Bertso-udalekuetan
Bertso-udalekuak 2005
Anaia-arrebak ez otoi pentsa
gu’re gustura gaudenik
askoz hobeto izango ginen
publiko gisa egonik
baina gustura zauden tokian
sarri ez denez aldaparik
ez dugu joan nahi gertatu zaigun
guztia kontatu barik
Udalekuak nolakoak diren
dizuet esplikatu nahi
zoro koadrila bertso kantari
ez baita ikusten nonahi
guztiak oso gustura daude
hagitz pozik, hagitz alai
ulertu ez dut ulertzen baina
bizi eta sentitu bai.
Beste egun baten azaldu ziren
3-4 antzerki eder
barreka pozik ibili ginen
akelarre bati esker
gero behia ta kanikatxoa
nahastuz hainbeste bazter
dohain hoiekin Nobel saria
ganbaran diagu laster.
Hiru lehen plater, zazpi bigarren
jaten ditugu egunero
eskerrak kaka egiten dugun
bakoitzak bost aldiz edo…
Mahai gainean bi plater daude
bi plater ez dira zero
eta gehiago egongo ziren
Maritxuk jakin ezkero
Janari ona sukaldatzeko
bera dator ederki
gosari-afari eta bazkari
prestatzen beti zenbaiti:
asea egon arren, gosea
guregan pizten badaki,
gure burua ezagutzen du
berea baino hobeki
Zenbat une on, zenbat algara
ez dugu pasatu txarto
gure artean sortu dena da
harreman sendoen kalko.
Hemen geratu nahiko genuke
baina urrundu beharko:
Ametsak amets izan ohi dira
betetzen ez direlako
Bere helmugara iritsiko da
hamar eguneko trena
eta taldea banatuko da
Euskal Herrian barrena
gure harremana manten dezagun
batu gaitezen hurrena,
beste noranahi eramateko
hemen batu gaituena
Zaila izan da bertso batean
hau guztia laburtzea
bihar gauean hustuko zaigu
gure Aubixa etxea
sutan jartzean probatutzen da
nolakoa dan eltzea
beraz gomenda nahi dizuegu
Aubixara etortzea!
Aurten be Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak bertso-udalekuak antolatu dauz Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera. Akordio mueta desbardinakaz, 2005eko udan Zuhatzan, Zarautzen, Arbonan eta Elgoibarren bertsoa barrearen atxakia izan da 8-18 urte bitarteko ume eta gaztetxoen udalekuetan.
Umeetako batzuek ez dakie bertsotan eta beste batzuek helduek baino gehiago jakiten dabe. Bertsoen ezagutzea, ostera, ez da mugea izaten, inor ez dagoalako bertsotan egitera behartuta. Are gehiago, bertso-udalekuetan ikasitakoak baino ez dira erabilten ekintzatan.
Kasurako, Elgoibarko Aubixa baserrian, Maritxu ugazabandrearen agindupean, Euskal Herri osoko (Ipar, Hego, Eki zein Mende) gaztetxoei udalekuei buruzko bertso idatziak egiteko eskatu geuntsen. Horretarako, bertsotan zelan egiten dan irakatsi eta gainera, ariketa dibertigarri eta neurri batean errazagoa egiteko, euren bertsoak aldez aurretik inork kantatuko bertsoakaz osotzeko eskatu geuntsen. Hori bai, ordurako bertso zaharrak kantauta eta ez hain zaharrak ikusita egon ginan. Hona hemen emoitzea:
Xabier Paia