Euskereak be badauka bere eguna
EHUk honoris causa izentau dau Rudolf de Rijk hizkuntzalari holandarra
Rijk irakasleak ikerketan eta jardun akademikoan egin dauen bidea saritzea izan da asmoa, kontuan hartuz, nazinoarteko hizkuntzalarien artean bera dana euskereakanako pasinorik handiena erakutsi dauena. Azken 30 urteotan euskal morfologia, sintaxi eta gramatikeari egin deutsozan ekarpenak funtsezko mugarriak izan dira eta euskerearen filologia eta diakroniaren arloan egindako beharrak be ezin ahaztu.
Azken aldian makalik dagoan De Rijk irakaslea EHUko Euskal Filologia sailagaz lankidetzan dabil luzaroan eta, gaur egun, 'A progressive Grammar of Standard Basque' izeneko euskal gramatika liburuagaz buru-belarri dabil beharrean, izan be, urteak daroaz lan erraldoi hori preparetan.
Amsterdamen 1937an jaiotako irakaslearen beharra eta euskerearen jakintza sakona omendu zituan Euskaltzaindiak lehenengo urgazle eta ondoren euskaltzain ohorezko izentauta.
Koldo Isusi Zuazo
Abenduak edo gabonilak negua eta gabonetako giroaz ganera, bestelako kontu batzuk be badakarz, tartean, Hizkuntza Gitxituen Nazinoarteko Eguna, Euskerearen Eguna hilaren 3an, Xabierko Frantzisko egunean. Euskerearen harian, kontu ugari jaso doguz oraingo honetan eta, hona hemen, labur-labur baino ez bada be:
Lehenengo Euskerearen Eguna 1949ko abenduaren 3an egin zan
Espainiar estaduko egoera politikoa tarteko, lehenengo Euskerearen Eguneko ekitaldiak Iparraldean eta Amerikako hainbat lekutan egin ziran 1949an. Zorionez, ordutik hona aurrera pausuak izan dira baina ez nahikoak euskerearen biziraupena bermatuteko.
Urrunago joan barik, Europako Batasuna osotzen daben estaduetan 40 miloe dira hizkuntza gitxituetako hiztunak, europako ia herrialde guztietan dagoz euren lurraldeko hizkuntza ofiziala ez dan beste bateko hiztunak. Europako historiaren eta gaur egungo errealidadearen ebitau ezinezko ezaugarria da hizkuntza gitxituen presentzia baina hizkuntzek ezinbestekoa dabe lege aldetiko babesa iraungo badabe eta gaur egun babes hori ez dago bermatuta Europan. Bost kontinenteen artean Europa da jatorrizko eleaniztasuna mailarik apalenean dauena.
Europako hizkuntza zaharrenetakoa da euskerea eta antxinatik gaur arte iraun dauen eta europako aztarna bizi zaharrena dan euskereak merezidu dau aurrera egitea.
Aurten, Bilbon egitarau potoloa preparau dau Bizkaiko Foru Aldundiak Euskerearen Egunaren harian (abenduaren 3an):
- Erakusketa (Aldundiaren eraikinaren atzealdeko karpan, goizeko 10:00etatik 18:00etara): Euskaldunak Diasporan / Euskerea bat eta asko / Euskereak egiten gaitu euskaldun.
- Miren Agur Meabe eta Unai Elorriagari omenaldia.
- Lauaxetari olerkariari omenaldia (eguerdiko 12:00etan, Euskalduna Jauregian): testuen irakurketea (Antton Valverde).
- Literatura Unibersaleko 100 titulu euskeraz argitaratu dirala ospatzeko saio berezia (arratsaldez, Euskalduna Jauregian).
- Kepa Junkeraren kontzertua (arratsaldeko 20:00etan, Euskalduna Jauregian).
Euskerea Bizibarritzeko Planaren inguruko kudeaketa beharrak Internet sarearen bitartez egiteko aukerea
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzen dabilzan udalen esku jarri dau EBPNren jarraipenerako web aplikazinoa, HizPoNet sarearen barruan. Tresna horrek udaleko plan nagusia osotzeko pausuak zehazten laguntzen dau eta, horrezaz ganera, plan nagusian ezarritako neurriak eta ekintzak epe zehatzetara ekartea, arduradunak izentetea eta giza zein diru baliabideen estimazinoa egitea ahalbideratzen dau, hainbat kontsulta eta txostenen bidez. Ganera, web aplikazino hori udalen eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen arteko komunikazino bidea be bada.
Gauzak holan dirala, software honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako EBPNren arduradunek errazago eta arinago egingo dabe helburuen eta ekintzen jarraipena, emoitzen arabera beharrezkoak diran aldaketak edo egokitzapenak bideratuz.
Helduen euskalduntze prozesuaren gainbeherea?
Sasoi bateko arrakastearen ondoren, gaur egun euskaltegietako arduradunak larri dabilz taldeak osotzeko, izan be, orokorrean matrikulazino kopuruak nabarmen egin dau behera. Gure mugetatik kanpo, ostera, interes handia dago euskerea ikasteko. AEBetako Boisen orain 3 bat urte zabaldu eben ikastolea eta euskaltegiak be ugari dagoz hor zehar. Euskal Herritik kanpo euskaltegi handienetakoa Madrilekoa da, Madrileko Euskal Etxean kokatuta dagoan euskaltegia hain zuzen be. Orain hilebete inguru ekin eutsen bertan ikasturte barriari eta egun osoz lan egiten daben irakasle bi eta ordutegi eta mailaren arabera 13 taldetan banandutako 223 ikasle dabilz. Kopuru polita duda barik.
Madrileko euskaltegia HABEren sisteman eta HABEren Euskal Herritik kanpo helduentzako emoten diran euskera-eskolen garapenerako egitasmoan dago. Espainiako uriburuko euskaltegiagaz batera, espainiako beste hainbat uriburutan, Bartzelona, Valentzia, Valladolid eta Europan, Paris, Londres, Brusela eta Amerikako uri desbardinetan helduentzako emoten diran euskera-eskolak arautu eta garatu dira. Horretarako, irakasleen trebakuntzeari aparteko garrantzia emon jako eta, horregaz batera, eskola horreek materialez hornidu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira. Madrilen berbarako, teknologia barrietan oinarritutako autoikaskuntza gelea zabalik dago.