Bidaide  IV. urtea // 123. zenbakia

Txina eta gitxiengo etnikoak (I)


Alde on eta txarrak

Yunnan eskualdeko herritxuetatik bueltatxu bat emon ezkero, bertako gitxiengo etnikoek Han gehiengoagaz ez daukiela zerikusirik atoan igarten da. Baina daukiezan pribilegioak be ikusgai dagoz: herritxuetan, asfaltau bako kaleetan giroa sekulakoa da. Baso tropikaletan, banbuz eta bedar sikuz egindako etxetxuetan hainbat umetxu dagoz eta Han-ak baino ez dagozan lekuetan hori ikustea ezinezkoa da. Gitxiengo etnikoetan, ‘seme bakarraren’ politikea existidu be ez da egiten eta, ‘ezaugarri horrek laguntzen deutso etniari ez desagertzen’, dino Varnomelingen-ek.

Gitxiengo etnikoek erraztasunak daukiez hirugarren hezkuntza-mailara sartzeko, dinoe Han-ek. Baina ‘aho biko ezpatea da hori’, zehazten dau Dou You-k. ‘Akha’ etniako gaztea da bera. ‘Egia da gitxiengook ez daukagula kuporik unibersidadean sartzeko baina horren helburua bardintasuna da. Jaso geinken edukazino bakarra Han-en parekoa da: euren hizkuntzan, euren gobernuaren gidaritzapean eta euren arauakaz’.

Jinghong-en, Xishuangbanna lurraldeko uriburuan kale zabalak eta puntako ibilgailuak ikusteak harritu egiten dau. Bertako gehiengoa Dai etniakoak dira. Hemen, Han-ak gitxiengoa dira, Li Guok zehazten dauen legez, baina ‘kontrol ekonomikoa eurak daukie, baita lanpostu onenak eta kontrol politikoa be’. Hori bai, gobernuak itzelezko azpiegiturak eraikitzen ditu eta horrek, bertoko Dai-en arabera, ‘lurraldeko baliabideak esplotetan laguntzen dau’. Beijing-eko politikoei horren harro sentiarazoten deutsiezan sei erraileko autopistak gizartean arazoak sortzen hasi dira. Modu ofizialean lurra publikoa da, estaduarena. Horregaitik ez da zertan inori jaubetzea kendu bertan zeozer eregiteko. Kalte-ordain gitxi batzukaz dana konponduta. Halanda be, nekazariak kantsauta dagoz eta Poliziari aurre egiten hasi dira. Aurrez-aurrekoak oso gogorrak izan dira eta, hori ikusita, gobernu txinatarrak herrialdearen iparraldeko autopistearen norabidea aldatu behar izan dau.

‘Partidu Komunistak badaki txinatar miraria herrialdearen egonkortasunaren menpe dagoala eta gitxiengo etnikoak etenbako mehatxua dirala’, dino Koen Varnomelingen-ek. ‘Kontua kontrolpean izan gura badabe, akulua gorde eta eskuzabaltasuna erakutsi beharko dabe. Txinatarrak ez dira bape tontoak eta hasi dira horretan. Bihar-etzi, gitxiengo etnikoek herrialdearen oinarri ekonomikoan eta politikoan zeresan handia eukiko dabe. Horregaitik, Gobernuak ahal dauen dana egin behar dau gizarteko desbardintasun itzelek kontrolik barik urten ez dagien’.

Idazlearen oharra: Etxean gagoz! Hiru hilabeteko bidaia luzearen ostean, Euskal Herriko bizimoduaz gozetan gagoz barriro. Holan ba, oraindik zemendira bitartean, Bidaidek jatorrizko izaerea hartuko dau barriro. Demelsaren kronikakaz asko disfrutauko zenduela espero dot eta aurrerago etorriko diran erreportajeakaz be holan izatea gurako neuke.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Asia erraldoiean 56 talde etniko desbardin dagoz, bakotxa beraren kultur berezitasun propioakaz. ‘Han’ etnia nagusiaren garapen ekonomikoak Txinako gizartearen desbardintasunak erakusten deuskuz eta, aldi berean, pobreziak eta globalizazinoak gerrei eta iraultzei aurre egin eutsen antxinako bizimoduei mehatxu egiten deutse. Datozan erreportaje bietan etnia honeen egoerea aztertuko dogu.

‘Travelogue’ CCTV9 telebista kateko programa garrantzitsuena da. Kate hori da, hain zuzen be, Txina osorako ingelesez dagoan bakarra. Programa danetan, kultur arloko aurkezleek (danak txinatarrak, gehienak ‘Han’ etnia nagusikoak) herrialdeko lekurik ostenduenak bisitetan dabez biztanle ‘exotikoen’ bila. Mendebaldeko turisten antzera, Txinako gitxiengo etnikoek osotzen daben mosaikora hurreratzen dira, zoo bat bisitetan dauenaren antzera. ‘Ze bitxia dan hau... zelan bizi ahal dira holan oraindino?...’. Kateak atentzino bereziz azaltzen dau gobernuak etnia honeen ekonomia garatzeko eta azpi-egituren hobekuntzarako laguntzinoak emon dituala. Halanda be, alde nabarmena igarten da Txinako 9 miloe kilometro koadroetan bizi diran Han etniakoen eta gainontzeko 56 etniakoen artean.

Herrialdeko komunikabide danen legez, CCTV (China Central Television) be gobernu komunista gogorraren kontrolpean dago eta edukiek kazetarien euren autozentsuratik eta zentsura-idazmahaitik pasau behar dabe. Horregaitik, ez da harritzekoa ikus-entzuleek ez jakitea Xinjiang edo Tibet independentzia eskatzen dagozala eta, gehienentzat, lurralde honeen arazoak terrorismoagaz daukie zerikusia kultureagaz edo historiagaz baino. Holan ba, Han gehienek zeozelako mesfidantzeagaz ikusten dabez gitxiengo etnikoak.

CCTVk eta gainontzeko komunikabideek gobernuak Yunnan, barrualdeko Mongolia eta Xinjiang lako lurraldeak garatzeko daukazan planak nabarmentzen dabez, autopista erraldoiak, zentral nuklearrak, urbanizazino ikusgarriak... Azken baten, kontu honeek ez daukie ezelako zerikusirik bertan bizi diran gitxiengo etnikoen bizimoduagaz.

‘Gobernuak oso ondo garatzen ditu plan makroekonomikoak baina ez daki jentearen beharrizanei erantzuten’, dino Koen Varnomelingen-ek, Txinan UNICEFen Nutrizino, Osasun eta Edukazino Zuzendariak. ‘PCCk ezkerreko eskuaz ez daki ezer eta esku gogorraz larregi’.