Bertsotan  IV. urtea // 122. zenbakia

Begoñako Amari


BEGOÑA'KO AMARI

Bizkaiko estalpe urdiñez jantzia,
Begoña'ko izarra ta lora garbia,
argitu, gordetu zeruko bidean
euskotarren lurra, lur zoragarria.

Aingeruk Begoña'n, mendi maitetsuan,
eleiz bat zuretzat urrez egin eben.
Jauregi orretan Euskaldun garbiak
eskeintzen dituzte biotzak Amari.

Or dagon lurgaña estaltzen dabena
atxurdin guriak, euskotar semeak
iñoiz eztabe lur autsagaz zikindu,
ba igesten ditubez usok lez lokatzak.

Itxas-aldeko izar argi-legun ori,
igon illuntzean mendi tontorrera,
Bizkaiko lurrean bidazti galduai
argitzeko zeru aldeko bidea.

Negu gogorrean arrantzaleari
emon estalpea ortzia urdindurik,
eta zeure janzki euskotar alabak
eundukoaz egin aize-oial on bat.

Laster ur-ontziak lurra dakusaten,
ta gero bernutzik Begoña'n aldapa
igon daien itxas erdian negarrez
eskeñitako itza pozik betetzera.

Euskal amak zure jauregira seme
onak eskeintzera eroan oi dabez,
neu ere amatxok gaztea nintzala
zure magalpera ekarria naiz-ta.

Zu izango zara bai gure Bakalduna
urre-zigorrez gurutze deunagaz,
Zurekin betiko azkatasunera
jaioterriagaz eramango gaizuz.

Jainkoaren ama: gure mendietan
artalde zuriak ugaritu beti;
eta udabarrian zugatz tantaietan,
poza urretxindorrak abestu deiela.

Baserri aldetan ixuri alaia
soloetan emaitz ederrak azirik.
Semetxo danakin guraso laztanak
sukalde beroan batuizuz neguan.

Iñon muga barik gentz zoragarria
itxaso ta mendi-gañetan zabaldu,
uri andietan anai-maitasuna,
toki guztietan donokiko poza.

Nire neurtitzari zure Gizkarbia
goratzeko beti gogo goi-zalea
Ta jausi ditela jauregi ortatik
ondasun euria euskal-erritara.

Ezdiela iñoiz be lañoak eskutau
argi ori, Ama, eta gure errian,
biotzean zildu dan iturri ori
jario ditela danentzat azkenge.

Bizkaiko estalpe urdiñez jantzia,
Begoña'ko izarra ta lora garbia,
argitu, gordetu zeruko bidean
euskotarren lurra, lur zoragarria.

Abuztuko data esanguratsu biren artean gagoz. Abuztuaren 3a berezia izan da aurton, Estepan Urkiaga Lauaxetaren jaiotzearen mendeurrena bete dalako. Laukiz jaioterrian egun handia izan eben joan dan eguaztenekoa, eta Euskal Herriko poeta handienetakoa harrotasunez gogoratu eben. Bestetik, abuztuaren 15a, Andra Mari eguna, berton dogu, eta eleizara sarriegi joan ez garenontzat be egun seinalatua da Andra Mari. Ez gara santu santuak izango, baina santuek erakutsi deuskue geuri be euskal herrietako jai egutegia. Jaurerriko herri askotan ospatuko dabe Andra Mari eguna.

Bi egunen arteko zubia eskura itxi euskun Lauaxetak berak. Izan be laukiztarrak argitara emon eban lehenengo poemea dakartzuegu hona, Begoñako Amari idatzitakoa hain zuzen be. 1925ean argitaratu zan Jesusen Biotzaren Deia aldizkarian. Loiolan egoan orduan Lauaxeta abade ikasketak egiten, eta besteak beste Jokin Zaitegi eta Andima Ibiñagabeitia idazleakaz batera, Bilboko aldizkarian idazten eban. Hasikerako lanetan bigarren abizena erabili ei eban izengoiti lez, eta argitara emon eban lehenengo poema hau be Basaraz izengoitiagaz sinatu eban. Hamalau lauko dira, eta aurreragoko lanetako bertso egituretan errimea be landu baeban, hasikerako honetan ez dago holakorik. Bertsolaritzearen iturritik beranduago jaso ebanaren seinale izan leiteke.

Iñaki Aurrekoetxea