Euskaldunok munduan  I urtea // 15. zenbakia - 2002ko abenduaren 1a

Kalifornia, New York eta Erroman zehar


Euskal musikariak munduan

Aukera txikienak aprobetxauta, Europara salto egiten daben euskal musikarien zerrendea gero eta luzeagoa da zorionez, oraingoz zerrenda hori luzeegia ez bada be (Mikel Urdangarin, Su Ta Gar, Oreka Tx...); edozelan be, atlantiko itsasoa zeharkatu eta Amerikako kontinentean edo urrunago, berbarako Japonian euren musikea eskaintzen dabenak gitxi batzuk baino ez dira: Kepa Junkera, Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze, Alaitz eta Maider, Fermin Muguruza...

Orain denpora asko ez dala, AEBetan zehar Kepa Junkera bilbotarrak emondako kontzertuen ganean egin genduan berba eta orain, barriz, Ruper Ordorikaren osterearen barri emon behar deutsuegu. OƱatiarrak kontzertu bi emongo ditu New Yorken datozen egunotan; egia esan, musikari honek lotura estua dauka etxeorratzen uriagaz, han boladak pasautakoa da eta lagun asko ditu. Urian zenbait musikari be ezagutu zituan eta hartu-emon horreei esker, Ruperren diskogintzan New Yorkeko musikari-lagun batzuk be kolaborau izan dabe.

Kontuak kontu, 'Hurrengo goizean' diskoa aurkezteko kontzertu bi emongo ditu Ordorika jn.ak; lehenengoa poesia eta musikea buztartuz antolatu diran saioetan: abenduaren 6an, Tribes izeneko galerian, 325 East 3rd Street helbidean. Bigarren kantaldia egun bi beranduago eskainiko dau The Bowery Poetry Club ospetsuan, 308 Bowery kalean. Kontzertuotan, Ruperren disko batzuen grabazinoetan ibilitako zenbait musikari izango ditu lagun, besteak beste, Ben Monder, Kenny Wollesen eta Kermitt Driscoll.

eitb.com // Bizkaie!

Kaliforniako lau euskaltzale omenduko ditue Los Angelesen

Euskal-Amerikar komunidadeak Bert Aphessetche, Isidore Camou, Josephine Arriet eta Martxel Tillous amerikar-euskaldunak omenduko ditu egun batzuk barru. 'Society of Basque Studies in America' (SBSA) erakundeak antolatuta, Kaliforniako Los Angelesen egingo da Hall of Fame izeneko omenaldia.

SBSAk urtero antolatzen dauen omenaldi horrek 22 edizino beteko ditu aurten. Edizino bakotxean, euskal kulturearen alde behar egiten dabenak edota euskaldunen eta euskal komunidadearen irudia gizarteratzen lan egin daben persona edo taldeak saritu izan ditu, bai Ipar Amerikan bai Hego Amerikan be.

Kontuak kontu, Los Angeleseko Chino herrian omenaldia jasoko dabenetako bi Isidore Camou eta Bert Aphessetche, Chinon bertan behar handia egin daben baxenafarrak dira. Euskal komunidadearentzako lan egiteko prest egon dira beti eta babes eta laguntzino itzela emon deutse bertako euskalgintzeari. Euren seme-alabak Kalifornian jaiotakoak izan arren, euskeraz polito egiten dabe, etxean gurasoakandik jasotakoaren erakusle.

Beste alde batetik, Josephine Arriet Kaliforniarra da sortzez, San Francisco eta Los Angeles artean dagoan Fresnon jaio zan hain zuzen be. Herri horretan, bizitza osoan zehar sekulako beharra egiten dago euskal komunidadearen alde.

Azkenik, Martxel Tillous zuberotarra, orain zortzi urte bizi da San Franciscon. AEBetako euskaldunen abade izateko joan zan eta han emon dituan urteetan behar asko egin dau. Abade zereginez ganera, gazte euskal-amerikarrak euskal kulturearen bideetan sartu ditu euren aurreko euskaldunen altxorra galdu ez daien.

Kontuak kontu, Hall of Fame omenaldi-ekitaldia Chinoko Euskal Etxearen egoitzan egingo dabe abenduaren 7an.

'Associazione Culturale Euskara' Euskal Etxearen ofizialtasuna onartu dau Eusko Jaurlaritzeak

Munduko edozein txokotan topau geinkez euskaldunak eta noz edo noz hor zehar ibili garanean, lekurik harrigarrienetan euskeraz entzun dogunean, sekulako poza sentidu dogu. Euskal Etxeak be bazter guztietan dagoz, munduan ehundaka dira; gehienak Hego Amerikan eta Ipar Amerikan baina Australian, Kanadan edota Frantzian be badagoz. Bestalde, Eusko Jaurlaritzearen erregistrora batu bako Euskal Etxeak be gogoan izan beharko geunkez. Oraintsu Erromako Associazione Culturale Euskara Euskal Etxeak ofizialtasuna lortu dau, hau da, Eusko Jaurlaritzearen Gobernu Bilereak aitatutako Euskal Etxearen ofizialtasuna aintatzestea erabagi dau.

Gauzak holan dirala, aurrerantzean zentru erromatarrak bere gobernu organoen eraketearen eta ganerako gizarte-ibilbidearen ganeko aldaketa guztien barri emon beharko deutso Jaurlaritzeari. Horrezaz ganera, euskal giza-taldeakaz dituan hartu-emon instituzionalak hobeto koordinetako asmoagaz, beharrezko datuak eskatu ahal izango deutsoz.

Armando Llanos euskal arkeologoarentzako Manuel Lekuona 2002 saria

Armando Llanos euskal arkeologoari emon deutse Manuel Lekuona 2002 saria, Eusko Ikaskuntzak, euskal kulturearen alde egindako beharra saritzeko urtero banantzen dauena. Llanos jn.aren ibilbidea sekulakoa da. Ikerketa eta azterlan ugari egin ditu azken urteotan eta datu legez baino ez bada be, hamasei aztarnategitako lanotan zuzendari nagusi izan da. Arabako Errioxako Biasterin, La Hoyan hain zuzen be 17 ikerketa kanpaina gidatu ditu.

Ikerlariarentzako gogoetarako motibua izan da sari garrantzitsu hau jasotea eta holakorik ez ebala espero eta bere beharra normaltzat hartzen dauela adierazo dau.