Euskal Softwarea
Xabier Paia
Ikusi ete dozue inoz ‘Donosita’ idatzita, ‘Donostia’ behar dan lekuan? Eta ‘neban’ beharrean ‘beban’? Gorabehera horreek sarritan pasetan jakuz ordenadorearen hizkuntza ez dogunean aldatzen testuak prozesetako programean: euskeraz ibili arren, ordenadoreak gaztelaniaz gabizela pentsetan dau eta ulertzen ez deuskun berbako erderaz parajeen lotzen jakona iminten dau gure testuan. Hortik Donostia ‘Donosita’ bihurtzea.
Holakoak eta beste arazo informatiko batzuk alde batera ixteko, sareak euskerearen presentzia bermatu gura dau Euskal Herriko etxeetako ordenadoreetan; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren amaraun gunean eskuragarri dagoz euskeraz behar egiteko hainbat eta hainbat programa.
Programa horreen artean, bakar bati artikulu oso bat eskaini geuntson, izan be, Lertxundik horrenbeste testu honi buruz idatzi eta gero, geuk gitxieneko bat egitea ez zalako kalte. Xuxen zuzentzaile ortografikoaz gabiz. Orain artean KD bitartez eskuratu behar zan, baina Jaurlaritzak sarean eskegi dau. Hortaz, ez dot barriz azaldu beharko Xuxenek office-eko Word, PowerPoint eta Excel, Mac eta OpenOffice.org programetarako balio dauela, prozesatzaile horreen bitartez idazten doguzan testuetako akatsak zuzenduko deuskuzelako zehazki.
Hori alde batera itxita, zelan lortu leike orain pantailaren ezkerraldean behean ‘inicio’ idatzita daukazuenok ‘hasi’ berba imintea?. Erantzuna hauxe da: http://www.euskadi.net/euskara_soft/. Sar zaiteze bertan eta bila egizue zuen ordenadoreko programa nagusirako euskerazko interfaze-paketea. Bajau eta kargau… eta ‘hasi’ barriz! Ordenadoreak euskeraz ikasiko dau AEKra joan barik! Hori bai, ez pentsau goizetik gauera dana ondo ikasiko dauenik, zati batzuk ondino erderaz (gaztelaniaz, ingelesez edo auskalo zelan) esaten jarraituko ditu eta!
Hasikerea euskaldunduta dagoenean, amarauneko orrialde berean dagozan beste euskerazko interfazeak aztertu zeinkiez. Esaterako, Word programeak euskeraz ondo idazten eta bai erderaz bai euskerazko berben esangurea zein dan jakiten ikasi dagian, Elhuyarren hiztegiaren plugin-a edo lehen aitatutako Xuxen sano baliagarriak dira.
Bestalde, eskanerra euskerazko testuakaz erabilten dozuenentzat, baliagarri ez eze, ezinbesteko be egingo jatzue irudiak euskerazko testu lez ulertzeko OCR 1.1 euskerazko bertsinoa. OCR horren bitartez, eskanerrean jarritako testuak irakurtzerakoan, ordenadoreak euskera identifiketako ahalegina egingo dau. Tresna polita izango da etorkizunean, eze ondino ez da lar erabilgarria. Inbertsino gehiago eta handiagoak behar dira.
Eta azkenik aditu. Orain artean ez badozue aditu esandakoa, aditu Aditu programea zer dan. Aditu programea ahots sintesia eta ezagutza euskeraz sustatzeko ekimena da. Ahotsaren bitartez dabizen sistemetan euskerea sartzeko lehenengo ahalegina dogu berau. http://www.euskara.euskadi.net/r59 4572/eu/contenidos/informacion/aurkezpena/eu_8550/aurkezpena.html
Denera, emoten dau aukeraren bat edo beste badagoala sarean euskerearen alde. Txikia, beste hizkuntzen indar eta baliabideakaz alderatzen badogu, baina handia euskerearen indarragaz konparauta.