Robotak: nagusien bihar-etziko laguntzaileak
Gotzon Plaza,
informatikoa
Aspaldiko urteotan etorkin asko ikusten dogu gure kaleetan, Ekialdeko Europako herrialdeetakoak (Errusia, Ukrania, Errumania), Afrikakoak (Marokotik eta Sahara azpiko guneetakoak) eta Hego Ameriketakoak. Azken horreek asko ugaldu dira, gaztelaniaz berba egiteak emoten dauen erraztasunagaitik edo. Herrialde horreetako jente asko gure aitita-amomak jabotera etorri dira. Badakizue, erresidentziak oso karu dagoz eta nonor behar izaten dogu gure nagusiak jaboteko. Ikerketa guztiek erakusten dabenez, gaurko gizartea zahartzen doa urtetik urtera, alde batetik, gero eta gehiago bizi garalako eta, bestetik, gero eta ume gitxiago jaioten dalako (azken urteotan jaiotzen taseak gora egin dauen arren).
Egoera hau ez da Euskal Herrikoa bakarrik, izan be, Europa eta Ipar Ameriketan be antzera dabiz eta arrazoi bardintsuengaitik. Hori dala eta, etorkin askoren lanbidea hauxe da, herrialde garatuetako nagusien jabole eta zaintzaile izatea. Konturatu bazarie, herrialde garatuenetatik Ekialde Urruneko herriak ez doguz kontuan hartu, batez be Japonia. Kasua apartekoa da eta emoten jakon erantzuna be bai.
Jakina, Japonian be gizartea zahartzen doa. Baina bertako jentea nahiko berezia da: nahiz eta sarritan autortu ez (edo bai) Japoniako gizartea nahiko (edo guztiz) arrazistea da. Hau da, bertakoa ez bazara ez zaitue begi onez begiratuko. Eta orduan zer izango litzateko atzerriko jentea (herrialde pobreetako jentea) euren herriadera joango balitz? Ez jauna, ezta pentsau be. Orduan, zein izango litzateke gero eta zaharragoa dan gizarteak behar dauen konponbidea?
Konponbidea bai Japonian bertan eta bai Kanadan topau dabe; Kanadako enpresa batek Applied AI Systems izenekoak persona nagusientzako gurpildun jesarleku berezia garatu dau. Enpresa horretako presidentearen (Takashi Gomi jauna, Japonian jaioa baina Kanadako pasaportea daukana) esanetan, gurpildun jesarleku horrek ez dau behar bezeroaren besoen indarrik eta aurrean daukazan trabak “ikusi” eta ebitetako preparauta dago. Persona nagusiek ez dabe asmakizun horregaz laguntzarik behar izango euren joan-etorrietarako.
Horrezaz ganera, ikertzaile japoniar asko jo ta ke dabiz robot laguntzaileak garatzeko bidean. Japoniako industriak badaukaz bai makinatxu bat robot baina gizarterako eta ekintza sozialetarako be gaitasuna daukiela aztertu dabe: bai etxean laguntzeko, bulegoan, ospitaletan eta beste leku batzuetan. Bertako gobernuaren txosten batean agertu dan lez, 2015. urtean robot ez industrialen eskabidea urtero 1.100 miloi yen-ekoa izango da. Pentsaizue, ordurako Japoniako biztanleriaren laurenak 65 urte edo gehiago eukiko dauz. Akaso, jente gazterik ez da egongo zaharrak jaboteko baina bai euren ordez robotak, gero eta aurreratuagoak.