’Euzko’ bonbea
Euskaldunak asmautako bonbearen kontakizuna
Laborategian asmautako gauzen artean bonba bat egoan, ‘Euzko’ izenez bataiatu ebena. 1936ko irailaren 27an itzelezko bonbardeaketa jasan eban Bilbok. Bostehun bonba-suegile bota ziran Bizkaiko uriburura. Horretatik 127 geratu ziran eztanda egin barik eta Delicadok zuzentzen eban laborategira eroan ebezan. Bertan, aztertu eta eztanda ez egiteko izandako arazoak ikusi ziran. Ikusitakoa aztertu eta gero aldaketa batzuk egitea pentsau eben euskaldunek. Egindako aldaketekaz urrian bonba barriak egin eta probak hasi ziran, zelako eragina euken ikusteko asmoz.
‘Euzko’ bonbea be suegilea zan eta alemanek erabilitakoa baino 14 bider kaltegarriagoa. Alemanek egindakoa elektronez eginda baegoan, euskaldunek aluminioz eta kobrez egindako aleazino bategaz egin ebezan bonbak. Honeek egiteko kostuak be arindu ebiezan, ‘Euzko’ bonbea alemanena baino bi heren merkeagoa zalarik. Ganera ‘Euzko’ bonbea denpora gehiagoz egoan ‘martxan’ (kalteak handituz) alemanena baino. Azkenik, alemanek asmautako bonbetariko askok eztanda egiten ez baeben, euskaldunek egindako asmakizunak ez eban inoiz hutsik egiten, eztanda egiteko mekanismoan euskaldunek sartutako hobekuntza batzuei esker. Asmautako bonba barria gainera, bai morteroz zein hegazkinez botateko modukoa zan.
Ikusita asmautako bonbea erabilgarria zala, berehala hasi ziran egiteko ahaleginak. Egin eta botatakoak aparte, 1937ko maiatzaren 15ean gerra Euskadin amaitzear zala, 15.849 bonba geratzen ziran oraindino botateko moduan. Euretatik 10.480 ziran hegazkinez botateko eta 5369 morteroz botatekoak.
Gerrea amaitu zanean, euskaldunek Iparraldera eta erbestera joan behar izan eben. Atzerrian zirala mila arazo izan ebiezan, tartean diru eza. Jaurlaritzak baeukan diru apur bat baina Iparralden zein Atzerrian Jaurlaritzak emondako dirua eta beste edozein muetatako laguntzinoaren menpe bizi ziranak asko ziranez, dirua gitxitzen joan zan.
1939ko irailean II Mundu Gerrea hasi zan eta euskaldunei aspaldi bizitako irudi eta pasadisu berberak etorri jakiezan. Egoera horretan ba, aliatuei laguntzea baino ez egoan. Aitatutako laguntzinoa emoteko gogoa eta goian esandako diru ezak bultzauta, euskaldunak ‘aliatuen’ alde imini eben euren ahalmen guztia, baita euren garaian egindako asmakizunak be. Horreen artean ‘Euzko’ bonbea egoan.
Holan ba, Londresen egozan euskaldunak Ingalaterrako Gobernuagaz hartu-emonetan imini eta bonbea erosteko aukerea emon eutsien. Bonbearen truke lortutako dirua euskal erbesteratuen bizi-baldintzak hobetzeko erabilteko izango zan.
Ingalaterrako Gobernuak jakinmin handiz hartu eban euskaldunen eskeintza eta 1939ko abuztuaren 15ean José M. Delicado eta Juan Manuel Epalza, Euskal Gobernuko defensa aholkulariak, Londreserako bidea hartu eben. Goizeko hamaiketan arma biltegian euken hitzordua eta bertara hurreratu ziran. Han, gizon bi eukiezan zain: Ingalaterrako Gobernuko ataleko burua eta atal horretako teknikarietariko bat.
Goiz osoan galdera pila bat egin eutsiezan euskaldunei bonba barriaren ganean. Honeek azaldu eutsien asmakizuna ez zala barria eta batez be italiarrak eta alemanek erabilitako bonben hobekuntzea baino ez zala. Baina bonban beragan baino ingelesak interes handiagoa jarri eben bonbak lurretik botateko erabilitako morteroan egindako hobekuntzetan.
Azkenean joandako biak onartu ebenez, ingelesei ez jakien interesetan bonbea bera, morteroa baino. Baina bardin onartzen eben euskaldunak honen ondorioz sortutako hartu-emonak benetan interesgarriak zirala euskaldunentzako eta Eusko Jaurlaritzarentzako garrantzi politiko haundia eukala egindakoak.
Eta horretan geratu zan ‘Euzko’ bonbearen eragina. Jaungoikoari esker ez zan bonba atomikoa izan, baina ikusten dogunez, euskaldunek asmau eben zeozer bonben inguruan.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Aurreko asteetan izan dira Nagasaki eta Hiroshima Japoniar urietako bonbardeaketen urteurrenak. Hainbat hildako eta hainbat zauritutako geratu ziran Estadu Batuarren eretxiz Bigarren Mundu Gerreagaz amaitzeko ‘ezinbestekoak’ izan ziran bonbardeaketa honeen ostean.
Bertan botatakoak asmau barriak ziran bonba atomiko bi izan ziran. Gaur ba, bonben ganean egingo dogu berba eta hain zuzen be, euskaldunek asmautako bonba barri baten ganean: ‘Euzko’ bonbea. Horretarako 1936. urtearen erdialdera jo behar dogu: garagarrilean Gerra Zibila hasi eta euskaldun gehienak Errepublikearen kontra matxinatutakoen kontra burrukatzeko preparau ziran. Urrian eratu zan lehenengo Eusko Jaurlaritza eta Gobernu barriaren ‘Defensa Zaingoak’ beste proiektu batzuren artean laborategi bat martxan jartea pentsau eban.
Laborategia Asuan egoan, SIGA enpresan. Gobernuaren aginduz, bertoko agintaritzea José María Delicado injineruak hartu eban. Beragaz batera beste lau persona jarri ziran lanean: kimiko bat, farmazian lizenziaduna beste bat, kimika laguntzailea hirugarrena eta mekanikoa azkena. Laborategiaren helburua gerrarako tresnak eta armak asmetea zan. Eta horri ekin eutsen gerra garaian.