Barriketan  IV. urtea // 123. zenbakia

Zigor Aldama eta Demelsa Gonzalez: 'gure asmoa Txinan bizitea da'

Hemen dagoz, heldu dira. Ia lau hilabetez izan dira kanpoan baina Zigor Aldamaren eta Demelsa Gonzalezen poz aurpegia ez da aldatu. Gauza asko daukiez kontetako eta, gehiago barik, hona hemen:

1.- Eguzkia lehenengo ikusten daben herrialdeetara bidea hartu baino lehenago, ‘Asia etorkizuneko kontinentea da’ esaten zendun, Zigor. Handik bueltan, gauza bera pentsetan segiduten dozu?

Bai, eta arrazoi gehiagogaz ganera. Egin dodazan bidaia guztietatik, eta hamar dira daborduko, interesgarriena hau izan da. Bidaiako gairik garrantzitsuena ekonomiaren ingurukoa izan da, Asiaren etorkizun ekonomikoarena eta batez be Txinarena. Bertan dagozan hainbat euskal enpresaburugaz egin dogu berba, gobernuz kanpoko erakundeakaz be bai... Modu batera edo bestera, garapen ekonomikoagaz zerikusia daukan jente askogaz egon gara.

Garapena, zenbakietan ikusteaz gan, jentea zelan bizi dan ikusterakoan be igarten da. Lehenengoz orain sei urte joan nintzan Txinara eta aldaketea itzela izan da. Bilbao 60 urtean aldatuko dana aldatu da Txina sei urte honeetan. Horrek guztiak gauza bat pentsarazoten deutsu: Txina, Asiaren motor legez, munduaren etorkizuna da. Munduko makina ekonomikoa da, Txina jausten bada danok goaz behera eta momentu honetan danok, batez be Estadu Batuak eta Europa, Txinaren menpe gagoz. Lehenago, Estadu Batuak Txinara joan ziran eskulan merkeagoa egoalako baina, orain, txinatarrak eurak dira merke produzidu eta merke saltzen dabenak.

Baina kontu ekonomikoez gan, jentearen nortasuna be aitagarria da. Ez dauka gureagaz zerikusirik. Euskal Herrian lar ondo bizi garala konturatu gara, txarrago bizitera ohitu beharko gara, soldatek behera egingo dabe eta lan-baldintzak gero eta txarragoak izango dira... Aldatu egin behar da, Txinako gizartea oso arin garatzen doalako.

Horregaitik, guretzat, kazetari legez, Asia da etorkizuna. Gure asmoa nonoiz han bizitea da, ze, azken baten, danori interesetan jaku han pasetan dana.

2.- Hainbat herrialdetan egon zaree, Txina, Japonia... Zein nabarmenduko zeinkie eta zergaitik?

Demelsa: Bat be ezin leike konparau Txinagaz. Merezidu dau, berbarako, Janponia bisitetea, baina bertako populazinoa harri bat baino gogorragoa da. Jentea automata lakoa da eta ez deutsue kasu lar egiten. Txina, barriz, zoragarria da. Shangai sano polita da eta inguruko herri txikitxuetako jentea ezagutzea be esperientzia polita izan da.

Mongoliara ezin izan gendun joan, egun bat lehenago pasaportea galdu nebalako. Pena hori geratu jat, bidaiako parterik abenturazaleena zalako.


3.- Etxetik urtekeran, jateko kontuetan arazorik ez eukitea garrantzitsua da bizirauteko eta Demelsa txirri-txirriak jaten be ikusi dogu. Zelakoa izan zan esperientzia? Bestela, zer jaten zenduen normalean?

Demelsa: Barriro egingo neuke. Hori bai, udako gau honeetan ez naz txirri-txirriak topetan hasiko! Intsektuek atzera botaten deutsue baina ganbak edo angulak lehenengoz jan behar dituan persona batek erantzun bera eukiko leukela uste dot.

Txinan, jatekoa oso gozoa da. Nik, batez be, arroz-pasteagaz egindako enpanadillak jaten nebazan, dumplings izenekoak, barruan barazkiakaz edo okeleagaz.

Zigor:Ohartxu bat egin behar dot: Demelsak dumplingsak baino ez ebazan jaten! Zopea be askotan jaten eban.

Demelsa:Zopak ez dira hemengoak lakoak. Fideoak oso lodiak ziran eta likido gitxi euken. Espagetiak salda apur bategaz lakoak dira hango zopak, benetan gozoak.

Zigor:Txirri-txirrien kontuan, bizirik erosi genduzala aitatu behar da. Zarata-hotsean eroan genduzan jatetxeraino eta, lantzean behin, batek salto egin eta txinatarrek arrapaladan egiten eben atrapetako. Gero, hegoak kendu eutsezan, oraindino bizirik egozala. Hori gogorra egin jakon Demelsari, baita jatetxe korear batean plantxara ganbak bizirik botaten ebiezala ikustea be.

Gastronomiaren kontuan be, Txina zoragarria da, danetarik dago. Hori bai, gauza bereziak be badaukaz. Demelsari txakurra jaten dagoala esaten badeutsazu...

4.- Euskaldunek Txinan daukien presentzia azpimarratu izan dozue eta merkadu garrantzitsua zabaltzen ari dala dinozue. Zergaitik?

Zigor: Euskal Herria Txinara berandu heldu dala uste dot. Ezagutza edo gogo falteagaitik izan daiteke hori. Orain gero eta presentzia gehiago daukagu han, baina arazo bat dago: euskal enpresak ia behartuta doaz Txinara, beste urtenbiderik eukiko ez balebe lez, konpetentziaren aurrean euren burua zeozelan defendidu guran edo. Horregaitik, aldaketea arinegi egiten dagoz eta Txinara ezin leike joan hurrengo egunean dirutzea egingo dozula pentsetan. Hango merkadua oso berezia da eta txinatarrakaz negozioak egitea ez da bape erraza. Kulturea oso ondo ezagutu behar da aurrera egin ahal izateko eta, holan eta guztiz be, askok ezin izaten dabe aurrera egin. Horregaitik, Eusko Jaurlaritzak SPRI bulegoa dauka han, enpresa hasibarriei laguntzinoa eskaintzeko.

5.- Ia lau hilabeteko bidaia luzean, zeren faltea igarri dozue gehien?

Demelsa: Ezebez. Akaso, familia, baina ganerako kontuetan, ezebez.

Zigor: Gainontzeko bidaietan familiaren faltea askozaz be gehiago igarri genduan baina, oraingoan, ez. Oso arin joan da dana eta beharrean buru-belarri sartuta egon gara. Beste bidaietan, behar egiten genduan baina erreportajeak bueltan idazten genduzan. Oraingoan, barriz, handik idatzi doguz eta egun osoa beharrean egin ostean, gauez cyber zikin batean sartu eta erreportajea egin behar genduan. Horregaitik, zer falta jakun pentsetako astirik be ez geunkan.

Ah! Zinearen faltatxua euki dot. Hainbat film erosi dodaz, asiarrak, baina han ezin nebazan ikusi!

6.- Momentu berezien artean bat nabarmentzekotan, zein? Anekdotaren bat gogoratzen dozue?

Demelsa: Hong Kong-en, oso gogorra izan zan Indonesiako neskatxu etorkin batzuek zelan bortxatu ebiezan azaldu euskuenean. Oso gogorra egin jatan.

Zigor: Anekdoten artean, bat gogoratzen dot. Japonen, Kyoton, metrotik urten eta emakume bat lurrean botata egoala ikusi genduan. Inork ez ekian zer pasau jakon. Demelsa han geratu zan eta ni billeteen kontu bat egitera joan nintzan barrura. Bueltan, anbulantzia han egoan eta emakumeari bihotz-masajea egiten egozan. Demelsa oso urduri egoan eta kontau eustan emakumea gero eta zuriago ikusten ebanez, berak emon eutsozala bihotz-masajeak.

Demelsa: Ahoz ahokoa be egin neutson! Amaitzeko gogo itzela neukan, baina... Zuri egoan, siku, gogor...

Zigor: Kazakhstanen muga parean bizi genduana be kontetakoa da. Tour bat kontratau gendun hara joateko. Hasikeran, lau orduko bidaia zala uste genduan. Gero, hamahiru izango zirala esan euskuen eta, azkenean, askozaz be gehiago izan ziran, autobus zahar baten saltoka bideetako harriak zirala eta. Ni oso txarto heldu nintzan.

Osteratxuan, bikote estadubatuar bat ezagutu gendun. Behin mugearen parean, neska hark eta Demelsak zaldian ibili gura eben. Lehenengo, gugaz autobusean etorri ziranakaz eztabaidatxua euki gendun ze Demelsak zaldian ibili gura eban eta hareek bueltan joan gura eben. Azkenean, estadubatuar biek eta guk zaldi bana hartu eta ibilbideari ekin geuntson. Pinudi batera sartu ginanean, neska estadubatuarraren zaldia bildurtu egin zan eta neskea, arbolearen kontra itzelezko golpea hartu ostean, zalditik jausi zan, harrien ganera. Gero, neuri be, adar batek buru erdian emon eustan eta odoletan hasi nintzan. Bitartean, Demelsa aurretik joian zaldi ganean, poz-pozik.

7.- Zeintzuk izan beharko litzatekez, zuen ustez, bidaiari onaren dekalogoaren lehenengo hiru puntuak?

Zigor: Lehenengoa: bidaia preparau. Ezin da herrialde batera joan zelakoa dan jakin barik. Bueno, joan, joan leiteke, baina gero gerokoak datoz. Gidak oso garrantzitsuak dira eta, gaur egun, Interneten be informazino asko dago. Gitxi gorabeherako ideia egiteko balioko deusku honek.

Behin bidaian gagozanean, errespetua eukitea eta kontuz ibiltea oinarrizko kontuak dira. Ezin da mundua jan guran joan, albokoaren ganetik eta bertako jenteari eta kultur1eari ezelako errespeturik euki barik. Bisitetan dan herrialdearen ohiturak ulertu behar dira eta euren lako bizimodua egiten ahalegindu. Bestalde, jatekoagaz, edatekoagaz, norberaren gauzakaz... kontuz ibili behar da.

Zer egin gura dozun pentsetako eta antolatzeko minutu batzuk hartu ezkero, gauzek hobeto urtetan dabe.

Azkenik, garrantzitsuena akaso, badaia aprobetxau. Ingurua ikusteaz gan, jenteagaz hartu-emonak izatea oso aberasgarria da eta benetan herrialde bat aberats egiten dauena bertako jentea da. Paisajeak politak edo deigarriak dira, bai, baina jentea ezagutzeak gehiago balio dau.

8.- Hurrengo bidaia, nora eta noiz?

Zigor: Hurrengo bidaia urriaren amaieran izango da. Ez dakit Demelsak etorterik eukiko dauen, lanez ganezka dago eta. Nik oraindino esperantzea badaukat eta etorriko dala uste dot.

Tsunamiak astindu ebazan lurraldeak ikusiko doguz Indonesian eta Birmaniara be joango gara. Ni egonda nago Birmanian baina barriro joan gura dot, lehenengo aldian denpora gitxi egon nintzalako. Hong Kong-etik sartuko gara eta gero hara eta hona ibiliko gara.

Saioa Torre Gereketa