Kulturea  IV. urtea // 122. zenbakia

Lauaxeta, euskal literaturearen mugarria


1929an Euzkadi egunkarian hasiko zan beharrean: hasikeran, Orixeren laguntzaile ibili zan egunkari horretako euskerazko atalean, baina gero atalaren ardurea hartu eban, eta gerrea biztu zan arte egon zan bertan. Mueta guztietako gaien gainean idazten eban, baina bereziki interesgarriak izan ziran literatura gai hartuta idatzi zituanak: ordurako Lauaxeta poeta petoa zan, argi ikusten danez bere joera literarioetan eta egiten zituan itzulpenetan. Izan be, Europako literaturako autorerik handienetako batzuk euskerara itzuli zituan: Victor Hugo, Paul Verlaine, Charles Baudelaire, Dante Alighieri eta beste asko ekarri zituan gurera, eta, bide batez, irakurtzearen eta itzultzearen indarrez, bere idazkerea fintzen joan zan.

1930ean, Euskaltzale taldeak Euskal Olerti Eguna ospatu eban Errenterian, antzinako Lore Jokoen eran. Lehiaketara poeta handi asko aurkeztu ziran, baina Estepan Urkiaga gaztea izan zan irabazle, Maitale kutuna poemeagaz, Orixe edo Lizardiren aurretik, besteak beste.

Sariak bultzatuta eta indar barriz, hurrengo urtean bere lehenengo poema liburua argitaratu eban: “Bide barrijak”. Izenburuak ondo inoan lez, estetika barri bat agertzen zan liburu horregaz: Lauaxetan euskerara ekarri gura eban Europako literaturan irakurten eban modernidadea. Gaia eta hizkuntzea gura izan zituan barritu, eta bide barri bat emon euskal literaturari. Holan ba, “Bide barrijak” euskal literaturea ulertzeko oinarrizko liburuetako bat da.

Lau urte geroago “Arrats beran” emon eban argitara: ondutako poetearen trazak erakusten zituan Lauaxetak ordurako, poesia herrikoian eta sinbolismoan oinarrituta.

Gerra sasoia heldu zanean, Lauaxeta Euskal Gudarostean sartu zan, komandante graduagaz. Batetik, intendentzia lanean ibili zan, eta, bestetik, propaganda sailaren buruetako bat zan. Gudari aldizkaria eta euskerazko Eguna historikoa berak kaleratutakoak dira, aro horretan.

Eta 1937ko zoritxarreko apiril haretan, Gernikaren bonbardaketa izan eta gitxira, Ajuriaguerrak agindu eutsan La Petite Gironde egunkariko Georges Berniard kazetaria Gernikara eroateko, hango sarraskia erakusteko. Hurrengo egunean, albistea egunkarietan agertu zan: ‘Kazetari frantziar bat eta gorri bat atxilotu ditue Gernikan’. Lagun eta senideek laster ulertu eben nor zan gorria.

Gasteizera eroan eben preso, eta han, heriotza-zigorra ipinita, bagilaren 25ean egin eutsien tiro. “Goiz eder honetan erail behar nabe” idatzi eban goiz haretan bertan, ziegan egoala, Azken oyua izeneko poemean. Beragaz joan jakun euskal literaturearen mugarririk handienetakoa. Oin omenaldiz omenaldi gabilz, kaleren bat be inaugurauko da bere izenean. Baina bere liburuak irakurtea da egin dakikeon omenaldirik onena.

Julen Gabiria

Oin dala gitxi gogoratu genduan Lauaxetaren heriotzea, bagilaren 25ean, 68 urte bete ziranean faxistek Gasteizeko Santa Isabel kanposantuaren hormetako baten kontra fusilau ebela. Holantxe amaitu zan Estepan Urkiagaren bizitza gaztea. Gazteegia hilteko (noz gara zaharregiak hilteko?), baina, halanda be, bere bi poema-liburuek markau egin dabe euskal literaturea. “Bide barrijak” izan zan bere lehenengo lana, 1931koa. “Arrats beran” bigarrena, handik lau urtera argitaratutakoa. Horreek dira bere lanik ezagunenak eta eragin handiena sortu ebenak, baina ez dira Lauaxetak idatzitako lan bakarrak. Gainera, antzerkian, kazetaritzan, ipuingintzan eta politikan be nabarmendu zan.

Joan dan astean bete dira 100 urte Estepan Urkiaga Lauaxeta jaio zala, 1905eko agorrilaren 3an, Laukizen. Eta Laukizen bertan egin jakon omenaldia lehengo asteko eguaztenean, urte osoa hartu daben (eta oindino be hartuko daben) ekitaldien barruan.

Gazterik joan zan Mungiara biziten, gurasoek tabernea ipini eben-ta han. Herriko Ventades eskolean ikasi ostean, Durangoko jesuiten eskolara joan zan eta, abadetzaren bidetik beti, Loiolan eta Oñan segidu zituan ikasketak, baina lehenengo mezea emoteko denpora gitxi falta jakonean, 1928an, itxi egin eban komentua.