Gure auzoa, gure etxea
Testua: Demelsa Gonzalez.
Argazkiak: Zigor Aldama.
Auzo hau beste askoren isla eta oso hurrekoa da eta bidaiaren ostean, auzora bueltetea denpora kontua baino ez dala izango pentsetan dot.
Arrakasta handiagoagaz edo txikiagoagaz, piloa dira kaleko fruta saltokiak eta guk normalean, Wu Xue Lian buru dauen fruta saltokian egiten doguz erosketak. Familiarteko negozio txikia da eta Wu Xue Lian 22 urteko gaztea, begirada lasaia eta irribarre zintzoa dauena da arduradun nagusia. Kolore motelak ditu haren soinekoak eta txankletak daukaz oinetan. Tarteka, ate ondoan jesarrita, aginduak hatzamarra luzatuta emoten dituan amaren laguntzinoa izaten dau. Angora zuri ederraren alboan, sandiak leku batetik bestera mobiduten, usteldutako frutea baztertzen edo haizea emoten pasetan ditu bizitzako orduak eta egunak. Hasieran, turistentzako prezio berezia eskatzen euskun, hau da, normalean baino karuago baina gehiegikeriarik barik. Aurrerago, barriz, bertakoentzako preziao eskatzne euskun geuri be. Emakume jatorra, benetan; Zigorrek argazki batzuk egin eta papelean inprimidu eutsozan eta ha izan zan emakume gizajoaren poza!
Inguruan dagozan beste denda batzuetan danetarik topau daiteke eta gau eta egun egoten dira zabalik. Goizez edo egunez, apaindegia, ule-apaindegia edota masaje terapeutikoak hartzeko lekuak izan daitekez baina gauagaz batera, denda horreetako barrualdean, beren beregi preparautako gela txikietan, prostitutak, sarritan egunez bestelako zeregin batzuetan ibilitakoak, euren gaueko beharrari ekiten deutsie.
Auzoan Ziberkafe bat be badago, izu-ikarearen zentro izan daitekena hain zuzen; guk geuk derrigor egin behar doguz bisitak bertara baina jateko orduetan ez da komenidu. Iluna da, bero itzela dago, ez dago bentilazinorik eta komuneko zulotik datorren hatsa sekulakoa da. Edozelan be, txarrena garbitasun faltea da; horren erakusgarri, egun batean zeozer idazten nebilela, letra bat ebitau behar izan neban, ha sakatu ezkero, edozer atrapetako arriskua egoalako. Erretan egozan txinatar gizonezkoez inguratuta, arraro sentitzen nintzan ahoan ez neukalako ezer lurrera botateko. Sareko jokuakaz engantxauta egozan txinatar horreek ondo beteten ebn geure faltea eta lurrera botatako tabako arrasto eta bestelako substantziak ondo zabaltzen ebezan zapatakaz begirada misteriotsua eukan lokaleko arduradunaren aurrean.
Ziberkafera heltzeko txinatar jatekoa saltzen dauen saltoki txiki baten aurretik pasau behar izaten dogu. Lokalean lau mahai txiki eta jarlekuak baino ez dagoz eta bertan alboan, harraska iluna. Senar-emazte gazteak dira lokalaren jabe eta behargin bakarrak eta jantokiaren aurrez aurre preparetan dabe jatekoa. Gizonezkoak arroz prijiduko opilak eta lurrunetan egindako wok izenekoak egiten ditu eta haurdunaldian aurreratuta dagoan emakumearen ardurea dira zopa eta bestelakoak. Edozelan be, azken aldian, beste emakume bat dago haren ordez eta gizonezkoari haurdunaldiaren keinua egin deutsadanean, ezetz erantzun deust. Kontuak kontu, ez dago ukatzerik pozarren dagoala gizona.
Gau zarratua da eta hotelera goaz. Seguridadeko eta harrera guneko beharginak eta garbitzaileak agurtu (danen ordutegiak ezagutzen doguz) eta gelan sartu gara. Eguna amaitzeko CCTV 9, txinatarrek hartzen daben ingelerako kanal bakarrean zeozertxu ikustea gustetan jaku. Aurkezleak mendebaldekoak izan arren, programazinoa Txinako Gobernuaren menpeko funtzionario batek zehazten dau. Barriak apropos filtrauta egoten dira eta Londreseko atentaduen harian, Txinako presidentearen salaketea baino ez eben zabaldu. Munduari begira, lehio txikia, txikiegia mundu erraldoiarentzat.
Azkenik, egunero ‘massage’ eskaintza eginaz luzatzen deuskuen deia jasoten dogu, izan be, gure auzoan eta uri zoragarri honetako edozein bazterretan amaierarik edo etenik bako jarduerea dago.