Eretxia  IV. urtea // 122. zenbakia

Soberanotasuna Europan?


Ikusi izan dogu BBVA bankuak Italian izan dituan trabak Banca Nazionale del Lavoro erosteko. Nor eta Italiako gobernua, arau europarrak alde batera itxita, berarenak eta bi egiten ibili da erosketeari trabak jarteko. Non geratzen da kapitalak mobiduten ixteko ustezko askatasuna?

Horrezaz ganera, gogoan izan daigun aurrekontu publikoaren ganeko Europako araua apurtu ebela estadu batzuk. Honeen arabera, galazota egoan Barne Produktu Gordinaren % 3ko defizita baino gehiago izatea. Frantziak, Alemaniak eta Italiak gainditu egin dabe muga hori eta instituzino europarrak ez dira gauza izan araudian agertzen ziran zigorrak martxan iminteko.

Kanpo hartu-emonei jagokenez be, ezin da esan Europako estaduak batuta dabizanik. Irakera joan dira batzuk (Britainia Haundia, Italia, Polonia,…) eta beste batzuek ez dabe horreen ganean ezer jakin gura (Alemania eta Frantzia, besteak beste). G-7 eta Nazino Batuen Erakundean be, Europar Batasuneko partaideak diran estadu batzuk dagoz. Ez dau emoten erretirau egingo diranik hareen ordez Europar Batasuna sar daiten.

Justizia sistemak be desbardinak dira Europan. Eta jazoera mingarriak izaten dira horren ondorioz. Europol sistemeagaz, gaizkileak Europako estadu batetik bestera bialdu behar dabez epaituak izan daitezan. Igazko martian Madrilen izandako atentaduakaz ustez zerikusirik izan eban persona baten estradizinoa eskatu eutsen epaile espainiarrek Alemaniako justiziari. Ba ezinezkoa izan zan estradizinoa, ustezko gaizkilea Alemaniako uritarra zalako eta bertako Konstituzinoak galarazo egiten dauelako uritar alemaniarren estradizinoa. Ganera, disposizino hori arautzen dauen artikulua ezin da inondik inora be Alemaniako Konstituzinotik kendu.

Aurreko guzti honegaz ez dot esan gura estaduak ahalguztidunak diranik eta Europako instituzinoek ez dabela ezer agintzen. Gaur egun eta epe luzean, behinik behin, estaduek zer esaterik daukie eta izango dabe europarron bizimoduan. Daborduko ez da ikusten Kohl, Miterrand, Delors eta Gonzalez lako europarzaleen gogoa Europa eregi guran. Eta epe luzean, nork daki. Ekonomian esaten dan moduan: ‘epe luzean, danak hilda’.

Iñaki Atxutegi

Azken egunotan, soberanotasunaren ganeko debatea zabaldu da gure artean. Europan gagoz eta horrexegaitik bestelako kategoria politikoak sortzen dira Europar Batasunaren eregitearen ondorioz. Batzuen eretxiz, Europan estaduak desagertzeko bidean dagoz, Batasunak horreen funtzino asko hartu izan ditualako. Horrenbestekoa ete da aldaketea?

Egia da moneta bakarra daukagula europar gehienok. Frantziako frankoa, Alemaniako markoa eta Espainako pesetea desagertu egin dira euroaren mesedetan. Horrezaz ganera, Europako Banku Zentralak ezartzen dau interes tipoa Europa osorako, gure hipotekak eta inbertsinak markatzen dituan indizea, hain zuzen be. Ondorioz, ekonomiaren ganeko politikea egiteko ahalmenea galdu dabe estaduek?