Saharako azpiko Afrikako egoerea gero eta larriagoa
HIESAk eragindako umezurtzak
Hiesa be lurralde honen etorkizuna mehatxatzen dauen beste faktoreetariko bat da, gehienbat sektore produktiboei eragiten deutselako. Estadistikek adierazoten dabe biztanle helduen % 7 seropositiboak dirala, baina tasa hori % 25era be ailegetan da hainbat eremutan. Kutsaturikoen % 57 andrazkoak dira eta hainbat estadutan, 15 urtetik 24 urtera bitartean, kopurua ondoko hauxe da: kutsaturiko mutil bakotxeko hiru neska kutsatuta dagoz. 2003an lau miloe umek aita eta ama galdu eben gaixotasun honen ondorioz eta beste hamabik bietariko bat.
Bestalde, helduak makaltzen diranean, ikasleek eskolea bertan behera ixten dabe, etxean erantzukizun eta ardura gehiago hartu ahal izateko. Lurralde eremu honetan umeen heren bat ez dago eskolatuta; ganera, 1999an, kasu baterako, miloe bat ikaslek eskolea itxi behar izan eben arrazoi honen ondorioz. Zoritxarrez, prestakuntzea galtzeagaz batera, osasuna be arinago galduko da, gaur egunean ikasketa planik gehienetan prebentzinoaren gaia sartuta dagoalako.
Begiluzea
NBEren txosten batek dinoanari jarraituz, eremu hauxe da ongizate eta ekonomi indizeen arabera munduan atzera egiten dabilen lurralde bakarra.
1990etik 2001era bitartean, 86 miloe persona sartu ziran Sahara azpiko Afrikako pobreen zerrendan; une honetan, danetara, 313 miloe pobre dagoz, NBEk milurteko honen garapen helburuen ganean aurten atonduriko txosteneko datuen arabera. Munduko ganerako lurraldeetan zelan edo halango aurrerapenak izan dira epealdi horretan, ongizate eta ekonomi indizeei erreparatuta, baina Afrika baltzean muturreko miseria gorriak eta goseteek hazten jarraitzen dabe; ez dago lan produktiborik, HIESAren pandemia zabaltzen doa eta gatazka armatuek ez daukie etenik.
Pobreenen diru sarrerak txikiagoak
Aurreko astean Bilboko Koopera zentroan aurkeztutako agiriak sakon aztertzen dau zein izan dan XX. mendearen azken hamarkadan NBEk bultzatu eta Hegoaldeko bizi baldintzak hobetzeko zuzendutako proiektu orokor honen zortzi aldakien bilkaerea. Nazinoarteko erakundearen aurreikuspenak kontuan hartuta, 2015era bitartean urtero 80.000 miloe dolarreko inbersinoa behar litzateke, proiektua beteko dala ziurtatu ahal izateko.
Edozelan be, egoerea larriagotu da eta horrek galgea ipinten deutso proiektua beteteko aukereari. Dossierrean aitatzen diran faktore negatiboetarik nekazaritzearen geldialdia eta biztanleriaren hazkunde begetatiboa azpimarratu behar dira.
Txostenak zehazten dau goseteek jotako personarik gehienak landa eremuan bizi dirala eta, jateko guztia landaketen menpe egon arren, ez daukiela lanbide horretan jarduteko lurrik edo euren orubeen neurriak ez dirala oinarrizko beharrizanei erantzuteko baizen handiak. Ganera, kaltetuenen, hau da, egunean dolar batetik beherako diruagaz bizi diranen diru sarreren batez bestekoa murriztu egin da.
Urritasun egoereak, laguntzino falteak eta gaixotasun infekziosoen iraupenak umeen malnutrizinoa sortu eragiten dabe eta horrek argi azaltzen dau zergaitik diran hain handiak bost urtetik beherako hilkortasun tasak. Sahara azpiko Afrikan ohiko pisura ailegetan ez diran umeen kopuruak 1990ean izandako % 29tik 2003ko % 37ra igon dau.
Indarkeriak be bizitza ugari galtzea eta makina bat biztanle ezelango laguntza material eta sanitario barik lekualdatzea ekarri dau. Gorago aitaturiko epealdian bederatzi miloe persona hil ziran gatazka armatu handien ondorioz eta beste 15,6 miloe herrialde barruko lekualdatu edo atzerriko errefuxiatu bihurtu ziran.