Aste Nagusiko antzerkia
Etxetik ez agertzeko beste motibo bat
Hasteko, Arriaga Antzokiko eta Euskalduna Jauregiko lanak aitatuko ditugu, kontuan eukinda lanok dirala Aste Nagusian topauko ditugun karuenak, baina ez derrigorrez onenak, baten bat kontuan hartzeko modukoa bada be. Esate baterako, Arriaga Antzokian aurkeztuko diran lan biak interesgarriak dira, eta publikoaren arrakastea segurtauta eukiko dabe: alde batetik, Yllana & L´Om Imprebís konpainiaren (Yllana hau ‘666’ antzezlan bikaina egin ebana da) ‘Monty Python’ lana talde ingeles horren sketchik onenakaz dator Bilbora, batez be Monty Pythonekoek ‘Flying Circus’ show ezagunean egiten zituen sketchakaz. Bestetik, Ángela Molinaren konpainiak ‘El graduado’ antzezlana preparau dau, bersino zinematografikoan arrakasta itzela eukindako izen bereko lanean oinarrituta. Lan bi horreek 20:00etan eta 23:00etan emongo dira, hurrenez hurren, bata bestearen atzetik.
Euskalduna Jauregiko lanak hiru dira, baina ez hain interesgarriak: Miramón Mendi konpainiaren ‘El diluvio que viene’ musikala da, eta nahikoa izango da esatea José Luis Moreno dala lan honen produktorea. El Club de la Comedia taldearen ‘Noche de cómicos’ lana, barriz, azken urteotan klasiko bihurtzen dagoan formatua da, antzerkiaren aldetik kalidade bakoa. Neil Labuteren ‘¡Gorda!’ da azken antzezlana, eta beharbada interesgarriena, Neil Labute da-ta gaur egun munduan dagoan autorerik garrantzitsuenetako bat. Gorputz perfektuen gaia ironiaz ikutzen dau, eta telebisinoari esker ezagun-ezagunak diran aktoreek hartzen dabe parte bertan. Hiru lan horreek 20:00etan emongo dira egunero, jauregiko hiru aretotan.
Baina interesgarriena jaietan bertan dago, esan dogun lez. Bilborocken, berbarako, barrez lehertzeko moduko obrak emongo dira egunero: gaur, astelehenean, Markeliñek zerura edo infernura eroango gaitu ‘Punto rabo’ lan ezagunagaz; martitzenean, Yokaranguren eskutik eta David Barberok idatzita, ‘Letizienta’ lan satirikoa emongo da; eguaztenean, Sexpearen konpainiak dokumental erako ‘En grilletes’; eguenean ‘Euskararen 7 bekatu nagusiak’ etorriko jaku Pok taldearen eskutik; barikuan, SINverso Teatro taldearen lehenengo lana, ‘¿Por qué lo llaman fútbol cuando quieren decir furgol?’ izenekoa, ikusi ahal izango da; zapatuan, Mag Lari magoak ‘Millenium’ lan harrigarria aurkeztuko dau, eta domekean, azkenik, Christian Atanasiu ospetsuak ‘Eldondedondónde’ taularatuko dau, hizkuntzari mila buelta eta publikoari mila algara atarateko. Saio honeek 21:00etan (eta, batzuetan, 24:00etan be bai) egingo dira.
Beste lan guztiak kalean egingo dira, egunero-egunero: helduentzako kale-antzerkia Arriagako plazean egingo da, hiru ordutegitan (13:30ean, 21:00etan eta 01:00etan). Umeentzako saioak, barriz, Ripako kaian, 19:00etan. Emanaldi asko dagoz, eta danak kalean. Onena, ordenadorea amatau eta kalera urtetea izango da, guk ezer kontau barik, antzerki ona zeure kabuz deskubriduteko.
Julen Gabiria
Hasi dira Bilboko jaiak, hasi da zurrunbiloa. Jente gitxi egongo da ordenadorearen aurrean, zu baino ez igual. Eta zer egiten dozu pantailaren aurrean ba? Kulturearen atxakian sartu zarala asteroko orrialde honetan? Ba jakizu kulturea kalean dagoala egunotan! Topetan jakin behar da, baina egon, badago: hortxe, kanpoan.
Jaietako kontzertuen barri eukiko dozu seguruenik, horren gainean asko egiten da-ta berba: Iggy Pop dala, Carlinhos Brown dala... baina oker zagoz, pentsetan badozu Bilboko jaiek kulturearen arloan eskaintzen daben guztia musikea dala. Antzerkia be badago. Ona, gainera. Doban zein pagauta, kalean zein areto zarratuetan, komedia zein tragedia, dana dago hortxe: Euskal Herrian zein kanpoan egiten dan antzerkiaren panoramarik zabalena, momentu honetan, Bilbon dago.
Eta ordenadorea ixiotu eta kulturearen barri eukiteko sartu zaranez honaino, Bilboko jaietako antzerki-obren egitarau zabalaren barri emongo deutsugu, mereziduta daukazu-ta.
Lehenengo eta behin, esan beharko da eszenatoki ugari dagozala, eta leku horreetako bakotxean mota bateko lanak topauko dituzula: Arriaga Antzokia, Arriagako plazea, Bilborock, Ripako kaia eta Euskalduna Jauregia dira kokagune horreek, eta, hain zuzen be, guk be eszenatokien arabera sailkatuko ditugu Aste Nagusiko antzezlanak.