Eretxia  IV. urtea // 121. zenbakia

Irlandan lortu dabe. Zergaitik ez Euskadin?


Iñaki Atxutegi

Joan dan asteko barria da. IRA, Irlandako erakunde armatuak burruka armatua bertan behera lagatea erabagi dau.

Jazoerea zabaldu eta berehala, espero zan lez, Irlandako egoerea eta Euskadikoa parekatzerik dagoan ala ez eztabaidatzen hasi dira.

Duda barik, egoerak ez dira bardinak, hasteko, han pakea lortu dabelako eta Euskadin oraindino ez. Irlandan egoerea gurea baino korapilotsuagoa zan, baina halanda be jakin izan dabe egoerea apurka apurka bideratzen eta guk, ostera, ez.

Luze eta zabal egin geinke berba parekotasun eta desbardintasunen ganean. Hau azken urteotan sarri ikusi dogun ariketea izan da. Badagoz parekotasunak eta desbardintasunak. Baina ez da hau, nire eretxiz, konturik inportanteena. Nire uste apalean, gogoan izan beharko geunke Ipar Irlandako arazoari konponbidea emoteko tartean dagozan erakunde eta aktore guztiek egin beharreko guztia egin dabela: Irlanda eta Britainia Handiko gobernuek, Estadu Batuek, alderdi politikoek eta IRAk berak. Hauxe da gure ikasgaia.

Euskadin urteak emon izan dabez eragile guztiek alkarri erantzukizunak eskatzen eta arazoaren konponbidearen bila emon beharreko urratsak emoteko besteari erreklametan. Inor gitxik barruratu dau oraindino danok, baina batez be, muturretan dagozanak mobimentuak egiteko bildurrak baztertu behar dabezala arazoari urtenbidea emoteko.

Halanda be, izatez baikorra naz eta badagoz horretarako arrazoiak. Daborduko, urte bi pasatxo emon ditu ETAk hildakorik eragin barik. Espainiako gobernuak be ETAgaz berbetan hasteko Kongresuaren baimena lortu dau eta Terrorismoaren kontrako Itunaren alderik ilunenak gainditzeko bidean dagoz. Baikor egoteko arrazoiak daukaguz. Lehenengo urratsak emonda dagozala esan leiteke, baina lan handia dago egiteko. Eragile askok aurrean dagoanaren aldetik espero doguz urrats erabagigorragoak, bertigorik handiena emoten dabenak, hain zuzen: Kale burrukea, kartzela politikea, normalizazino politikoa,… Oraindino badagoz askatu beharreko korapilo potoloak… eta prozesua pikutara joateko hamaikatxu traba.

Heldutasuna agertu dabe Irlandan, Euskadin dosi handietan behar dogun balorea, hain zuzen be. Arazo politikoaren konponbideari aurre egiteko kapaz izan dira bai mutur batekoak zein bestekoak. Irlandan lortu badabe, zergaitik ez Euskadin? Guztion aldetik heldutasun apur bat baino ez da behar. Ba ete dago behar beste heldutasunik gure artean? Erantzuna ondorengo hilebeteotan izango dogu.