Bidaide  I urtea // 16. zenbakia - 2002ko abenduaren 15a

2001: odisea Asiako hego-ekialdean (III)

Kultura asko ezagutzeko aukerea emon deuskun bidaiaren azken zatia


Bidaia hau oso esperientzia aberatsa izan da. Gauza asko ikasi dodaz eta munduan zehar gureagaz zerikusirik ez daben kultura asko eta oso desbardinak dagozana konturatu naz (gauza bat da kultura horreen barri izatea eta beste bat, ostera, kultura horreek hur-hurretik ezagutzea). Nire bizitzako esperientziarik onenak eta txarrenak bizi izan dodaz baina bakarra eta ahaztezina izan da eta, duda barik, aukera txikiena izan ezkero, barriro joango nintzateke.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama


Laoseko esperientzia bardintzea ez da erraza izango, egun zoragarriak emon genduzan bertan, duda barik, bidaiaren zatirik interesgarriena; Vietnam, ostera, ahaztuteko moduko pasadizua izan zan. Itxaropide larregigaz joan ginan beharbada baina zoritxarrekoa izan zan esperientzia hori: jazoera txarrak metatu jakuzan eta, ganera, bidaia luzearen ondorioz, oso kantsauta gengozan; akaso, dana pilatu jakun. Edozelan be, aurrez Vietnamen ganean geunkan irudi ona atoan aldatu zan, desengainu handia hartu genduan.

Vietnam

Laos atzean itxi eta konturatu barik goitik behera desbardina zan dinamikan sartu ginan: bardin antzeko azalerea izan arren, Laosen 4 miloe herritar bizi dira eta Vietnamen, ostera, 80 miloe; Vietnameko uri handietan, batez be, turismoaren eragina sekulakoa da. Aldaketea gogorra izan zan eta asko kostau jakun egoera barrira moldatzea. Laosen oso jente jatorra topau genduan eta Vietnamen erne ibili beharra egoan.

Aduanazainak gure pasaportean zigilu-markea jarri aurretik be inpresino txarra hartu genduan. Vientiane eta Hanoi arteko (28 ordu) autobuseko arduradunek merkantzia legez tratetan ginduezan, ibilbide osoan sakaka eta berba iraingarriak erabiliz. Horrezaz ganera, urduri ebilzan, izan be, legez kanpoko inmigranteak eroiezan maleten konpartimentuan. Bidaiako esperientzia surrealistena izan zan legez kanpoko inmigranteen garraioarena ze mugara heltzeaz batera, autobusaren behealdean egoan ataka batetik gora eta behera ikusi genduzan gizajoak. Zur eta lur geratu ginan, izan be, ezelako lotsa barik egiten eben operazino hori, guztiz naturala eta normala izango balitz moduan (akaso, gauza arrunta izango da hori).

Hanoi uriburuan esperientzia txarra bizi genduan gure gehiegizko konfidantzeagaitik; turismoko gazte bik urian zehar gidari beharra egitea proponidu euskuen arrazoizko prezioa eskainiz; susmo txarrik hartu barik, euren motorretan joan ginan urian zehar lekurik esanguratsuenak bisitetan. Jateko orduan, barriz, Vietnameko jatetxe tipiko batera joan eta kobra sugea, plater nazionala jateko proposamenaren aurrean ezin ezetzik emon. Jatetxea nahikoa zikina zan baina pentsetako asti lar barik, sugea bizirik erakutsi euskuen, gure aurrean hil eta sugearen odola edateko emon euskuen (nire lagunak edan eban, nik ez). Geroago, mahaian jesarrita gengozala, sugearen zati desbardinekaz egindako zazpi plater inguru atara euskuezan. Gure hanka sartzea handia izan zan ze kartarik ez genduan eskatu eta kostua zenbatekoa izango zan be ez genduan itaundu. Sugearen okelea gozo egon zan eta bazkalostean gure 'lagunakaz' luzaroan egon ginan berbetan. Kontuaren papelean 2.740.000 dong (215 euro inguru) ikusi genduanean, zaplasteko handia hartu genduan.

Esperientzia horren ondoren, mesfidati hutsak bihurtu ginan eta, era horretara, jente zintzoa ezagutzeko aukera barik geratu ginan. Aitatutako esperientzia tarteko, ez litzateke bidezkoa izango Vietnamen ganeko gure ikuspegia aldatu egin zala esatea. Vietnamen leku ederrak dagoz (Halong Badia, Hoi An...) eta persona jator eta zintzoak be bai. Dana dala, Vietnamen egon diran batzuekaz berba egin ondoren, bat etorri gara Laos eta Kanbodiagaz ez daukala zerikusirik esaterakoan, hau da, Vietnam gizarte kontsumistea dana eta dirua lortzeko edozer egiteko kapaz dirana.

Kanbodia

Aurreko esperientzien eskarmentua hartuta eta herrialdearen ospea eta indarkeria giroko historia ezagututa, bildur apur bategaz sartu ginan Kanbodian. Siem Reap-eko aireportu dibertigarri eta primitiboan lurrartu eban gure hegazkinak. Primitiboa dinot ze maletak garraiatzeko zinta garraiatzailerik be ez egoan, behargin batek jaurtiten zituan maletak banan-banan, hori bai, bakotxari irribarretxua eskainiz.

Biharamunean, eguzkiaren lehenengo izpiakaz aireportutik gure 'ghesthouse'-ra eroan gintuan taxisteagaz joan ginan Agkorreko tenplu ederretara. Sekula holako tenplu ederrak ikusi barik nengoan; oihanean zehar sakabanatuta egozan multzo arkitektoniko horreek ikusteko bakarrik merezidu dau Kanbodiara osterea egitea: bata besteakandik ehundaka metroko tartean dagoz eta bidaiariari beste mundu eta beste sasoi baten dagoala pentsarazoten deutse.

Dana dala, erdi aroko arkitekturearen ezaugarri diran tenplu eder horreez ganera, Kanbodian gauza asko dagoz ikusteko. Pol Pot buru zala, iraultza komunistearen basatikeriak sufridu zituen herritarrak, Jemer ospetsuak oso jatorrak eta abegikorrak dira Laoseko herritarrak legez. Euren herrikideen basatikeria eta krudeltasuna sufridu ondoren eta, gitxi gorabehera, herritarren herena hil ondoren, bakea, lasaitasuna eta armonia baino ez dabe gura. Itxaroten genduanaren kontra, Kanbodiak irribarre batez zabaldu euskuzan ateak, sufridutakoak sufriduta, irribarrea oraindino be malkoek busti arren.

Ostatu bereziak

Bidaia osoan zehar, egia esateko, baina Kanbodian gehiago, bildur ginan gure ostatuko gelan topauko genduanaren aurrean. Egia esan, 8 euro baino ez euskuen eskatu eta gauza handirik ez genduan espero. Nik neuk asko maite dodazan labezomorroak eta arrubioak ezelako bildur barik ebilzan batera eta bestera eta eulien eskuadroia be jateko bila ebilen gure gainetik. Ordura arte ezagutzen ez nituan tximitxek be euren beharra egin eben gure gorputz nekatuetan. Dutxea hartzea be ez zan lan makala: dutxako atearen kisketa aspaldi ostuko eben eta atea eusteko arduregaz batera, ekilibrioak egitea derrigorra zan ze komun-ontziaren gainean egoan dutxako telefonoa. Jaio ginan moduan, laban egin, jausi eta azpian, uraren bildur barik, zer harrapauko zain egozan labezomorroen batailoiaren hatzaparretan jausteko arrisku bizia egoan. Hori bai, holako egoeren eta bestelako batzuen aurrean, barre algara handiak egin genduzan. Herritar gehienen bizi-baldintzak ikusita, suberte handia eta bizio larregi doguzala konturatu ginan.