Son of the Mask
Urte batzuk igaro dira 'Maskara' izeneko film arrakastatsua ikusteko aukerea euki genduanetik; Chuck Russell-en film horrek hirurehun eta berrogeita hamar miloe dolar batu ebazan mundu osoan, eta, hari esker, Jim Carrey histrionikoa eta Cameron Diaz erakargarria ezagutu ahal izan genduzan. Sekula ezin izan dot ulertu film horrek zergaitik sortu eragin eban hainbesteko ikusminik; beharbada dan-dana sasoi horretan erabilitako efektu berezi barritzaile, landu eta onen ondorioetariko bat izan zan.
Oraingo film honek, ostera, ez dau aurrekoaren arrakastea jadetsi; Estadu Batuetan hamazazpi miloe dolar baino ez dauz batu (gomutau behar da filmaren aurrekontuak larogei miloeko kopurua gainditzen dauala), eta ez da lehenengoa baino txarragoa; guztiagaz be, saihestu ezinezko oztopo bi daukaz: Jim Carrey ez dago antzezleen artean eta gaur egunean teknologia digitala 1994an baino askoz be arrunt eta ohikoagoa da; horrek guztiorrek, duda barik, karisma eta freskotasuna kendu deutso.
Filmaren argumentu eta gidoia lerro bitan laburtzeko modukoak dira eta barregarriak izaten ahalegintzen diran baina gehienetan irribarrerik be eragiten ez deuskuen gang-ak alkarren jarraian ikusi ahal izango doguz. Egia esan, honako hau umeak beren beregi entreteniduteko produktua da. Sei urteko lobeari, behinik behin, gustau jakon.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Lawrence Guterman.
-Herrialdea: AEB.
-Iraupena: 94 minutu.
-Antzezleak: Jamie Kennedy (Tim Avery), Alan Cumming (Loki), Bob Hoskins (Odin), Traylor Howard (Tonya), Steven Wright (Daniel Moss), Kal Penn (Jorge), Ben Stein (Dr. Neuman), Sandy Winton (Chris), Rebecca Massey (Clare), Magda Szubanski (Betty), Victoria Thaine (Sylvia), Ryan Johnson (Chad), Raj Ryan (Dr. Hamada).
-Gidoia: Lance Khazei.
-Argazkia: Greg Gardiner.
-Muntaia: Malcolm Campbell eta Debra Neil Fisher.