Kulturea  IV. urtea // 121. zenbakia

Radiokultura.com irratiak irailean hasiko ditu emonaldiak


Bizkaie!

Hazparneko Eihartze kultur etxean izango dau egoitzea Internet bidez emitiduko dauen Radiokultura.com irratiak. Internet bidez bakarrik emitiduko dauen Euskal Herriko lehen irratia izango da eta ezustekorik ezean, irailaren amaieran hasiko dira programak Sareratzen.

Euskaltzale talde baten ekinbidez sortu da proiektua, euskal kulturara hurreratu gura dauen jentearengana heltzeko asmoagaz. Frekuentzia barriak lortzea ezinezkoa dala ikusita, Internet bidezko ahalegina egitea aproposa otu jaken, ganera, Sareak eskaintzen dituan aukerak kontuan hartuta. Ipar Euskal Herriko gazteakana heltzea da erronkea baina munduko edozein bazterretatik entzun ahal izango da programazinoa. Irratiaren koordinatzailea dan Mikel Etxebarriak jakinarazo dauenez, entzuleek eurek zuzendu eta osotu ahal izango dabez programak, era horretara, norberaren gustuen araberako irratia eginaz. Emonkizun, kronika eta erreportaia banku bat egongo da, idatzizko informazinoagaz eta entzuleak gura dauen orduan entzun ahal izango ditu. Horrezaz ganera, egunean 24 orduko emisinoa egongo da eta gehienbat, euskal musikea zabaltzea da asmoa. Euskal kantagintzearen bilaketea eta grabazinoa egiten dabil Sylvie Borthaire, programa berezi baten bitartez 24 orduko emisinoan eskaintzeko. Kronika labur didaktikoak be izango dira euskeraz eta frantsesez eta euskaldun barrientzat, euskerazko alkarrizketak be entzun ahal izango dira baina erritmo lasaian ulertzeko arazorik izan ez daiten.

Irratiak ez dau eguneroko albisteeen jarraipenik egingo eta, batez be, euskal kultureagaz lotutako barriak zabalduko dira ezelako folklorismorik barik. Euskal Herriaren aurpezpen kulturala, historikoa eta soziala egitea da asmoa. Helburu hori bete ahal izateko alkarte eta laguntzaile sare bat izango dabe.

Gorago esandako moduan, Radiokultura.com irratia Sarean zabaltzean, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan eta mundu osoan jaso ahal izango da. Euskal diasporara heltzea interesgarria dala uste dabe proiektuko arduradunek.

Oraingoz, diru-laguntzinoen zain dagoz irratian, udagoienean lantaldea martxan jarri ahal izateko.