Armendarizen Zinemaldia
Robert Wise eta Abel Ferrarari buruzko ziklo bana
Armendarizen lanak ez eze, Zinemaldiak beste hainbat persona ezagunen beharrak be ekarriko dauz Donostiara. Esaterako, Robert Wise eta Abel Ferrara. Bien ganeako atzera begirako bana eskainiko deutse jaialdiak.
B serieko produkzino txikiei ekin eta mundu osoan oihartzuna euki eben “West Side Story” eta “The Sound of Music” musikalen egilea da Robert Wise (Indiana, 1914). Klasiko bat. Orson Wellesen gidaritzapean jardun eban bere ibilbidearen hasikeran, eta hortik aurrera 40 film egin dauz, genero askotakoak. Bereak dira, besteak beste, ondoko film honeek: genero baltzeko “Born to Kill”; zientzia fikzinozko “Star Trek”, eta boxeoko “Somebody Up There Likes Me”. Era berean, Europan sekula ikusi ez diran Abel Ferraren (New York, 1951) filmak emongo dauz Donostiako Zinema Jaialdiak. Ferraren lehen film underground-ek indarkeria handia daukie ezaugarri nagusi. 1990. urtean “King of New York” pelikula zuzendu, eta orduantxe bihurtu zan kultuko egile. Horren ostean, 90eko hamarkadan garrantzitsuak izan ziran hainbat film egin ebazan “Bad Lieutenant”, “The Addiction” eta “The Funeral”, kasu. Orain beste film bitan dihardu beharrean: “Mary”, Juliette Binoche protagonista daukana, eta Harvey Keitel-egaz eginiko “Go Go Tales”.
Hirugarren ziklo batek patriarkatuak ezarritako rolak apurtu dabezan andrazkoen inguruko lanak erakutsiko dauz, menpekotasunik onartzen ez dauen Katherine Hepburnen A Woman Rebels filmetik (1936) hasita, emakumeak protagonista diran hainbat pelikula eskainiko dira, gaur egunera arte.
Joseba Terreros
Donostiako 53. Zinemaldia ikusle bakotxak bere neurriko eta gustoko film bat topetako moduko jaialdia izango zala esan eban Mikel Olaziregi festibalaren zuzendariak orain dala hilebete bi. Eta oraindino Sail Ofizialean lehiatuko diran filmen zerrendea jakinarazo ez badabe be, jaialdia zer obrak zabalduko dauen aurreratu dabe antolatzaileek: Montxo Armendarizen Obaba filmak. Beraz, hemengo zinemaren zaleek ziurtatuta daukie, lehen batean behintzat, euren neurriko lan bat. Edozelan be, euskerazko bersinoa ikusteko apur bat gehiago itxaron beharko da; Zinemaldian gaztelaniaz baino ez dabe estreinauko.
TVEren babesari esker, Donostiak hamar eguneko zinema jaialdia eukiko dau atzera be: irailaren 15etik 24ra. Bernardo Atxagaren Obabakoak nobelan oinarrituta, Armendarizek eginiko filma izango da emongo daben lehena. Eta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian sartuko da, beste 17 pelikulagaz batera.
Armendarizek berak adierazo dauenez, bakardadea eta misterioa ideien ganean eregita dago Obaba filma, Atxagaren liburuko zortzi narrazino ardatz hartuta. Liburuan agertzen diran istorioen ganean, personaiak nahastu dauz Armendarizek, familia barriak sortu eta egoerak korapilatu. Puzzle bat egin dau. Nafarroan filmau dau, Erronkarin eta Iruñean, eta Javier Agirresarobe izan da argazki zuzendaria. Aktoreak, barriz, Pilar Lopez de Ayala, Juan Diego Botto, Barbara Lenni, Eduard Fernandez, Peter Lohmeyer eta Mercedes Sampietro izan dira.
Zuzendari nafarraren film barriaren abiapuntua Obabara ailegetan dan zinema irakaslea da, Lurdes. Bideo baten bitartez herri horretako errealidadea jaso gura dau, baina berehala jakingo dau Obaba ez dala berak pentsetan eban modukoa. Merche, Ismael eta Tomas, filmeko pertsonaia nagusiak, iraganari kateatuta bizi dira, eta ez dabe hortik alde egiteko amesik. Euren bidez, eta Miguelen laguntzaz, Lurdesek iraganeko kontuen barri jakingo dau, eta bizitza horreen guztien ezaguerea bideo kamereagaz jasoten ahaleginduko da. Baina beti dago alde egiten dauen zer edo zer. Beti egoten da misterioa. Hain zuzen, hori berori da filmaren sekretua, misterioa, eta ez ikusgarritasuna. “Film honen sekretua ez da ikusgarritasuna”, adierazo dau Armendarizek, “ezta efektuak eta trama konplikatua be. Obaban beste behar batzuetan lez, adikuneak dira garrantzitsuena, keinuak eta jarrerak. Uste dot bakotxak badaukala mundu txiki bat bere barruan, eta hori artezean eroan gura dot ikuslearenganaino".
Donostiako Zinema Jaialdiaren aspaldiko ezaguna da Montxo Armendariz. Ez da lehen aldia Zinemaldian film bat aurkezten dauena. Eta daborduko Urrezko Maskor bi daukaz. “27 ordu” pelikulegaz irabazi eban lehenengoa 1986an; bestea, barriz, “Cartas Alou filmari esker heldu jakon, 1990ean. Horrezaz ganera, Fipresci saria irabazi eban “Tasio” pelikuleari esker, 1984an. Baina hor ez da amaitzen Armendarizek Zinemaldiagaz euki dauzen hartu-emonak: Sail Ofizialeko epaimahaikidea izan zan 1995ean.