Mikel Berasategi:'metal musikearen jarraitzaileak sutsuenak dira'
Heavy Metal musikearen jarraitzaileek hitzordu berezia daukie asteburu honetan Gernikako Santa Luzia futbol-zelaian. Mundu mailako hainbat taldek, euskal taldeakaz batera, soinuz eta kolorez jantzitako kontzertuak eskainiko dabez hiru egunetan zehar, goizetik gauera, lotu barik.
Antolatzaile lanetan topau dogu Mikel Berasategi, Bergarako Jam Aretoaren kontzertu arduraduna. Bera da festibalaren arduradunetariko bat eta hainbat buruhauste izan ostean, barikua noiz helduko dan itxaroten dabil, eskuko telefonoa isildu be egiten ez jakon bitartean. Aurreko egunetako lan horreen ganean eta metal musikearen inguruan berba egiteko alkartu gara beragaz.
1.- Heavy Metal musikea Gernikan. Zelan edo zergaitik sortu zan jaialdia herri bizkaitarrean antolatzeko ideia?
Egia esateko, ia kasualidadea izan da. Aurtengo Metalway festibala Granadan izatekoa zan baina arazo batzuk sortu ziran. Guk, aspaldi, beste kontzertu batzuk be be antolatu izan genduzan Gernikan, Extremoduro taldeagaz eta beste batzukaz. Udalagaz hartu-emonak daukaguz eta festibalaren antolatzaile orokorrei Gernika proposatu geuntsen. Guk ez dogu Gernika aukeratu, kasualidade hutsa izan da. Hori bai, herria asko gustetan jaku eta aurten herria gustura geratzen bada, antzeko zeozer barriro egiteko asmoa daukagu.
Kontu honek herrian zeozelako bildurra emoten dauela badakigu. Euskal Herriko herri guztietan pasetan da hori mueta honetako ekitaldiakaz. Kanpotik jente asko dator eta bertokoek uste dabe herria apurtuko dabela edo. Behin festibala izanda eta danak ondo urtetan dauenean, gure asmoa lekua finkatzea eta urtero Gernikan festibal bat antolatzea da.
2.- Musika-estilo horrek Euskal Herrian errorik badaukala uste dozu? Zein izango ete da, zure ustez, gernikarren eta euskaldunen erantzuna?
Lekuaren araberako kontua dala esango neike. Musika estilo horren jarraitzaileak sutsuenak dira. Hau da, metal musikearen jarraitzaileak sutsuenak dira.
Euskadin bai badaukala erroa baina, egia esan, asko bajatu da. Halanda be, estilo guztiak asko bajatu dirala esango neuke nik. Tabernatan orain bost urte entzuten zan musikea eta orain entzuten dana guztiz desbardina da. Musikearen munduan, jentea apur bat galduta dago ze gero eta musika mueta gehiago heltzen jaku. Horregaitik, esango neuke metal estiloa kalekoa, urikoa dala. Baina herritxuetan be egon badagoz metalaren jarraitzaileak, nahiz eta kalean itxura hori ez emon. Publiko asko dago eta garrantzitsuena da dagoan publiko guztia oso zaletua dala. Danak doaz kontzertu guztietara, gazte, guraso, aitita... Danak dira jarraitzaile sutsuak.
Horregaitik uste dot festibalak erantzun ona eukiko dauela. Orain arte ez da informazino larregi egon gauzak ondo zehaztu barik egon diralako.
3.- Talde piloa, 15.000 lagun inguru, hiru eguneko jaia... Zeintzuk dira, hasiera-hasieratik, horren ekitaldi itzela antolatzeko emon beharreko pausuak?
Baimenak, lekua, talde garrantzitsuak, eszenatokia, langileak, kartelak, promozioa... Zoramena. Denporaz eginda, ondo urtetan dau, baina lan piloa egin behar da. Jam Bergara Aretoak Bartzelonako enpresa bategaz alkarlanean egin dau antolakuntzea.
Gauza asko hartu behar dira kontuan eta horrek lana eskatzen dau.
4.- Hainbat taldek eskainiko dabez kontzertuak baina, bat nabarmentzekotan, zein? Zergaitik?
Ezinezkoa jat bakarra esatea. Bi esango deutsudaz: Korn eta Apocalyptica. Niri, horren heavya ez nazanez, Korn gustetan jat. Eta Apocalyptica taldeak oraintsu sartu dau bateria-jolea eta asko irabazi dabe.
Korn kartelburua da barikuan eta kartel osoagaz konparauta, taldea desbardina da. Kontzertu berezia eskainiko dabe, batez be Euskal Herrian joten dabelako. Bertoko publikoari gustetan jakon estiloa jorratuko dabe.
Apocalypticak ez daukaz horrenbeste jarraitzaile, desbardinak diralako. Norvegiarrak dira taldekideak, lau, eta biolontxeloa joten dabe. Lehenengo diskoan, berbarako, Metallica taldearen kanta danen bersinoak egin ebezan baina musika klasikoaren ikutuagaz. Horregaitik esaten dot desbardinak dirala eta bitxiak dira. Aurten, bateria-jolea sartu dabe. Akaso, gurago dodas beste talde batzuk, baina Apocalyptica berezia da eta horregaitik nabarmendu dot.
5.- Ekitaldia Santa Luzia futbol zelaian eta inguruko landatan izango da. Lo egiteko gunea be hor inguruan egongo da. Milaka lagun hiru egunetan hartzeko, seguridade kontuak be bete beharko dira...
Kristonak! Ertzainak, suhiltzaileak, udaltzaingoa, anbulantziak... Ehun eta berrogeta hamar lagun egongo dira segurtasuna bermatzeko lanetan, danak profesionalak. Azpiegiturei jagokenez be, mundu mailan puntakoak diran zerbitzuak erabiliko doguz. Berbarako, argi-koadro batzuk Holandatik ekarri doguz.
Kontzertuen guneko urteerek 80 metro daukiez, larrialdi kasuan urtetako arazorik egon ez daitek. Halanda be, kontuan hartu behar da ekitaldia kanpoan izango dala eta ez da leku zarratu batean egitea lako arriskutsua.
Dana dago prest. Orain, eguraldiari begiratzea geratzen jaku.
6.- Festibalera sartzeko hiru egunetarako bonoek 90 euro balio dabe. Egun bakarrerako, barriz, 50 euro pagau behar dira. Behin barruan, kontzertu ugari ikus daitekez, baina, prezioak nonor atzera botako dauela uste dozu?
Prezio horreek oraingoak dira baina merkeago be saldu dira, zeozelako aurretiazko salmenta legez. Lehenengo eskaintzan, hiru egunetarako sarrerak 60 eurotan egozan eta ordu pare baten 2.000 inguru saldu ziran.
Ikusten dozun moduaren arabera, karua ala merkea da. Askotan, talde bakarraren eta teloneroen kontzertua ikusteagaitik 40 edo 60 euro pagau behar izaten dira. Kasu honetan, 50 euroren truke hainbat kontzertu ikus zeinkez. Ganera, beste kontu ugari egongo dira festibalean. Berbarako, ‘Metal Market’ izeneko karpa itzel bat ekarriko dogu. Erropa, tatuaje eta disko bitxi ugari topau daitekez bertan eta kontuan hartu behar da herrialde bakotxean behin bakarrik egiten dabela.
Horregaitik, beste kontzertu mueta batzukaz konparauta, merkea dala uste dot. Hori bai, ez bajatzu larregi gustetan, karua izan leike.
7.- Gernikako jaiak hasten diran egunean bertan amaitzen da festibala. Estrategia ala kasualidadea?
Kasualidade hutsa. Festibalaren datea jarrita eta kontratazino asko eginda egozan. Lehen esan dodan legez, hasieran Granadan izan behar eban festibalak eta gero, lekua aldatu arren, ezinezkoa zan datea aldatzea.
Herriari, alde batetik kalte eta bestetik mesede egingo deutsola uste dot. Urteak emon doguz berton horrelako festibal bat antolatzeko gogoagaz. Horregaitik, aukerea ikusi gendunean, jaien kontua gogoratu be ez gendun egin.
Danak ondo urtetan badau eta herria gustura geratzen bada, datozan urteotan festibal gehiago antolatzea da gure asmoa, baina ez jaietan.
8.- Ze mezu botako zeinkio ‘joan ala ez joan’ pentsetan dabilen horri?
Azken urteotan, festibalen boom-a dago. Baina, gehienak danetariko musika estiloak buztartzen dabez, beti datoz talde berberak eta estiloak, askotan, nahastau egiten dira. Metalway muetako festibalik ez dagoala uste dot, horregaitik merezidu dau etorteak. Kartela oso ona da eta musika hori benetan gustetan jakonak ez dau dudarik eukiko.
Saioa Torre Gereketa