Antxina-barri  IV. urtea // 121. zenbakia

Inpernuko sua


Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Suteak izan doguz azken egunotan barri. Uda sasoia aproposa da ganera holakoetarako; beroa, sikatea eta euri faltea baldintza aproposak dira suak bere lana egiteko. Horri gehitzen badeutsaguz haizea eta batez be gizonaren eragina, emoitzea benetan negargarria izango da.

Euskal Herrian izan doguz sute ederrak eta ez bakarrik landa eta mendietan, Guadalajaran pasau dan lez, herri handi zein txikietan baino. Eta suak herri txikiren bat beregan hartzen ebanean, ez egoan suari aurre egiteko aukera handirik. Holan izan da behintzat oraintsura arte. Zorionez, gaur egun herriak preparauta dagoz suteei erantzuteko.

Hurrengo lerroetan orain dala mende batzuk, suak izandako eraginaren adibide batzuk emongo doguz.

Lehenengo eta behin, kontuan hartu daigun zelako herriak ziran gure inguruetakoak orain dala mende batzuk. Gehien bat egurra zan nagusi eta material honegaz egiten ziran ia gauza guztiak. Jauntxoen torretxeak, eraikin publikoak, berbarako udaletxea, eleizea...; kofradia kenduta, beste guztiak egurrezkoak ziran. Ganera, bata bestearen gainean eregiten ziran, leku gitxian hainbat etxe. Horrezaz ganera, orduan herri barruetan ziran etxe askotan abere edo animaliak izaten ebezan etxeko behekaldeetan, batzutan ezkaratzagaz batera eta goiko pisuan bizi ziran familiakoak. Beraz, etxe barruetan be, bedar sikua eta lastoa pilatzen zan abereei jaten emoteko. Kontuak kontu, sua behin piztu edo zabaldu ezkero, amatatea oso gatxa izaten zan. Ganera, kostaldeko herrietan arriskua handiagoa izaten zan, herri horreetan sarri gordetan ziralako etxeetan arrain koipeak.

Holakoren bat pasau zan Bermeon eta herri hau hartu geinke adibide argi modura. Bermeo hainbat bider erre zan. 1297ko irailaren 8an, 1347ko urriaren 20an, 1360ko zemendiaren 10ean, 1399an, 1422an eta 1504an.

1722ko martiaren 24an, Crescencio Etxebarriaren etxean hasi zan sua, eta orduan egoan haizearen eraginez, berehala zabaldu zan herri osora baita Talako eleizara be. Bermeotarrek, ikaratuta, sakristian gordeta egoan polborea Santa Clarako baseleizara eroan eben eta bardin egin eben eleizan ziran baliozko gauzakaz eta kaliza bera be lekuz aldatu beharra egon zan. Danetara, urte horretako suteak 42 etxe erre ebazan.

Sarri pasetan dan moduan, ezbeharren ondoren etorten dira neurriak; bermeotarrek suak eragozteko arau barriak zabaltzea pentsau eben. 1753an zabaldutako arautegian etxean lastoa eukitea galarazoten zan. Sabai zein kortetan gabaz sua biztea be legez kanpokoa zan eta beste horrenbeste portuan sartzen ziran ontzietan be.

Durangon, edo orduko Tabiran be sute eta ondorio latzak izan ziran. 1554ko martiaren 11an, domekea hain zuzen be, haize itzela zabaldu zan Durango osoan. Haize bolada batek, Artekalen zan Martin Orozkietaren oinordekoen tela fabrikea guztiz erre eban. Handik beste etxe batzutara zabaldu zan sua, haizeak berak lagunduta. Danetara, 600 etxe erre ziran harresiaren barruan, eta pentsau beharra daukagu XVI. mendeko Tabirak ez ebazala askoz be etxe gehiago izango sasoi horretan.

Hilaren 28an, sutea amatau eta gero, erretakoaren ondorioak balorau eta urtenbidea emoteko, Durangoko biztanleak Pedro Martinez de Arratia jauntxoaren oinordekoen etxean batu ziran, udaletxea bera be erreta, hondatuta egoalako. Batzar horretan korrejidoreak bialdutako aginduen barri emon zan. Agindu honeen artean herria garbitu eta etxe eta eraikin zatiak erretiretea agintzen jaken.

Irailaren 30ean Udalak, hurrengo hamar urteetarako 30.000 maravediko diru laguntzinoaa lortu eban. Gero dirulaguntzino hori beste hamar urterako luzatu zan. Ganera, korrejidoreari soldata modura pagau beharreko 9.000 maravedi ez pagetako baimena izan eban Durangok. Dirulaguntzino horreei esker, Durango barriro eregi zan.

Dana dala, Bermeo edo Durangoko kasuak baino ez doguz aitatu baina Elgoibarren be 1560ko bagilaren 16an izandako sutea eta 1617ko martiaren 24koa be nabarmendu geinkez; azken horretan, herrian ziran 107 etxetatik 92 erre ziran.

Gerrikaitz herri txikian, 1628ko urriaren 30ean sute ikaragarria izan zan eta, danetara, 30 ola erre ziran, herrirako diru galera itzela eraginez.

Horrexek ba adibideetako batzuk, baina ez daigun pentsau bakarrak diranik, ia herri guztietan izan ziralako suteak, eta horreen lekuko oraindino herri askotan bizirik dagozan etxe erreen anaiarteko edo ermandadeak, baserri zein herrietarako arrisku eta galerarik haundia zan sutearen eraginei aurre egiteko sortutakoak. Baina hau beharbada beste artikulu bateko gaia izan leiteke.