Jan-edanak  I urtea // 15. zenbakia - 2002ko abenduaren 1a

Ardaoaren Legea


Ardaoaren Legea polemika iturri

Legearen txostenak hainbat polemika eta eztabaida sortarazo ditu, aitagarriena, Jatorri Deituren funtzionamendu barriaz izan da. Orain arte, Jatorri Deituren Kontseilu Erregulatzaileak izan dira euren eremuetako ardaogintzaz kudeaketa eta kontrol sistemak aplikau dituenak, hau da, Kontseilu Erregulatzaileek euren arauak ezartzen izan ditue eta arauak betearazoteaz be arduratzen izan dira. Aurrerantzean, barriz, Kontseilu Erregulatzaileek arauak ezarriko ditue orain arteko moduan baina beste organo independiente bat arduratuko da arauok betearazoteaz eta kontrolaz. Ez da ahaztu behar Kontseilu Erregulatzaileak mahastien eta upeldegietako jaubeen esku dagozala eta, jakina, boterea galtzea ez da inoren gustokoa izaten.

Bestalde, Estadu mailan egindako legearen aurrean, Eusko Jaurlaritzeak lege propioa aurkeztu dau, Europako Batasunean nahiz Espainian egiten diran sektore bereko legeak aintzat hartuz. Hain zuzen zemendiaren 19an, Biasterin (Arabako Errioxan) Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua batzartu zan Euskal Autonomia Erkidegoko Ardaoaren Lege aurreproiektua onartzeko. Legearen helburua ardaogintzea arautu eta kalidadezko ardaoen produkzinoa bultzatzea da. Onartu ondoren, proiektua Eusko Legebiltzarrera pasau da, haren tramitazinoari ekiteko. Gazteiztik jakinarazo dabenez, EAEko Ardaoaren Legea bateragarria izango da espainiakoagaz.

Ivan Vega Alberdi,
Enologoa

Anabasea ardaogintzaren arloan?

Ardaoaren lege barriaren proiektua dala eta, azken asteotan hainbat albiste kaleratu dira. Alde batetik, urriaren 18an espainiako gobernuko Ministro Kontseiluak, estadu mailan ardaoaren produkzinoa eta merkatua araupetzen dauen legearen txostena onartu eban. Ministro Kontseilutik pasau ondoren, parlamentuko tramitea pasau beharko dau; eztabaida saioetan aitatutako legearen egokitasunaren ganeko kontuak jorratuko ditue eta egoki eretxi ezkero, aldaketak be egingo deutsiez. Lege barriak, 1970etik indarrean dagoan legea ordezkatuko dau. Hainbat ekarpen barri dakarz eta labur-labur baino ez bada be, horreek danak azaltzen ahaleginduko gara.

Lehenengo eta behin, argitu behar da ardaongintzea legeztatzen daben instituzinoak hainbat dirana, bata bestearen gainetik dagozanak hain zuzen: Estadu espainiarra Europako Ekonomia Erkidegoan sartu zanetik, Bruselako instituzinoak dira Europako estaduen nekazaritza politikea zehazten dabenak. Ondoren, Estadu desbardinetako gobernuek, Europako araudiak jarraituz, euren lege propioak ezartzen ditue. Beste alde batetik, Autonomia Erkidegoek, euren lurraldeetan kasuan kasuko legea ezartzen dabe eta, azkenik, Foru Aldundiek be euren eskariak egiten ditue. Beraz, sare instituzional honetan ez da erraza argi izpiren bat topetea. Halan da be, espainiako gobernuak eta parlamentuak aurrera daroen txostena bete beharreko erreferentzia izango da.

Ardaoaren Legea

Legearen txostenak lau titulu bereizten ditu. Alde batetik, mahastiaren ustiaketeari jagokon titulua; bestetik, ardaoen kalidadea eta lurralde eremuak zehazten dituan atala. Hirugarrenak, zigor araubidea ezartzen dau. Azkenik, legeak Espainiako Ardaogintza Kontseiluaren sorreraren ganeko jakingarriak dakarz.

- Lehenengo titulua. Laborantza metodoak eta lortutako produktuen definizinoa egin ondoren, landaketea, landaketa barriak, mahastiaren ureztatzea, txaptalizazinoa eta mahastiei kendu beharrekoa araupetzen ditu.

- Bigarren titulua. Ardaoen kalidadearen araberako izendapenak aitatzen dira. Nobedade edo barrikuntza legez, lur eremu jakin bateko ardaoen izendapena lehenengoz aintzatesten dau legeak. Ardao horreek 'Vinos de Pago' izenekoak izango dira eta kalidade mailan Jatorri Deiturea daben ardaoen gainetik egongo dira. Euren funtzionamendua, Jatorri Deiturearen antzekoa izango da eta era independientean antolatuko dira; hori guztia kontuan hartuta, Frantziako 'Grand Cru'-ak bezela, aurrerantzean posible izango da mahasti jakin batek bere izendapen propioa izatea. Izendapen horreek lortzeko legeak zenbait betebehar dakarz. Lehenengo eta behin, 'Pago' esaten jakon lurzoruan, ingurukoagaz zerikusirik ez dauen mikroklimea eta ezaugarri edafologiko propioak egotea nahitaezkoa izango da; leku horretako mahatsagaz egindako ardaoak kalidade, prezio eta errekonozimendu gorena izan behar dau izendapena lortu aurretik. Bestalde, lur eremuaren izena, merkatuan ardaoa identifiketako, gitxienez 5 urte lehenagotik erabilia izan behar da.

Betebeharren artean, lur-eremuaren jaubeek bakarrik produzidu eta botilaratu leikie ardaoa eta upeldegia lur-eremuan edo haren inguruan egon behar da kokatuta derrigor. Ardaogile batzuk kritikau egin dabe klasifikazino hori euren ustetan 'Vinos de Pago' izeneko ardaoak klasifiketako erispideak nahiko zehaztubakoak diralako.

- Hirugarren titulua. Zigor araubidea azaltzen da. Honeek zigor administratiboak dira legearen arabera.

- Azkenik, laugarren tituluak, “Espainiako Ardaogintza Kontseiluaren sorrerea aitatzen dau. Organo kontsultiboa izango da eta bertan, Estaduko administrazioa, Autonomia Erkidegoak eta ardaogintzan zeresana daben ekonomia eta gizarte mailako erakundeak ordezkatuta egongo dira. Kontseilua, legea betearazoteaz arduratuko da eta, ganera, eztabaidarako foroa be izango da.