Cervantes Institutuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena
Bizkaie!
Euskaltzaindiak eta Cervantes Institutuak lehenengo lankidetza-hitzarmena sinatu eben garagarrilaren 28an, Akademiaren egoitzan. Hitzarmen honen helburuari jarraituz, euskal hizkuntzea eta kultura bultzatuko dabe bi erakundeek, batez be Espainiatik kanpo eta Instituto Cervantesen zentroen bitartez.
César Antonio Molina Cervantes Institutuko zuzendariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatutako hitzarmen horri esker, Instituto Cervantesek bere zentroen erabilgarritasunaren arabera, eta aurretik Euskaltzaindiak eskaria eginaz, lekua itxiko dau bere zentroetan, euskal kulturea zabaltzeko jarduerak egin daitezan, Euskaltzaindiak bere izenean bakarrik edo Instituto Cervantesegaz batera antolatuak.
Bestalde, Instituto Cervantesek eta Euskaltzaindiak euskal hizkuntzea eta kulturea zabaltzeko egitarauak bultzatzea erabagi ahal izango dabe. Horretarako, Euskaltzaindiak Instituto Cervantesentzako aholkularitza lana egingo dau, euskerea irakaskuntza zein zabaltzeari jagokonean.
Hitzarmenak zehazten dauenez, Instituto Cervantes eta Euskaltzaindia bat datoz euren argitalpenak eta bibliografia informazinoa trukatzeaz, bien onurarako diranean, bi erakundeek erabilpenerako dabezan baldintzen arabera.
Bi aldeek Jarraipen Batzorde bat eratuko dabe, bakotxaren hiruna kidez osotua. Instituto Cervantesetik, Kultura zuzendaria, zuzendari akademikoa eta Diplomen eta Kanpo Kudeaketearen zuzendaria izango dira; Euskaltzainditik, barriz, idazkaria, diruzaina eta Iker sailburua.
Hitzarmen honek bi urteko indarraldia izango dau.