Jan-edanak  IV. urtea // 121. zenbakia

‘Light’ elikagaiak, benetan osasungarriak ete dira?


Labur-zurrean, ‘light’ elikagaiak oro har ez dira elikagai normalak baino osansutsuagoak. Legea ez da bape argia kasu honetan eta elikagaien industriak publizidade lez erabilten ditu holako elikagaien propiedade nutrizionalak ahaztuta. Beraz, beharrezkoa da etiketak irakurtea eta ondo konparetea zer erosten dogun jakiteko. Interesgarriak dira arazo zehatzetarako (kolesterola edo diabetesa) baina gure buruagaz ondo sentiduteko eta osasunari eusteko kirola egitea eta elikagai naturalak hartzea da onena.

Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki Elikaduran diplomaduna

Espainian ez dago araudirik edo legeriarik ‘light’ elikagaiak arautzen dituanik. 1990ean, Elikagaien Antolamendurako Ministerioarteko Batzordeak akordio bat hartu eban holako elikagaiak definiduteko:

- Merkatuan elikagai erreferentzia egon behar dau, berbarako: maionesa elikagi erreferentzia eta ‘light’ maionesea.
- ‘Light’ elikagaiak, elikagai erreferentziak baino % 30 kaloria gitxiago euki behar dau.
- Etiketan nutrizino informazioan, elikagai erreferentzia eta ‘light’ elikagaiaren arteko konparazinoa agertzea nahitaezkoa da, kontsumitzaileak erabagi dagian komenidu jakona.

Edozelan be, araudi horrek ez deutso industriari ezelako derrigortasunik ezartzen, baina kalidade marka lez hartzen dogu nutrizionistok. Lege arloan industriek zuzen jokatzen dabe, baina urratzeko ez jake asko falta ze 1988ko Publizidadearen Lege orokorrak ondokoa dakar: 'Publizidade iruzurtia kontsumitzaileari nahastea eragiten deutsona da'.

Gaur egun gure dendetan dagozan ‘light’ elikagaiek % 64k baino ez dabe murrizten energia kopurua % 30eraino. Etiketearen aldetik % 2k bakarrik dakarre beharrezko informazinoa. ‘Light’ elikagaiak dira: ‘light’, ‘azukera bakoak’, ‘% 0 koipea, ‘diet’, ‘deskrematua’, ‘kaloria gitxikoa’ eta antzeko izenburukoak.

‘Light' elikagai mota bi dagoz:

- Koipe bakoak: elikagaien osogaietatik gantzak edo koipeak kentzen dabez. Ezagunenak: maionesea, margarinea, esne-gurina, esnekiak, txokolatea…
- Azukera bakoak: azukerea edo glukosea gitxitzen dabe, normalean edulkoratzaileak erabiliz: gailetak, gosarirako zerealak, txokolatea, esne kondentzatua, ogi errea…; diabetikoentzako produktuetan askotan fruktosea erabilten dabe gozogarri lez. Baina fruktoseak glukoseak beste kaloria ditu. Produktu arruntenak: mermeladea, gailetak, izozkiak, edari freskagarriak…

Beharrezkoak dira holako elikagaiak?

Persona osasuntsuentzat ez dago holako elikagaiak kontsumiduteko arrazoirik. Dana dala, gaixotasun edo osasunaren nahaste kasuetan, askotan onuragarriak izan daitekez. Kolesterola edo gibelaren gaixotasunen bat euki ezkero, koipe bako produktuak onak dira. Diabetes kasuetan be diabetikoek zeozer gozoa jateko aukerea daukie. Edozelan be, zuhur ibili behar da eta etiketak ondo irakurri, izan be, gorago esan dogunez, gehienetan ‘light’, ‘diet’ edo ‘grasa bakoa’ mezuak agiri dira baina publizidade lez, kontsumitzailea erakarteko. Holako kasuetan, arazo nutrizionalak sor daitekez, oinarrizko gaixotasunari kalte eginaz.

‘Light’ elikagaiek ez dabe argaltzen. Elikadura orekatuagaz eta kirola eginaz argalduko gara edo sasoian egongo gara. Holako elikagaiak lagungarriak izan daitekez dieta bat jarraitzeko, baina betikoa: etiketea ondo begiratu eta konparau energia kopurua elikagai erreferentziagaz. Beste arazo bat be sortzem da: ‘light’ diranez, razino handiagoak hartzen doguzala, pentsaurik ez deuskuela lodituko. Azkenean, dietatik kaloriak kentzeko helburua galtzen dogu eta askotan dieta desorekatuan sartzen gara konturatu barik.