Eretxia  IV. urtea // 123. zenbakia

Baionako tangea eta askatasuna


Tanga, tango ala tongo, hori astrapalea! Hegoaldekooi atoan etorri jakun burura epaile haren ebazpena, minigonearena, hain zuzen. Gogoan izango dozue ‘pentsakera zabaleko’ epaile espainiar baten eretxiz, eraso sexualak justifikagarriak ziran (edo ulertu leitekez) neskak era probokatiboan jantzita ibili ezkero.

Orduan oso erraza zan burla egitea epaileari. Iji eta aja matxoman espainiarraren bizkar. Barre guztiak jan behar izan doguz. Alkate frantziar bat (Iparraldekoa, bai, baina bere burua frantziartzat jotzen dau) mentalidade bardinagaz urten jaku. Andrak galarazota daukie gura daben moduan ibiltea, ezin dabe persona libre legez ibili, ezin dabe jaia gizonen modura ospatu. Inor ez da harritzen jaiaren berotasunean mutil bat kantzontzilotan jantzan hasten bada, lantzean behin ikusten dan modura. Inork ez leuke pentsauko hori probokazino sexuala danik. Gehiago esatearren, askorentzat barregarria izango litzateke.

Harri Aroko mentalidadea oso zabalduta dago han eta hamen. Andrak tapauta eta behar den bezala joan behar dira kaletik. Eta arautik kanpo dabilzanak gizonon galbiderako dagoz eginda, eurak gura ala ez. Askok, goi eta behe mailakoak, ez dabe oraindino onartu sexu hartu-emonak gauzatu daitezan persona biren onespena ezinbestekoa dala. Ez dakit nik oraindino mentalidade horren atzetik gure arbaso Kro-Magnonen garaitik jatorkun kutsu ehiztariaren arrastoa ez ete dan egongo. Baina jakin badakit gizonok ez dogula oraindino behar bezala onartu andrak libre dirala gugaz egoteko ala gu barik ibilteko.

Iñaki Atxutegi

Zibilizazinoa Pirinioetan hasten ei zan. Europa zibilizatua zan hori gure ustetan. Guk, inozook, uste izan genduan Hendaiatik gorantzakoa gizarte aurreratuta zala eta gure artean sarritan igarten diran jarrera atzerakoiak iraganeko kontuak zirala, baina, zoritxarrez, kontuak ez dira horren gozoak.

Jean Grenet, Baionako alkateak (edo auzapezak, hortik esaten daben modura), hamengo Matxokundetarron neurriko harrikadea bota eban. Baionako bestetan (jaietan) andra baten kontrako eraso sexuala izan zan. Honen ganean berba egiten egoala, baionatarren ordezkari gorenak erasoaren ‘arrazoia’ emon eban: haren ustetan, ez zan bape harritzekoa holako erasoak izatea andrea ganeko arropea kenduta tangan jantzita jantzan egoalako.