu gehiago.
Ez dakit taldea bultzatzaile nagusia dan ala ez, larregi esatea izango litzatekelako, baina bai saiatu gara ‘triki-rock’ estiloa indartzen. Horregaitik, beti erabili doguz txalapartea, albokea eta holako musika-tresnak.
7.- Hartu dozuen estilo horretan, trikia albo batera ixteko asmoa daukazue?
Ez, ez. Trikia beti egongo da hor. Baina hasieran trikia zan musika-tresna nagusia eta ganerakoak haren inguruan egozan. Orain, barriz, trikia bat gehiago da, ze orain gitarrak edo bateria akaso garrantzitsuagoak dira.
8.- Azken diskoan, Alex Sardui Gatibuko abeslariaren kolaborazino berezia izan dozue ‘Kartzelako Gutuna’ kantan. Beharrezkoa ikusten dozu euskal taldeen arteko alkarkidetzea? Konpetentzia dagoala esango zeunke?
Beharrizana baino gehiago, bakarrik ibili barik albokoagaz bazabiz, beti eukiko dozu indar gehiago. Baina guk ez dogu horregaitik egiten. Gatibukoakaz oso ondo konpontzen gara eta Alex Exkixun egon zanetik ezagutzen dogu. Askotan jo genduan eurakaz eta Alexek lehenengo diskoan, ‘Portuko gaua’ kantan be abestu eban.
Hasieran, ez genduan pentsau ‘Edan Hemendik’ diskoko ‘Kartzelako Gutuna’ kantea single moduan ataratea. Guk, akaso, gurago genduan besteren bat izatea. Baina diskoetxekoek bultzatu eben ideia hori eta esan beharra dago arrazoia eukela, kanteak arrakasta itzela euki dauelako.
9.- Gure lurretan ez eze, kanpoan be ibili zarie, Irlandan hain zuzen be. Zelakoa izan da jentearen erantzuna?
Kristona, ez bakarrik musika aldetik ganera. Han, euskalduna zarala esaten dozun momentutik, erdia irabazita daukazu. Gauza bigaz geratu nintzan harrituta: batetik, edaten daben guztiagaz eta, bestetik, euskaldunak garala esakeran zelan hartzen euskuen, anaiak bagina legez.
Esperientzia oso ona izan da. Bost kontzertu emon genduzan lau egunetan. Baten izan ezik, jente gitxi egon zalako, beste danetan jentetzea egon zan, kontzertuan bete-betean sartuta eta sarrerea pagauta. Eurei ingelesez berba egin gura neutsien baina ezin, ez dakit eta. Hori bai, azkenerako animau nintzan eta zelan edo holan zeozer esan neban.
10.- Plaza askotan jo dozue. Bat nabarmentzekotan, zein? Zergaitik?
Guretzako berezia izan da beti Gatikan jotea. Aurten be jo dogu eta danetara 15 bat bider edo egon gara. Lehen, urtean bi edo hiru bider joten genduan.
Badagoz leku hotzagoak edo beroagoak. Guk jentearen erantzuna gura dogu eta hotz badagoz txarto pasetan dogu. Ikusten dozunean, ahalegina egin arren, jenteak ez dauela kasurik be egiten, etxera joan eta hurrengo egunaren zain geratzen zara. Baina badagoz leku beroak be. Oraintsu Gernikan izan gara eta gustura geratu ginan. Jentez ganezka egoan plazea eta kantak ezagutu egiten ebezan.
Baina bat esatearren, Gatika.
11.- Ze asmo dauka Urgabek bihar-etzirako?
Laster, disko barria preparetan hasiko gara. Badagoz ideia batzuk eta uste dot datorren urterako, irailerako edo, disko barria atarako dogula. Lanean bete-betean sartzen garanean kontzertu gitxi eskainiko doguz, hiru edo lau. Hori bai, bitartean hainbat lekutara joan behar dogu oraindino.
Saioa Torre Gereketa