Bidaide  IV. urtea // 122. zenbakia

Ebitau beharreko okerrak


Ezpan lodiak eta gorputz polita daukazan neska gazte bat tokau jaku. Zigorrek dinost: ‘funtzionarioaren zorroztazunaz ohartu zaitez’. ‘Ez egizu esan hori’, erantzun deutsat, erdi purrustadaka. Gure funtzionarioa polizia da eta, jantzi ofiziala eroateaz gan, ulea goma arrosa batez dauka batuta eta urkila purpura deigarri bat daroa. Erakargarria da eta neska gozoa dala emoten dau. Gure txandea da. Nire ‘nihao’ ahalik eta gozoena praktiketako ordua heldu jat, pasaportea, formularioa eta inork eskatu ez deustazan baina badaezpada ekarri dodazan fotokopia piloa emoten deutsodazan bitartean. Aldi baterako herrialdean egon nazala erakusten dauen ziurtagiria behar dodala esan deust, daukadanaren epea atzo amaitu zalako. Zigorrek errukitasuna eskatu deutso eta nik neskearen familia osoa hartu dot gogoan, bera telefonoz deika hasten dan bitartean. Ez deusku kasurik be egiten eta orain ez deutsat gozo itxurea hartzen, eta ez neuke esango erakargarria danik. Handik segundu gitxira, barruko sen gaizkileak urten deust: boligrafoa hartu eta epea aldatu dot formularioan, funtzionarioari tramiteak leba gitxi emongo deutsonaren esperantzeagaz. Poliziak telefonoa eskegi dau eta, guri begiratu deuskunean, aurpegiko barrea be kendu jako. Papela erakutsi deutsat: ‘Ondo dago holan?’. Delitua egin ostean, ondorioa zein izango dan itxarotea baino ez jaku geratzen. Ez dakit Ertzaina baten erantzuna zein izango litzateken, baina kasu honetan, poliziak aho zabalik begiratu deutso papelari eta, ostean, ganorabako barreagaz eta haserre, honako hau erantzun deust: ‘zoaz hotelera eta etorri gero hona!’. Mespretxuz bota deustazan papel guztiak hartu ditut, geratzen jatan duintasun apurragaz. ‘Ideia bikaina’, dinotsat neure buruari, ‘orain, falta jatana da dokumentuak falsifiketeagaitik atxilotua izatea!’. Zigorrek prisazko pasaportea eskuratzeko beste dokumenturen bat behar ete dogun galdetu deutso eta, poliziak, begiratu barik erantzun deutso: ‘28. leihatila’.

Bisadua epez kanpo eukiteagaitik zigortzen deutsuen sailean, goragoko maila bateko -eta arpegi txarragoko- polizia bati gure penak kontau deutsaguz. Emakumeak, dokumentuei arin begiratu ostean, betaurrekoen ganetik begiratu eta txinatarrez zeozer esan deusku. Gure arpegiak ikusi ostean, ingelesez egin deusku berba: ‘ez bete boligrafo horregaz. Boligrafoa hor’. ‘Ez ilara hau. Han, han’. Eskuagaz, urrunerantz jo behar dogula esaten deusku, beraren bistatik urrun.

Zigorrek ondo baino hobeto ikasi dau Asiako harrizko hormakaz hartu-emonak izaten. Sei egun baino gitxiagotan pasaportea non lortu geinken galdetu deutso funtzionarioari, beti be adeitasunez eta tonu gozoan. ‘Ezin, hamar egun, lerro hori, ez hemen...’

Orrialdea bete eta azken leihatilako lerrora joan naz barriro, funtzionarioak begien aurrean ikusi be egin gura ez deustan arren. Pakistandar bat dago familia osoaren pasaporteakaz. Ahal dodanik eta trankilen nago itxaroten, neska bat nire aurrean jarten dan arte. ‘Mesedez, lerroa zaindu’, dinotsat, gaztelaniaz eta mespretxuz. Oso ondo ulertu dauela emoten dau. Halanda be, bikote batek ez dau nik esandakoari kasurik egiten eta edozein txinatarren jokerea segidu dabe: ez da zertan lerrorik zaindu behar aurrean lekua badago. Barriro haserratzen naz eta uleak be puntan jarrita daukadaz. Zigor atzean dago, niri begietara zuzenean begiratu barik, zoratu egingo nazanaren bildur. Isilik dago eta gauzak txarrera egin ez dagien ardurea dauka. Nire txandea da eta funtzionarioaren aupegiak ni barriro ikusteaz ez dagoala pozik erakusten dau. Ia abesten, ‘prisazko pasaportea behar dot eta han esan deuskue zeuri eskatu behar deutsugula’ esan deutsat. Barriro be, txinatarrez berbetan hasi da, zutunik jarri, buelta batzuk emon eta jesarri egin da. Beste formulario bat jarri deust mosturren aurrean: nire eskabidearen arrazoiak idatzi behar ditut. Dokumentuari silua jarri deutso eta bisaduak emoten diran lerrora joan behar dot (orain, behintzat, ez deust hotelera bialdu). Ez dot Mao-ren pareko emakume bategaz toketea gura (neu be emakumea naz, baina...). Heldu da neure txandea. Berrogeta hamar urte inguruko gizon bategaz tokau jat, lehengo emakumearen leihatilearen ezkerrean. Ez dakit neure burua non sartu be! ‘Ez daukazue hotelaren agiririk?’ Ez da ezebez pasetan. Pasaportea bila zatozanean, ekarri, mesedez; ditxosozko egun hori jarten dauen hegazkineko billeterik badaukazue? Ondo da, zuen berbea sinisten dot’. Hotzikara batek gorputz osoa astindu deust eta Zigorrek ia oratu egin behar deust bestela leihatilara sartu eta gizona mosuz josiko dot.

Azkenean, heldu da nire behin-behineko pasaportea jasoteko eguna, bi eguneko epedun bisadu txinatarragaz. Ez dago arazorik. Komisaldegitik lebitetan urten dot. Bihar gatoz barriro. Gitxi falta da bidaiaren azken eguna heltzeko eta horrenbeste lan egin ostean, faltan botaten dogun Euskadira heltzeko.

Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama

Pasaportea galdu dot. Hurrengo egunean Mongoliarako bidea hartzeko asmoagaz, motxilan opariak sartzeari ekin neutson. Gaueko hamarrak ziran eta trena goizeko zazpietan hartu behar gendun. Handik hamabost minutura, Meng Qing Min, hoteleko harreragileak, Beijing-eko aireportuko poliziagaz berba egin ostean telefonoa eskegi, beheko ezpanari haginka egin eta ahots gozoagaz ‘sentiduten dot baina zure pasaportea ez dabela topau esan deuste’ esan deust. ‘Nire erditzean zeozerk txarto urten eban’, dinotsat neure buruari behin eta barriro, logelan aurrera eta atzera pasaportea topetan nabilen bitartean. Kanpoan inetasi-ekatxa dago eta zarateak egoerea gero eta surrealisteagoa bihurtzen dau. Zigor begira-begira daukat, ohean jesarrita, pentsakor. Aukeratan pentsetan hasi gara, galera ekonomikoen ganean berbetan...

Hurrengo goizean Enbaxadara goaz. Txino talde bat euren txandea itxaroten dago (antza, Espainia da Europan bizi barria hasi gura daben txinatarren jomuga gogokoena). Beste ate batetik pasau eta harreragile txinatarrak zergaitik gagozan han galdetzen deusku, gaztelaniaz. ‘Itxaron apurtxu bat, mesedez... Mari Sol...’, eta txinatarrez berbetan hasi da. Mari Solek bederatzi urte daroaz Beijing-en, mandarin ikasketak hasi ebazanetik hain zuzen be. Ule luzea dauka, gaztaina-kolorekoa, garri estua eta aldaka zabalak. Urtean ehun bat prisazko pasaporte egiten ditu ni lako lagunentzat, galduta daukagulako edo ohostu egin deuskuelako.

Polizian salaketea jarri behar dogu eta, han, Beijing-en aldi baterako biziten egon garela erakusten dauen dokumentua eskatu deuskue. Horregaitik, barriro hotelera joan behar izan dogu eta, ostean, Komisaldegira. Gero, barriro be Enbaxadara. Pasaporte barriak egun bi egin ditu hara eta hona, datorren astean Txinatik urtetan itxiko deustan silua jarri deutsien arte. Kontu gatxa da hori, normalean gitxienez hamar bat egun behar izaten dira eta.