Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 123. zenbakia

Segurtasunaren ganeko lege barria indarrean


Urraketa larriak

Gaurtik aurrera ondoko arau hausteak hartuko dira, besteak beste, larritzat: segurtasun ugal barik gidatzea, kaskorik ez janztea, umeak eroateko segurtasun sistema berezirik ez ezartzea, aurikularrak erabiltea edota gidatu bitartean eskuko telefonotik berba egitea. Aitaturiko urraketek 91 eta 300 euro bitarteko isunak eukiko dabez.

Indarraldia galdu dauen gida baimenagaz gidatzea, radarra igarteko mekanismoak erabiltea edota azterketa teknikoa pasau ez dauen ibilgailuagaz zirkulatzea urraketa larriak dira araudi barriari jarraituta.

Beste urraketa batzuk larriak izatetik oso larriak izatera igaro dira, berbarako gida baimen barik gidatzea, ibilgailua matrikulau barik eukitea eta autopistatik galarazotako ibilgailuakaz zirkulatzea.

Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak azaldu dau isunak moldatu egingo dirala araua urratu dauenaren aurrekarien arabera, aldez aurretik arauren bat urratu badau edo bide-segurtasunerako arriskua areagotu badau.

Puntukako gida baimena

Epea: Bide segurtasunaren legea guztiz garatzen danean sartuko da indarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gidarientzat. Datorren urterako izango da martxan.

Puntuak: Gidari bakotxari 12 puntu emongo jakoz, gidari barriei izan ezik (baimena azken hiru urteetan lortu dabenak), horreek 8 puntu eukiko dabez.

Galtzea: 12 puntu horreek galtzen dauzenak 6 hilabetez galduko dau gidabaimena. Hori lehenengo aldian, hurrengoetan 12 hilabetean galduko dau. Ikastaroak (30 ordukoak) eta gidabaimena lortzeko azterketea barriz egin beharko dau.

Berreskuratzea: Galdutako puntuak berreskuratzeko ikastaroak egin beharko dira. Urte birik behin bat egin ahal izango da eta 15 orduko ikastaroagaitik 4 puntu berreskuratu ahal izango dira. Hiru urtean urraketa barririk egin barik dagozan gidariek puntu guzti-guztiak berreskuratuko dabez.

Sei puntu galduko dabez: Mozkortuta (litro bat garagardo edo kopa bi) edo drogauta gidatzen dabenek; alkoholemi kontrolari uko egiten deutsonak; kontrako norabidean gidatzen dabenak; autobidean 181, bidean 136 eta urigunean 81 kilometro orduko gidatzen atrapetan dabezanak, besteak beste.

Lau puntu galduko dabez: Apur bat mozkortuta gidatzen dabenak (garagardo lata bi edo kopa bat); profesionalen kasuan, edozein edari alkoholdun hartuta gidatzen dabenak; autoan 8 bidaiari dagozala gidatzen dabenak; bidera gai arriskutsuak botaten dabezanak; autobidean 161 eta errepidean 130 kilometro orduko gidatzen dabenak; polizien eta bide seinaleak aintzat hartzen ez dabezanak; aurreratze arriskutsuak egiten dabezanak; eta txirrindulariak arriskuan ipintzen dabezan auto gidariak.

Hiru puntu galduko dabez: Autobidean 151 eta errepidean 121 kilometro orduko baino gehiagoko abiaduran doazenak; segurtasun distantzia urratzen dabenak; eskuko telefonoa erabilten dabenak; eta autoa leku arriskutsuan ixten dabenak.

Puntu bi galduko dabez: Autobidean 141 eta errepidean 111 kilometro orduko baino gehiagoko abiaduran doazenak eta segurtasun ugala lotu barik gidatzen dabenak, besteak beste.

Begiluzea

Abuztuaren 9tik aurrera indarrean dago Hego Euskal Herrian bide segurtasunaren ganeko lege barria. Araudiak hainbat arau-hausteri jagokezan isunak handitu dauz. Ganera, hemendik urtebetera puntukako gida baimena ezartzea aurreikusten dau.

Bestalde, isuna % 30eko deskontuagaz pagetako 30 eguneko epea izango da, erabagia jakinarazoten danetik. Aurreko legediaren arabera deskontuagaz ordaintzeko epea zigor-espedientea emoten zan egun berean amaitzen zan.

Gida baimena aldi baterako balio barik ixteko gitxieneko epea hilabetekoa izango da aurrerantzean. Arau urraketak larriak diranean, gida baimenak ezeztatuko dabez. Ganera, aldi baterako balio barik ixteko erabagia errespetatzen ez dauenak, hau da, baimen barik gidatzen dauenak urtebete itxaron beharko dau gida baimena berreskuratzeko eta urte bi arau hauste bera ostera be egin ezkero.

Lege barriaren arabera, ziklomotor eta motor gidariei jagoke euren bidaia-lagunak kaskoa eroateko ardurea eta erantzukizuna. Arau urraketa larritzat joten dabe ibilgailu bateko titularrak gidari urratzailea ez identifikatzea. Kasu horretan isuna bikoiztu egin da aurreko legediagaz alderatuta, izan ere, 301 eta 600 euro bitarteko zigorra ordaindu beharko da.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak adierazo dauanez, arau urraketen ganeko isunak ‘arriskuagaitik eta gizartean sortu eragiten daben ardureagaitik’ handitu dabez.