Euskal Herriko eta disporako genealogistak batzeko alkartea sortu barri dabe
Iratxe Ormatza
Pasa dan astean Iruñean egindako Euskal Genealogisten IV. Batzarrean erabagi eben Aintzinako Elkartea abiarazotea. Helburu nagusia Euskal Herriko eta disporako genealogistak batzea da, izan be, sarean genealogiari lotutako web orrietako egileek ikusi izan dabe jakinmin itzela dagoala gaiaren inguruan. Aintzinako Elkartearen egoitza nagusia Iruñean dago baina ordezkaritzak izango ditu lurralde guztietan.
Internet izan da genealogistak batzeko abaiapuntua eta helmugea. Hori dala eta, sareari daukan garrantzia emongo deutsie hemendik aurrera, besteak beste, diasporako lagunakaz batzeko bide ezin hobea dalakoan. Laster, sarean web orria zabalduko dabe, zaleek genealogiarako atea zabalik izan dagien.
Euskal Herri osoan genelogiaren gaia ez da jorratu modu berean. Ipar Euskal Herrian aspalditik alkarteak dagoz genealogian interesauta dagozanentzat.
Hego Euskal Herrian, ostera, gero eta zale gehiago egon arren, alkarteak ez dagoz hain zabalduta. Sasoi batean, gaian sakontzen ebenak, gehienbat, jubiladuak ziran, baina gaur egun, gero eta gazte gehiago dagoz genealogiaren inguruan.
Aintzinako Elkarteko kideek esan dabenez, abizenen haritik atzera XVI. mendera arte joan leiteke Hego Euskal Herrian, eta XVII. mendera arte, Ipar Euskal Herrian. Diasporako euskaldunek apur bat gatxago daukie, aurretik euren arbasoek egindako bidaiaren eta ondorengoaren barri izan behar dabelako. Halanda be, esperientzia ederra izan daiteke atzera joatea eta ikusi norbera nondik datorren eta aurrekoek be zer egin daben jakitea.