Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 122. zenbakia

AEBetako kartzela ezkutuak


Begiluzea

Amnesty International giza erakundeak zabaldu dauen txostenak Ameriketako Estadu Batuek euren lurraldetik kanpo ezkutuan preso hartu dabezan 70.000 lagunen atxiloketak gogor salatu dauz.

Yemengo preso biren kasuak aitatzen dauz AIk idatzian. AEBren eskutik, atxilotutako biak Jordaniako kartzela sekretu batean egon ziran 18 hilabetean.

Kartzelatik urten ostean, Amnesty Internationaleko ikertzaile batengana jo eben atxilotutakoek eta jazotakoa azaldu eutsien. Esan ebenari jarraituz, Jordaniako inteligentzia zerbitzuetako kide batzuek torturau eta geroago lur azpiko espetxe batean giltzapetu ebezan. Kateatuta, eguzki argirik ikusi barik eta familiagaz nahiz abogaduakaz berba egiteko aukera barik igaro behar izan ebezan 18 hilabeteak.

Horrenbestez, Sala Nasser Salim Ali eta Muhammad Faraj Ahmed Bashmilaren deitutako presoen kasuak jasotzen dauz Sharon Critphen txostenak. Gaur egun, Yemenen dagoz biak preso, Washingtonek halan eskatuta, hareen kontrako salaketarik egon ez arren.

Dick Cheney-ren duintasuna

Bestetik, Dick Cheney AEBetako presidenteordeak orain dala gitxi egindako adierazpenetan, Guantanamon dagozan presoen egoerea salatu gura ebenen ahotsa isilarazo gura izan eban, bertan dagozan presoak egoera oso duinean bizi dirala argudiatuz. 'Diru asko bideratu genduan Guantanamo eregiteko. Presoak ondo jagoten dabez. Tropikoan bizi dira. Ondo jaten dabe. Gura daben guztia daukie'. Horra hor Dick Cheney AEBetako presidenteordearen adierazpenak.

Horregaz konforme ez, eta Guantanamo 'izebergaren muturra' besterik ez dala salatu eban aurreko astean Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak. Haren esanetan, irailaren 11ko erasoetatik aurrera AEBek 70.000 persona hartu dabez preso ezkutuan. Horreetariko batzuk askatu dabez, baina beste askok preso jarraitzen dabe.

'Ezkutuko atxiloketak amaitu behar dira, ez bakarrik tortura eta tratu txarrak errazten dabezalako, ezpada edonor desagertu eragitea nazinoarteko legediaren kontrakoa dalako, salatu eban Amnesty Internationalek.

Nazinoarteko ikerketak eskatu dabez

Ildo honi jarraituz, beraz, ezkutuan atxilotutako personen izen-abizenak zabaltzeko eta non dagozan esateko eskatu eutson Amnesty Internationalek Bushen gobernuari. Jordania, Pakistan, Egipto, Thailandia eta Afganistango kartzelak aitatzen dauz dokumentuak.

Injustizia horreek ikusita, ezkutuko kartzeletan atxilotuta daukiezan eta euki dabezan presoen kasuen ganeko informazinoa sekretupetik atarateko, ez-legezko atxiloketak bertan behera ixteko, inkomunikazinoa eta tratu txarrak desagertu eragiteko eta nazinoarteko legea errespetatuz atxilotuak epaitzeko exijidu deutso Amesty Internationalek Washingtoni. Erakundearen ustez, era honetako atxiloketetan, torturak eta tratu txarrak handitzen dira.