Bertsotan  I urtea // 15. zenbakia - 2002ko abenduaren 1a

Bizkaierea bertsotan


Bizkaiko Bertsolari Txapelketea 2002:

Igor Elortza txapeldun. Ez zan ezustekorik izan, Unai Iturriaga eta Igor Elortza geratu ziran azkenerako eta Elortza nagusitu zan. Gogoratu, Unai Iturriaga eta Igor Elortzagaz batera, Iratxe Ibarra, Beñat Gaztelurrutia, Fredi Paia, Oihane Enbeita, Igor Muniategi eta Etxahun Lekue izan zirala.

Iñaki Aurrekoetxea

Ez pentsau ohiko berbetea danik bertsotan. Bizkaiko bertsolaritzearen tradizinoan euskera batuak itzelezko arrakastea lortu eban eta hamarkada batzuk behar izan dira mendebaldeko euskaldunok geure inguruan behintzat hemengo euskalkia erabili beharko geunkela konturatzeko.

Martxan dagoan txapelketea hartuko dogu gaia aztertzeko ispilu legez, baina komenidu da aurretik nondik gatozan gogoratzea. Gerra osteko bertsolariei erreparauta, Balendin Enbeitak bizkaieraz kantau baeban be, 60. hamarkadan euskera batua sortu eta esparru oso zabala hartu eban, batez be eremu eskolatuan, eta bertsoa be arrakastaz seduzidu eban. Euskal Herriko plazetan kantetan eben bizkaiko bertsolarientzako bertsotarako hizkerea bihurtu zan euskera batua, berba bizkaieraz egin arren. Ganera, kasu gehienetan bizkaierea aho-belarriz jasotakoa zan, eskolatu bakoa eta gehiegitan konplejuz betea. Gure aurreko belaunaldiaren oinordetzea da hori.

Dana dala, 80. hamarkadan bertso-eskolen iraultzea etorri zan, baina bizkaierea ez zan ondino lozorrotik atara. Bai, Jon Lopategik eta besteren batzuk kantetan eben, baina listo. Xabier Amurizak berak, aitatu iraultzearen bultzatzaileak, denporea behar izan eban euskalkiaren aldeko apustua egiteko. Hori bai, behin apustua eginda ez zan geldi egongo Etxanoko maisua eta bertsolari gazte askori bizkaieraz kantetako gogoa transmitidu euskun. Aritz Lopategik eta Juanjo Respaldizak beti egin dabe bizkaierearen hautua, baina besteoi gatx egiten jakun beste barik bizkaieraz kantetan hastea, gehienok batuan eskolatuak izanda. 96an, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatuta, Amurizak 'Bizkaieraz bertsotan' izeneko ikastaroa emon eban Muxikako Ariatzan eta han erakutsitakoak liburuxka batean batu ziran. Han izan ginanon artean, Unai eta Igor, ordurako Bizkaiko gailurrean eta ordutik aurrera plazetako bizkaierearen abanderatu barriak.

Batean ala bestean egin horrenbesteko aldea dago ala?

Bai eta ez. Ez, behin landu ezkero, bertsolariaren ohiko hizkerea bada naturalagoa eta komunikatzaileagoa dalako. Baina bai, edozelako bizkaiera erabiltea komenidu ez dalako aitatu moduan lanketea eskatzen dauelako. Erabiltekotan koherentziaz erabili behar da, nahaste barik, Bizkaiko (edo Euskal Herriko) edozein plazatan aituko daben bizkaiera estandar bat, lokalismoak tokian tokirako itxita. Eta hori landu egiten da. Errima zerrendak ez dira pobreagoak, desbardinak dira kasu batzutan. Esate baterako, '-zke' errimea laburtu egingo jaku, dituzte eta nituzke moduko aditzak baztertuta, baina modu berean '-ez' errimea aberastuko geunke: dabez, neukez, zaitekez... Aditza bizkaiera batuarena proposatzen da, lekuan lekuko aldaerak erabilera esparru lokalagora mugatzen diralako. Deklinabideari jagokonez, argitu bako kontua dala autortu behar dogu. Bizkaiereak hiru azpi-sistema edo marka ditu (-ea, -ia eta –ie) eta bizkaiera idatzirako –ea markea proposatzen bada be, bertsotan ez dogu ondino pausu hori emon eta egia esan alde ederra dago: eskolan ikasitako errima zerrenda gehienak ahaztu eta barriak egin beharko geunkez. Ikusiko da norantz egiten dan.

Bizkaiko Txapelketan dabilzan bertsolarien artean ondino gitxi batzuk dira bizkaierearen aldeko apustu garbia egin dabenak. Egia da tartean azken txapelduna dagoana, eta horrek erakusten deusku landu ezkero bertsoaren maileak ez dauela behera egiten, kontrakoa esango neuke, Igorren eta Unairen kasuak ikusita. Aurten ganera beste bi nabarmendu gura geunkez: Iratxe Ibarra eta Etxahun Lekue. Iratxek gogoan daukat bizkaieraz kantetako zailtasun asko ikusten zituala, bere markinarra bizkaiera batutik urrun egoala-eta, baina lantzeko aukerea izan dauenean, abantailak be ikusi deutsoz eta Bermeoko finalaurrean erakutsi eban bere ohiko txukuntasunak ez dauela indarrik galdu euskalkian kantauta. Gure artean: saioaren ostean brometan gogoratu neutson bertso bateko azken oina gabe bota ebala...autortu eban eskapadea izan zala, ahal dala ez dauela erabilten eta orduan beste bat eukala amaierarako gordeta, bapebe, baina puntua okerreko bidetik hasi eta zelan edo halan konpondu ebala. Ekarpen politak egin dituala uste dot eta finalean barriro entzuteko aukerea izango dogu, zorionez...zorionak. Zorionak merezidu ditu Etxahunek be, Iratxek moduan modu koherentean tratau ebalako euskalkia, berbakera fresko eta naturala erabiliz ganera.

Bertsolari askok egia da bizkaierazko aditzak eta berbak erabilteko bildurra galdu dabena, baina momentuan igerten da ez dabela landu eta saioak aurrera egin ahala lehenengo euskalkia eta batua nahasten dituela bertso berean eta azkenerako batua hutsean amaitzen dabela. Ez da kritikagarria, joera naturaltzat hartu behar dogu garaiotan. Hori bai, bertsolari gazteak animau gura geunkez, bizkaieraz kantetakotan pausu bat egin dagien aurrera, behar dauen lanketea eginaz eta zergaitik ez, bertso-eskolan, Alkartean-eta laguntzea eskatuz. Ala ondo pentsauta, bertso-eskoletan, Alkartean-eta hoba aurreratzen bagara eta behar bezelako transmisinoa bideratu. Non hago Etxanoko pastorea?