Musikea  IV. urtea // 123. zenbakia

Gernika musikaz blai


Hainbat lagunek hartu dabe parte ekitaldietan: Antton Valverde kantariak Santa Klara komentuan eta Batzar Etxean eskaini ebazan kontzertuak, Lauaxeta gogoratuz izenburupean. Bake eta Gerrako Akordeak zikloaren barruan poetearen lanek leku berezia izan dabe.

Kirmen Uribek eta Ramon Bareak be ekarpena egin eben, gitarrearen eta harpearen musikeaz poemak jantziz.

Poemez gan, Andra Mari eleizan organoaren soinuak indarra hartu eban Daniel Oiartzabalen eskutik eta baita 25 emakumez osotutako Vocalia taldeagaz be.

Bertakoak ahaztu barik, Jon Enbeita bertsolariak ekarpen berezitxua egin eban errezitatzaile lanetan.

Bizkaie!

Gernika musika-ekitaldiz beteta daukagu abuztuan. Metalway Festival izan da asteburuan Santa Luziako futbol-zelaian eta metal musikearen jarraitzaileek gozetako aukerea izan dabe. Andra Mari eta San Roke jaiakaz, ganera, kontzertu ugari eskaini dabez Euskal Herriko hainbat artistek eta, pasa dan astean, Donostiako Musika Hamabostaldiak urteeratariko bat antolatu eban bertan.

Lehenengoz egin da Bizkaian Donostiako Musika Hamabostaldiaren ekitaldiren bat. ‘Gernika aukeratu gendun gerrako pasarteen ikurretariko bat dalako’, adierazo eban Jose Antonio Etxenike, Hamabostaldiko zuzendariak. Aukeraketa horretan faktore bik izan dabe eragina: batetik, II. Mundu Gerra amaitu zala 60 urte pasau dira eta, bestetik, Estepan Urkiaga Lauaxetaren jaiotzearen mendeurrena izan dala eta Laukizko poetea bonbardaketearen ostean atxilotu eben Gernikan, ostean hilteko.