Fantastic Four
Pantaila handira superprodukzinoaren itxurapean eroandako komikirik gehienen kasuetan lez, filmaren narrazino egituran bilbera sartzeko nahiko sarrera luzea behar da. Tarte horretan personaiak eta euren botereak ezagutu, onak eta txarrak bereiztu eta guztien arteko hartu-emonen barri jakingo dogu. Kasu honetan, dana dala, akatsa horixe da: filmak ez daki sarrera horretatik aurrera egiten. Kontakizunaren mamina eta igarobidea hasikerako eremu horretan gelditzen da eta ezin deutso iges egin. Ondorioz, ez da agertuko pelikula mueta honeetan guztiz garrantzitsua eta ezinbestekoa dan faktorea: ezustea.
Pelikulearen hasikeran aurkeztutako personaia eta jazokizun bakotxak ildo logiko bati jarraituko deutso. Ganera, gidoia eta antzezpenak ez dira apartekoak, ez dira irudiek heldu eragin gura deuskuen umore ikutuak eraginkortasunez eta kolorez eratzeko gauza. Halanda ze, beharrezko giroa sortu barik, indar eta bizitasuna lortu barik eta betiko argumentuari helduta (mundua kontrolau gura dauen zitala), ahalegin guztiak irudien inguruan batzen dira. Une honetara ailegauta ez dago duda izpirik be: ekintza une ikusgarriak eta efektu berezi onak.
Guztiagaz be, pelikulea nahiko gogaikarria da, aurreikusteko lar erreza. Beharbada protagonistak gizatiarregiak diralako superheroiak izateko eta nahiko zakarrak gizakiak izateko.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Tim Story.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: Ioan Gruffudd (Reed Richards/Mr. Fantástico), Jessica Alba (Susan Storm/Andre ikusezina), Chris Evans (Johnny Storm/giza zuzia), Michael Chiklis (Ben Grimm/harkaitza), Julian McMahon (Victor Von Doom/Herio doktorea), Kerry Washington (Alicia Masters).
- Gidoia: Mark Frost eta Michael France; Jack Kirby-k eta Stan Lee-k sortutako komiki eta personaietan oinarrituta.
- Argazkia: Oliver Wood.
- Muntaia: William Hoy.