Lila dit ça
Lolitaren mitoari ostera be oratuz, pantaila handian azaldutako erotismo onaren adibidea dogu film hau. Ziad Doueiri zuzendari libanoarrak Marseillako bazter auzo batera eroan gaitu, neskato ulehori eta erakargarri baten eta Magrebeko jatorria daukan gazte argi baten arteko hartu-emonen ganeko istorio bikain hau kontetako.
Pelikula honen bidaian, eremu bi bereiztu daitekez argi eta garbi. Alde batetik, idazlea izan gura dauen gazte magrebtarrarenaren eta Lilaren arteko lotura erdibero, erdilizun baina batez be erdixaloa eta surrealistea daukaguz. Beste aldetik, bigarren plano batean arabiar emigrantez betetako auzoaren errealidade gordina agiri da. Biak buztartzeko abiapuntu bakarra dramatikotasunaren haria da, auzo horretako errealidadeak zipriztindutako indarkeria, hatan be.
Bien erdian, sentsualtasunez betetako pasarteak daukaguz. Protagonista biek motozikletan egindako ibilaldia edo txinboko erakustaldia horren erakusgarri onak dira. Honi guztioni istorio nagusiaren atze modura erabilitako auzoaren barri emoteko deskripzino zuzena, ondo be ondo jagondako argazkigintzako lana eta soinu banda egokia gehitzen badeutsagu, honako film hau karteldegian dagoan aukerarik onenetariko bat dala esan daiteke.
'Lila dit ça' maisutasunez jantzi eta atondutako filma da, batez be beren beregi erakusten danaz baino gehiago anbiguotasunez, iradokizunez eta proposamenez gozatzen dakienentzat.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Ziad Doueiri.
-Herrialdeak: Frantzia, Italia eta Erresuma Batua.
-Iraupena: 89 minutu.
-Antzezleak: Vahina Giocante (Lila), Mohammed Khouas (Tximo), Karim Ben Haddou (Mouloud), Edmonde Franchi (izekoa), Lofti Chakri (Bakary), Hamid Dkhissi (Gran Jo), Carmen Lebbos (Tximoren ama).
-Gidoia: Ziad Doueiri; Chimoren nobelan oinarrituta.
-Argazkia: John Daly.
-Muntaia: Tina Baz.